EAEko Hauteskunde Batzordea bildu egin da gaur goizean, eta, besteak beste, EH Bilduren eskaera bat aztertu du, neurriak hartzeko Ordizian (Gipuzkoa) eta inguruetan osasun eta boto eskubideak bermatze aldera. Batzordeak adierazi duenez, «egiaztatu» egin du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak «neurriak aurreikusi» dituela, eta horien jarraipena egingo du, «epidemiologia eta osasun egoeraren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko». Era berean, Osasun Sailari eskatu dio herritarrei helarazteko «neurriak nahikoak direla».
58 pertsona kutsatu dira jada Ordiziako agerraldian. Adur Ezenarro alkateak ohartarazi du PCR probetan positibo eman duten horiek etxean itxita egon beharko dutela, eta beraz, ezingo direla bozkatzera joan; izan ere, oraingoz Jaurlaritzak ez du neurri berezirik hartu bakartuta dauden herritar horiek botoa eman dezaten. Hala berretsi du Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak ere: «Zuzenean esan digute positibo eman dutenek ezingo dutela bozkatu. Haien hurbileko kontaktuek, bai, botoa eman ahalko dute eta berehala etxera itzuli».