Osasun etxeetan batzea nahi dute pediatrek

Pediatra bakoitzari mila haur eman eta zenbait lan erizainen esku utzi asmo ditu Jaurlaritzak; okerra dela salatu dute

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Pediatra eskasiari aurre egiteko neurri okerrak hartu asmo ditu Eusko Jaurlaritzak, mediku horien elkarteek salatu dutenez. Pediatra bakoitzaren esku mila ume jarri nahi dituzte —orain baino ehun gehiago—, eta lan batzuk erizainei eman. Medikuek diote kalterako dela hori. Erroko arazo bat dela onarturik ere, bestelako proposamen bat egin dute pediatrek: osasun etxe handienetan batzea umeen medikuak, hartara baten hutsunea beste batek betetzeko modua izango luketelako. «Behin-behineko konponbidea litzateke hori, eta betiere ahalik eta nahasmendu gutxien eragin beharko litzaieke familiei», adierazi du Juan Montianok, EAEko eta Nafarroako pediatren elkarteko presidenteak.

Egiturazko arazoa da umeen mediku falta. «Unibertsitatean leku gutxi daude, eta ikasleek atzera egiten dute, ikasketak egiteko nota altuak eskatzen dituztela», dio Montianok. Areago, nabarmendu du kanpotarrak ere etortzen direla ikastera, eta gero atzera bueltan joaten direla beren herrialdera. Asteon, hain zuzen, hori bera salatu dute EHUren Medikuntza Fakultatean: kanpotarrek betetzen dituztela lekuak unibertsitatean, eta bertakoentzat gero eta gutxiago daudela. Hala medikuen kopurua gutxituko dela ohartarazi dute.

Eskas dabiltza gaur egun ere, eta neurriak iragarri ditu Jaurlaritzak. Mediku bakoitzaren esku mila ume jartzea —gaur egun 900 dituzte batez beste, baina haiek diote gehiago dituztela—, eta lan batzuk erizainei ematea. «Ez da hori zuzena: pediatrak eta erizainak, biek, hartu behar dute parte umea artatzeko orduan», dioPedro Gorrotxategik. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pediatren elkarteko presidentea da. Argitu du ohiko osasun azterketak eta horrelakoak utzi nahi dituela Osasun Sailak erizainen gain.

Atzera egiteko eskatu diote sendagileek Jaurlaritzari. Haien arabera, mediku bakoitzaren gain jarritako umeen kopurua handituta, Jaurlaritzak postuak gutxitu asmo ditu. Hori ez, proposamen gisa Osasun Sailari eskaini diote osasun etxeetan batzea. Etzi dira biltzekoak bi aldeak. Gorrotxategik iragarri du pediatrak aztertzen ari direla grebaren bat egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.