LABek ez du osasun ituna babestuko, Jaurlaritzak ez diolako «mugarik jarri negozio pribatuari»

Sindikatuak salatu du mahaiaren benetako helburua ez dela inoiz izan «sakoneko aldaketak egitea». Nolanahi ere, bihar itxiko dute osasun ituna, eta Alberto Martinez Osasun sailburua baikor azaldu da: adostasun zabala lortzeko itxaropena du.

Irati Tobar —atrilean— eta Garbiñe Aranburu —eskuinean—, gaurko agerraldian. LAB
Irati Tobar —atrilean— eta Garbiñe Aranburu —eskuinean—, gaurko agerraldian. LAB
kristina martin
DONOSTIA
2025eko ekainaren 26a
15:49
Entzun 00:00:0000:00:00

Bihar bilduko da azken aldiz osasun itunerako mahaia. Hamar hilabetez prozesuan parte hartu duten eragileek bozkatuko dituzte behin betiko dokumentuak. Lantalde guztien artean, lankidetza publiko-pribatua jorratu duenean sortu dira desadostasunik handienak. Horren erakusle da gaur, azken bileraren bezperan, LABek jakinarazitako erabakia: hasiera-hasieratik prozesuan egon den sindikatuak mahaia utzi du, eta ez du ituna sinatuko. 

Eusko Jaurlaritzaren ekimenez osatu zen osasun itunerako mahaia, iazko irailean. Osakidetza hobetzea zuen helburu, eta osasungintzako hainbat eragileri egin zieten prozesuan parte hartzeko gonbita. LABek mahaian parte hartzea erabaki zuenean marra gorri bat ezarri zuen prozesuan aurrera egiteko: Osasun Sailak pribatizazioari eta kontzertazio politikei mugak jarri behar zizkiola. Sindikatuaren ustez, gaur egun osasun itunak ez du hori bermatzen.

LABek gaur plazaratu du mahaia uzteko erabakia, baina ez da ezustekoa izan. Azken asteotan behin baino gehiagotan ohartarazi du ez zuela ituna babestuko Osasun Sailak osasun publikoaren aldeko erabaki sakonak hartu ezean. «Jaurlaritzak ez du ziurtatu osasun sisteman arreta baliabide publiko eta propioen bidez eskainiko duenik», esan du Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak. «Negozio pribatuari ez diote mugarik jarri nahi izan», erantsi du.

Imanol Pradalesen gobernuak legealdia hasi eta gutxira osatu zuen osasun mahaia, eta hori positiboa da, LABen aburuz. Hala ere, sindikatuak salatu du mahaiaren benetako helburua ez dela inoiz izan «sakoneko aldaketak egitea osasun sisteman arreta baliabide publiko eta propioen bidez emateko». Haien iritziz, prozesu osoan «lobby pribatizatzailearen interesak egon dira erdigunean».

LABek argitu duenez, osasun itunean parte hartzea erabaki zuenean, bazekiten «mahaia borrokarako eremua» zela, eta hasieratik argi utzi zuten zeintzuk ziren Jaurlaritzarengandik lortu nahi zituzten konpromisoak. Lau erronka ezarri zituzten: Osakidetzan diru gehiago inbertitzea, eremu pribatuarekiko menpekotasuna murriztea, pribatizazio eta kontzertazioaren mapa egitea eta horien publifikaziorako plan bat egitea, eta, azkenik, profesionalen esklusibotasuna.

Aranburuk esan duenez, Eusko Jaurlaritzak «ez du horretan sartu nahi izan». Adostasuna irudikatu nahi izan dutela antzeman du LABek: «Pintura geruza bat jarri nahi izan dute, eta guk ez dugu gobernua zurituko».

«Pintura geruza bat jarri nahi izan dute, eta guk ez dugu gobernua zurituko»

GARBIÑE ARANBURULABeko koordinatzaile nagusia

Prozesuaren balorazioa egitean, LABek nabarmendu du «bi eredu antagoniko» egon direla: alde batean, publikoaren aldeko apustu sendoa egin dutenak —eragile sindikal eta politikoak—, eta, beste aldean, «Osakidetzaren pribatizazioa babestu eta ontzat eman dutenak». Bigarren talde horri dagokionez, gobernua osatzen duten bi alderdiak —EAJ eta PSE-EE—, PP eta Confebask aipatu ditu Aranburuk.

Metodologia, «modu interesatuan»

LABek salatu du Jaurlaritzak lantaldeen metodologia «modu interesatuan» erabili duela haren gustukoak izan diren proposamenak mahaira eramateko. Jokaera hori, hain zuzen, salatu zuten joan den astean lankidetza publiko-pribatuaren lantaldean parte hartzen duten hainbat eragilek —EH Bildu, Sumar-IU, SATSE, CCOO, LAB, UGT eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizarte langileen elkargo ofizialak—.

Ohar bateratu batean salatu zutenez, gehiengoz onartutako proposamena baztertu zuen Jaurlaritzak, eta horren ordez eragileekin adostu gabeko beste proposamen bat aurkeztu zuen. Gehiengoaren babesa lortu zuen proposamenean bi helburu aipatzen ziren: zehazki, Osakidetzak zerbitzua «baliabide publiko eta propioekin» eskaintzea lehenestea, eta alor pribatuarekiko dependentzia murriztea. Baina, oharrean esan zutenez, Confebask eta beste eragile batzuk ez zeuden ados proposamen horrekin, eta Jaurlaritzak, bere kasa, beste proposamen bat aurkeztu zuen. Errespetu falta izan zela iritzi zioten sinatzaileek.

Osasun sailburua, baikor

Alberto Martinez Osasun sailburua baikor azaldu da gaur. Bihar egingo da osasun itunaren 24 dokumentuen bozketa, eta espero du adostasun zabala lortzea. Martinezen esanetan, lankidetza publiko-pribatuak ez ditu osasun eragileak urruntzen, gai horren inguruan bozkatuko den dokumentuak eragile askoren adostasuna lortu duelako. Hori dela eta, prozesu horretan parte hartzen ari diren eragile guztien konpromisoa eskatu du, akordio bat lortze aldera. Hala ere, ikusteko dago, LABen ezezkoaren ostean, EH Bilduk eta Sumarrek zer jarrera hartuko duten.

Lankidetza publiko-pribatuaren gaiak sortzen du errezelorik handiena bi alderdi horietan. EH Bilduk ez du argitu ituna sinatuko duen ala ez. Hala ere, gaur Nerea Kortajarena koalizio horretako legebiltzarkideak gogorarazi du hauteskundeetan herriak argi utzi zuela osasun publikoa babestea nahi duela, eta gobernuari dei egin dio herriaren aginduari jaramon egiteko.

Kortajarenak gogora ekarri du EH Bilduk proposamen bat egin zuela osasun sisteman enpresa pribatuen esku uzten ari diren zerbitzuak kontrolatzeko eta progresiboki berreskuratzeko. Horren harira, galdera bat jarri du mahai gainean: «Zergatik ez dute EAJk eta PSEk hori eztabaidatu nahi? Ados ez daudelako? Ez dakigu».

Sumarrek ere oztopoak ikusten ditu ituna babesteko, LABek eta EH Bilduk bezala, pribatizazio politikak direla eta. Gaur egungo ereduak zerbitzuen kanporatzea bultzatzen duela salatu du Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak, eta gogorarazi du ez daudela horrekin ados.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.