Egiten duten lana eta horri lotutako titulazioa aitortuak eta akreditatuak izan daitezela, beste osasun langileenak bezala. Hori eskatzen dute goi mailako osasun teknikariek, besteak beste, eta horregatik aterako dira kalera datozen egunetan. Lau eguneko greba eginen dute, urriaren 30ean eta 31n eta azaroaren 3an eta 4an. Deialdi orokorra Espainiako Estatuan egina zuten, eta gaur, deialdi horri babesa adierazi dio CTSS Euskadiko Goi Mailako Osasun Teknikarien Batzordeak. Gainera, protestak eginen dituzte Bilboko, Donostiako eta Gasteizko ospitale nagusietan, baita Eusko Jaurlaritzaren parean ere.
Deialdian lan intrusismoa salatu dute osasun teknikariek. Uste dute goi mailako osasun teknikari izateko titulazioa dutenek soilik egin beharko luketela lan hori, eta, besteak beste, «osasun administrariaren» figura desagerrarazi nahi dute, goi mailako teknikarien lanarekin talka egiten duelakoan. Besteak beste, goi mailako osasun teknikariei dagokie erradiografiak, erresonantziak eta ekografiak egitea; laborategiko laginak prozesatzea eta aztertzea; historia klinikoak artxibatzea eta kudeatzea; ikerketa mikroskopikoetarako ehunak prozesatzea; erradiazio tratamenduak aplikatzea eta hortzetako edo belarrietako protesiak paratzea.
Aitortzari lotutako aldarrikapenak egiteaz gain, lan baldintzak hobetzeko zenbait neurri galdegin dituzte; besteren artean, B mailako teknikari kategoria aitortzea Espainiako Osasun Sisteman —neurri horrek teknikarien soldata igotzea ekarriko luke—.
Aldarrikapen horiekin batera, CTSSk beste eskaera «historiko» bati heldu dio greba deialdian: unibertsitate gradu bat sor dezatela, goi mailako osasun teknikarien kualifikazioa «Europako Batasuneko eta munduko profesionalek dutenarekin homologatzeko».
Lau eguneko lanuzteaz gain, CTSSk protestak eta mobilizazioak antolatu ditu datozen egunetarako. Hala, urriaren 30ean eta azaroaren 4an elkarretaratzeak eginen dituzte Donostia, Gurutzeta, Txagorritxu eta Santiago ospitaletan, 11:00etan. Urriaren 31n, berriz, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean eginen dute protesta, 12:00etan.