Osasun Sailak %1 murriztuko du zerbitzu pribatizatuetarako dirua 2026an

5.327 milioi euroko aurrekontua izango du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, aurten baino %4,1 gehiago. Kopuru horren hiru laurden baino gehiago Osakidetzako langileentzat izango dira (4.276,6 milioi), eta gainerakoa azpiegiturak berritzeko erabiliko da.

Alberto Martinez Osasun sailburua, gaur, Eusko Legebiltzarreko agerraldian. IREKIA
Alberto Martinez Osasun sailburua, gaur, Eusko Legebiltzarreko agerraldian. IREKIA
edurne begiristain
2025eko azaroaren 5a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ez da diru kopuru handia, baina bai urrats esanguratsua». Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak hitzokin azaldu du zenbat murriztuko den datorren urtean Osakidetzaren eta osasungintza pribatuaren arteko lankidetzarako jarritako dirua. Denera 178 milioi euro jarriko ditu Osasun Sailak itundutako zerbitzuetarako; hau da, aurten baino %1 gutxiago. Besteak beste, urtarrilean Tolosa, Elgoibar eta Donostialdeko (Gipuzkoa) anbulantzia zerbitzuak publifikatuko dituzte, eta milioi erdi bat euro gutxiago jarriko dute borondatezko haurdunaldia eteteko kliniketarako, Martinezek jakinarazi duenez. Jaitsiera apala izanagatik ere Osasun Itunean jasotako konpromisoekin bat datorrela adierazi du sailburuak. «Sistema publikoa are publikoagoa izango da 2025ekoarekin alderatzen badugu».

Martinezek Osasun Sailaren aurrekontua aletu du Eusko Legebiltzarrean. Azpimarratu du Osasun Itunak zeharkatzen duela ia egitasmo osoa, eta hiru helbururi erantzun nahi diotela: «Osasun zerbitzu publikoa indartuko dugu, eraldaketan esku hartuko dugu eta arreta jarriko dugu herritarren benetako arazoetan».

«Inoizko aurrekonturik handiena» izango du departamentuak, Martinezen arabera: 5.327 milioi euro, aurtengoa baino %4,1 handiagoa (208 milioi gehiago). Kopuru horren hiru laurden baino gehiago Osakidetzako langileen soldatak ordaintzeko jarriko dira (4.276,6 milioi), eta gainerakoa, azpiegiturak modernizatzeko inbertsioak egiteko, gehienbat.

Osasun sistema «sendotzeko» asmoz, 2023., 2024. eta 2025. urteei dagozkien lan eskaintza publikoetara deituko dute datorren urtean. 4.500 plaza inguru izango dira, eta betetzeko zailak diren lanpostuetarako beste batera ere deituko dute. Azken eskaintza horretan hiriburuetatik urrun dauden ospitaleetan espezialista postuak sortzeko aukera aztertzeko prest daudela esan du sailburuak. Langileak egonkortzearen aldeko apustua egiteaz gainera, 202 milioi euro erabiliko dituzte Osakidetzako azpiegiturak eta ekipamenduak modernizatzeko, azaldu duenez; kopuru hori aurtengoa baino %23 handiagoa izango da.

Gainera, 2032. urtera bitarteko azpiegitura planak 1.500 milioi euro baino gehiago jasoko ditu, eta, besteak beste, Tolosako ospitalea (Gipuzkoa) eta Guardiako osasun zentroa (Araba) eraikitzeko erabiliko da.

Osasun mentala eta baheketak

Bestalde, osasun mentaleko sistemaren inguruko hausnarketa prozesu bati ekingo dio Osakidetzak datorren urtean Fedeafes elkartearekin eta psikologo sanitarioekin elkarlanean, eta horren bidez gazteen osasun mentalerako asistentzia egiturak indartuko dituzte, baita zentro berezi bat sortu ere, elikadura nahasmenduekin lotutako kasu konplexuak tratatzeko.

Osasun publikoaren baitan, berriz, hainbat berrikuntza iragarri dituzte baheketa programetan eta txertaketan. Haur jaioberrien behaketa programa zabalduko dute 2026. urte amaierarako, 32 gaitz detektatu ahal izateko. Milioi bat euroko inbertsioa egingo dute horretarako. Halaber, helduen baheketa neurriak ere indartuko dituzte: besteak beste, mamografia bidezko baheketa 48 urteko emakumeei zabalduko diete, eta proiektu pilotu bat abiaraziko dute patologia ez-onkologikoekin lotutako baheketak egiteko eta, hala, arrisku kardiobaskularra eta giltzurrunetan gaitzen bat izateko arriskua prebenitzeko.

Txertoekin lotutako inbertsioari dagokionez, %5 egingo du gora 2026. urtean (29,5 milioi euro), eta beste bost milioi euro jarriko dira gripearen aurkako txertoak erosteko.

Martinezek iragarri du Zainketa Aringarrien Kontseilua atzera martxan jarriko dutela, eta lan egingo dutela Patologia Kroniko Konplexuaren eta Zainketa Aringarri Pediatrikoen Euskadiko Sare Integrala garatzeko, «kolektibo horri eguneko 24 ordutan kalitatezko arreta bermatzeko». Adikzioak prebenitzeko, bestalde, 11,2 milioi euro erabiliko dituzte, eta inkesta bat egingo dute substantziekin lotutako mendekotasunei eta bestelako mendekotasunei buruz. Horrez gain, One Health edo Osasun Bakarra ikuspegia txertatu egingo dute hainbat neurriren bidez; esaterako, 2,5 milioi euroko diru saila erabiliko dute hondakin uren kontrol epidemiologikoak egiteko.

Diru sail batzuk, gastatu gabe

Talde parlamentarioen txandan, Martinezen azalpenak ontzat eman dituzte EAJk eta PSE-EEk. Sozialisten izenean, Ekain Ricok azpimarratu du Osasun Sailaren aurrekontuak sistema publikoa «sendotzeko» balio izango duela, eta datorren urtean inoiz baino diru gehiago inbertituko dela osasungintzan. «2.409 euro inbertituko da herritar bakoitzeko. Espainiako batezbestekoaren gainetik gaude, eta horrek lehen lerroan jartzen gaitu».

Askoz ere kritikoagoak izan dira oposizioko taldeak. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak osasun sistema eraldatzeko «anbizio falta» aurpegiratu dio Martinezi. Halaber, ohartarazi du hainbat esparrutan apaldu egin dela inbertsioa, eta aurtengo aurrekontuan jasotako diru sail batzuk gastatu gabe daudela oraindik.

Laura Garrido PPko legebiltzarkideak, berriz, salatu du murriztu egin dela osasun sistema publikoa hobetzeko eta adikzioak prebenitzeko diru kopurua, eta, gainera, nabarmendu du oraindik ez direla egin aurtengo aurrekontuan jasotako inbertsio ugari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.