Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak dekretu bat onartu du osasun arloko langile ez direnek ere desfibriladore automatikoak erabili ahal izan ditzaten, betiere Osakidetzako larrialdi zerbitzuen azalpenak betez. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian joan den abenduaren 27an argitaraturiko 337/2010 dekretua da, hain zuzen, aurreko dekretu batzuk eraldatzen dituena, Europako araudira egokituz.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, "garrantzi handiko ekimena da", kontuan hartuta osasun-prestakuntzarik gabeko pertsonak izan ohi direla berehalako desfibrilazio prozesua eskatzen duen egoera bati aurre egin behar izaten diotenak. Kasuotan, erabakigarria gerta daiteke ahalik eta azkarren jardutea, larrialdietako taldeak iritsi bitartean. Izan ere, kanpoko desfibriladore automatikoak bereziki diseinatuta daude leku jendetsuetan erabiltzeko.
Nolanahi ere, horrelako desfibriladore bat instalatu nahi duten pertsona fisiko nahiz juridikoek Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailari jakinarazi beharko diote, aldez aurretik. Era berean, bere kokapen zehatza eta ezaugarri teknikoak adierazi beharko dituzte. Hala, ezarritako desfibriladoreen erregistro bat dauka Osasun eta Kontsumo Sailak eta horrek erraztu egiten du larrialdi-zerbitzuen lana, horrelako gailu bat eskura non dagoen jakinaren gainean jarriz.
EUSKAL HERRIA
Osasun arloko langile ez direnek desfibriladore automatikoak erabili ahal izateko dekretua onartu du Jaurlaritzak
Osakidetzako larrialdi zerbitzuen laguntzaz eta horren azalpenak betez erabili beharko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu