Ikuskizun zegoen zer gertatuko zen Eusko Jaurlaritzak bultzatutako osasun itunarekin. Argitu berri da. Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak iragarri duenez, eragileak biltzen dituen mahaiak aho batez onartu ditu 24 dokumentuetatik erdiak, eta «adostasun zabala» lortu du gainerakoetan. Pozik agertu da Martinez: «Akordio historikoa da».
Alderdi batzuek goizerako iragarri dute nola jokatuko duten. EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik Euskadi Irratian adierazi du koalizioak zer egingo duen: 11 ildo estrategikoren —besteak beste, lehen arretari dagokiona— alde bozkatuko du, zortziren aurka, eta bostetan abstentziora joko du.
Horrenbestez, zenbait puntutan ados jartzea lortu dute; beste batzuetan, aldiz, ez. Dena dela, Otegik nabarmendu du «negoziatzen» segituko dutela eta nork berea defendatzeko aukera izango duela Eusko Legebiltzarrean.
Azaldu duenez, EH Bilduk lantalde guztietan parte hartu du, eta ados dago metodologiarekin, ituna «denen artean» osatzearekin. Halere, parte hartzaileen inguruko zalantzak ere baditu: «Confebask noren ordezkari da osasun publikoari buruzko eztabaida batean?».
Eztabaidarik handiena sortu duen puntua hauxe da: arlo publikoaren eta enpresa pribatuen arteko harremanari buruzkoa. Ezezkoa emango dio EH Bilduk: «Oinarrizko eskubide batzuk ezin dira merkatuaren mende utzi, ezta onura ekonomiko baten bueltan antolatu ere».
PPk ere ez ditu ildo guztiak onartu: hamalauri eman die baizkoa. Horrenbestez, Laura Garrido Eusko Legebiltzarreko PPren bozeramaileak esan du itunean jarraituko dutela. Baina «eszeptikoak» ere badira, eta, horregatik, ziurtatu du «jarraipen zehatza» egingo dutela.
Beste alderdi batek bilera hasterako iragarria zuen zer egingo zuen: Sumarrek ez du osasun ituna babestuko. Jon Hernandez legebiltzarkideak eman du arrazoia: «Osasungintza pribatua egotea normalizatu da, baita azpikontratatzeen eredua ere». Dioenez, bestelako eredu batean sinesten dute: «Guk osasungintza publikoaren aldeko apustua egiten dugu; horrek soilik berma dezake ekitatea».
Sumar ez da kanpoan geratu den bakarra. Esaterako, LABek esana du ez duela osasun ituna babestuko, eta mahaia utzi zuen, Eusko Jaurlaritzak ez diolako «mugarik jarri negozio pribatuari».
Alderdi politikoak ez ezik, beste eragileak ere ari dira arian-arian zer egin duten argitzen. SATSE erizainen sindikatuak, kasurako, ez du osasun ituna sinatu, hiru ildotan «desadostasunak» dituztelako: langileen politikan, zerbitzu multzoan eta lankidetza publiko-pribatuaren ereduan. Uste dute arlo horiek «erabakigarriak» direla eta itunaren gainerako alderdiak «baldintzatzen» dituela.
Beste hainbeste egin du CCOOk: ez du ituna izenpetu. Haien esanetan, «hobekuntza jakin batzuk» badakartza. Baina: «Ez dira hobetuko zenbait kontu estruktural: lankidetza publiko-pribatua, lehen arretaren egoera eta hizkuntza eskakizunen sistema».
«Modu oso positiboan»
Eusko Jaurlaritzaren izenean, Maria Ubarretxena bozeramailea mintzatu da. Gainontzekoak baino baikorragoa izan da. Uste du osasun ituna erdiesteko ibilbidea gaur bertan amaituko dela, «modu oso positiboan»: «Orain, diagnostiko hori oinarri hartuta, lanean hasteko garaia da». Onda Vasca irratian nabarmendu du Osasun sailburuak «lan handia» egin duela: «Adostasun askotara iritsi gara 24 lan ildoetatik 22tan».