Racismhealthcare izeneko proiektuan buru-belarri ari da Yolanda Gonzalez-Rabago soziologoa (Santander, Espainia, 1984). EHUko Osasunaren Gizarte Determinatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko (OPIK) ikerketa taldeko ikertzailea da. Aztertzen ari da EAEko osasun sistemak zer oztopo jartzen dizkien pertsona arrazializatuei osasun arretara jotzen dutenean, eta nolako diskriminazio esperientziak izaten dituen komunitate horrek.
Zergatik aukeratu duzue gai hori?
Azken bi hamarkadetan Europan horri buruz egin diren azterlan gehienek egoera irregularra eta zaurgarritasun handia duten migranteengan jarri dute arreta. Munduan, baina, badira harago begiratzen duten azterketak, eta ondorioztatu dute etorri berriek ez ezik osasun sistemaren diskriminazioa jasaten dutela Europan errotutakoek ere: aspalditik gurean bizi diren migranteek eta beste jatorri bateko arbasoak dituzten hemengo herritar arrazializatuek.
Osakidetzan ere ba al dago diskriminaziorik?
Osasun sistema gizarte arrazista baten parte da, eta, beraz, gizartearen gabezia berak erreproduzitzen ditu. Diskriminazioa egon badago, baina ikerketa kuantitatiboak egiteko traba handia daukagu. Europan ez dira jasotzen arrazari buruzko datuak, eta horrek zaildu egiten du arrazakeria ikertzea. Nolanahi ere, apurka-apurka ari dira tabuak apurtzen, eta onartzen hasi gara arraza ere generoaren, bizitokiaren edo adinaren moduko aldagaia dela.
Nola azaleratzen da arrazakeria hori?
Horrelakoetan burura datorkigu pertsonen arteko arrazakeria, eta ukaezina da osasun langileen aldetik arrazakeria egon daitekeela. Errespetu faltak antzematea, adibidez, erraza da, oso agerikoak baitira; baina hain agerikoak ez diren ekintzek ere eragin handia izan dezakete pertsona arrazializatuen osasunean.
Adibidez?
Arrazializatua izateagatik, pentsatzea ez dituela argibideak ondo ulertuko; maila ekonomiko baxukoak direlakoan, pentsatzea ezin diotela terapia jakin bat gomendatu; edo osasunaren inguruan ikuskera jakin bat izango dutela iritzita, ez jartzea tratamendu jakin bat. Hala ere, nabarmendu nahi dut ez dela bidezkoa erantzukizun osoa osasun langileen gain jartzea, azken finean gizarte arrazista baten parte baitira, eta arrazen inguruan dauden estereotipo horiek dituzte haiek ere. Hori, maila pertsonalari dagokionez; baina osasun sistema bera ere ez dago prestatuta pertsonen dibertsitatea eta osasuna ulertzeko modu plural horri erantzuteko.
Zeintzuk dira osasun sistemak jartzen dizkien trabak?
Hizkuntza dibertsitatea dela eta, kolektibo horiek oztopoak dituzte sisteman sartzeko. Sistemara sartzeko kanaletan, prozedura administratiboetan eta arretan ez denean bermatzen elkar ulertzeko modurik, zailagoa da osasun arreta eraginkorra izatea. Osasunaren kontzepzioan bertan ere sortzen dira desberdintasunak. Gure osasunaren eredua biomedikoa da, eta pentsatzen dugu gure osasunaren oinarria dela, neurri handi batean, osasuntsu jatea eta ohitura osasuntsuak izatea. Baina ikuskera horrek ez du kontuan hartzen kolektibo guztiek ez dituztela osasuna eta gaixotasuna modu berean ulertzen, eta ohitura osasuntsu horiek izateko aukerak ere ez direla parekoak guztiontzat, izan baldintza sozioekonomikoengatik, izan kulturalengatik.
«Ez da kontuan hartzen kolektibo guztiek ez dituztela osasuna eta gaixotasuna modu berean ulertzen, eta ohitura osasuntsuak izateko aukerak ere ez direla parekoak guztiontzat, izan baldintza sozioekonomikoengatik, izan kulturalengatik»
Gaiaren inguruan Europan gutxi ikertu dela diozue, eta dauden azterlanek oso gai zehatzak jorratzen dituztela. Lehen arreta, ostera, bazterrean geratu da. Zergatik?
Emakumeen haurdunaldiak, erditzeak eta gaixotasun infekziosoak ikertu dira bereziki: giza immunoeskasiaren birusa, tuberkulosia, hepatitisa. Halako kasuetan, galdetu beharko genioke geure buruari zerk sortzen digun interesa: pertsona horien arreta hobetzeak edo gizarte bezala gaixotasun horietatik babesteak. Oso gutxi ikertu da, ordea, zer gertatzen den herritar arrazializatuak lehen arretara gerturatzen direnean. Eta hori gabezia handia da, kontuan hartuta lehen arreta dela gure sistemaren oinarria, eta gaixotasunak sendatzeaz gain osasunaren sustapena eta prebentzioa jorratzen dituela.
Erresuma Batua salbuespena da. Zergatik?
Oro har, kultura anglo-saxoietan —AEBak, Kanada, Australia—, oso errotuta dago arrazari buruzko datuak biltzea. Horrek ahalbidetu du arrazakeriari buruzko ikerketak ohiko moduan lantzea. Europako beste herrialdeetan atzerapen handia dago horren aldean.
Esan duzu arrazaren datuak ez direla jasotzen. Zer metodologia erabili duzue, orduan?
Nazioartean dauden ikerketak hartu ditugu oinarri, eta, gurera ekartzeko, Munduko Medikuak GKEak Bilbon duen arreta soziosanitarioko zentroan jaso dituzten datuak baliatu ditugu. Hor ikusi dugu zelako profilak gerturatzen diren zerbitzu horretara, eta datu horiek arrasto bat ematen digute ikusteko zer kolektibok dituzten trabak Osakidetzara jotzeko. Horrez gain, osasun langileak ere elkarrizketatu ditugu, eta orain hasiko gara pertsona arrazializatuen testigantzak jasotzen... bertatik bertara jakiteko osasun sistema horretan nolako arreta jaso duen, diskriminaziorik sufritu duen eta nolakoa. Osasun txartela kudeatu zutenean, larrialdi zerbitzuetan, kontsultetan... Datu horiekin guztiekin ondorioztatu ahalko dugu diskriminazio horrek nola baldintzatzen duen pertsona arrazializatuen osasun egoera. Egoera hori, gainera, momentukoa zein etorkizunekoa izan daiteke, diskriminazio egoera bat bizitzeak eragin dezakeelako osasun zerbitzuetatik aldentzea edo hurrengoan oso larri egon arte ez joatea.
Ez da erraza izango osasun langileek aitortzea paziente arrazializatuekin desberdin jokatzen dutela. Nola kudeatu duzue hori?
Hasieran hobetsi genuen gaiaren inguruan sentsibilitate berezia duten osasun langileekin hitz egitea, bere ibilbidea dela-eta edo haiek beraiek arrazializatuak direlako. Eta ondorio interesgarri batzuk azaldu dira: osasun langile arrazializatuek ere diskriminazioa jasaten dutela, lankideengandik eta pazienteengandik. Behin hori eginda, hasiko gara ohiko osasun langileekin ere lan egiten. Egia da denon joera dela sinestea ez dugula bereizketarik egiten, eta, beraz, galderen bidez ezin dugu hori antzeman. Behaketarekin edo teknika esperimentalagoekin saiatuko gara.
«Hobetsi genuen gaiaren inguruan sentsibilitate berezia duten osasun langileekin hitz egitea. Eta ondorio interesgarri bat azaldu da: osasun langile arrazializatuek ere diskriminazioa jasaten dutela, lankideengandik eta pazienteengandik»
Arrazari buruzko datuen gabeziari aurre egiteko modua ikusten al duzue?
Espainiako Berdintasun Ministerioan ari dira gai hori lantzen. Komunitate arrazializatuekin partaidetza prozesu bat abiatu dute, eta arrazari buruz galdetzeko moduak adostu dituzte, gero galdera horiek demografiari buruzko erroldarako inkestan sartzeko. Horrela, arraza eta etnia kidetasunari buruzko informazio oso baliagarria izango dugu.
Zeintzuk dira diskriminazio horri aurre egiteko proposamenak?
Oraindik bide luzea daukagu diskriminazioa egon badagoela onartzeko. Arraza aipatzeko eta arrazismoa dagoela onartzeko beldurra dago gaur egun, baina beldur horiek gainditu behar ditugu. Arraza kontzeptu soziala da, ez gaitu biologikoki desberdin egiten, baina sozialki baldintzatzen gaitu. Kontzientzia hori sortu ostean, azterketak egin ahalko ditugu, eta orduan diseinatu ahalko ditugu politika egokiak egoera hobetzeko. Osasun sistemari dagokionez, aniztasunaren kontzientzia hori izatea, onartzea errealitate hori ezin dugula ezkutatzen jarraitu, hori lehen urratsa izan daiteke.