Osasun sistema

Osasun zerbitzu «unibertsala eta kalitatezkoa» aldarrikatuko du Osasun Publikoa Aurrera plataformak apirilaren 22an

Herritarrak deitu dituzte Bilboko, Donostiako eta Gasteizko manifestazioetan parte hartzera.

Osasun Publikoa Aurrera herri plataformak agerraldia egin du gaur, Gurutzetako Ospitalean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko apirilaren 13a
16:01
Entzun

Gaur egungo «osasun krisiaren» harira, Osasun Publikoa Aurrera herri plataformak mobilizatzera deitu ditu herritarrak. Manifestazioak egingo dituzte apirilaren 22an, Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Mireia Saiz eta Jose Ignacio Martinez bozeramaileek gaur Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaia) egindako agerraldian adierazi dutenez, Osakidetzaren politikan «aldaketa sakona» eskatuko dute, «kalitatezko osasun publiko duina eta unibertsala» bermatzeko.

Saizek eta Martinezek argi utzi dute herritar orok duela «kalitatezko osasun zerbitzu publiko duina eta unibertsala» izateko eskubidea. Hala ere, azken urteetan, eskubide hori «larriki urratu» da. «Arduradun politikoek egindako plangintza eta kudeaketa luze eta negargarria» jo dute horren erantzuletzat. Horregatik, bi eskaera egin dizkiete Eusko Jaurlaritzari, EAJri eta PSE-EEri: murrizketen politika geldiarazteko eta 180 graduko bira emateko. «Hau da, gehiago begiratzeko erabiltzaileei, eta gutxiago sektoreko enpresaburuei».

Osasun publikoaren egoera agerian uzteko, hainbat adibide eman dituzte bozeramaileek. Besteak beste, azaldu dute osasun zentroak itxi eta arreta ordutegiak murrizten ari direla, arreta presentziala lortzeko «gero eta zailtasun handiagoak» daudela, lehen mailako arretako osasun langileak etengabe ordezkatzen dituztela, eta hizkuntza eskubideak etengabe urratzen dituztela. Horrekin lotuta, Eusko Jaurlaritzaren erantzuna kritikatu dute: «Harrokeriaz erantzun dute; erantzukizuna onartu beharrean, arazoak gutxietsi dituzte, eta beste batzuei egotzi ». Garbitzaileen greba ere gogoratu dute: «Ikusi dugu Ertzaintza protesta legitimo batera bidaliz erantzun dutela».

Kudeaketa «negargarriari» eta Osakidetzaren «etengabeko gainbeherari» dagokienez, plataformak uste du Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren dimisioa ez dela nahikoa. Sistema aldatzeko eskatu dute: «Herritarrek parte har dezaten eta parte hartzea ezinbesteko faktore bihur dadin Osakidetzaren kudeaketan». Halaber, salatu dute Osakidetza herritarren parte hartzea ukatzen ari dela eta informazioa ere mugatu duela. Izan ere, Barakaldo-Sestaoko ESIari Barakaldoko osasun egoeraren inguruko informazioa eskatu zioten, eta ukatu egin diete. «Ahalegin argia da kontzientziazio lana oztopatzeko eta Osakidetzako langileek plataforma ezagutzea eragozteko».

Gasteizko manifestazioa 12:00etan abiatuko da Bilbo plazatik. Eta Bilbon ere 12:00etan hasiko da protesta, Jesusen Bihotza plazan. Donostian, berriz, 17:00etan elkartuko dira, Bulebarrean. Iruñean ere egingo dute manifestazioa.

Sindikatuek ere protesta egin dute

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek ere Osakidetzaren «egoera larria» salatu dute gaur goizean. Bilboko Osasun Ordezkaritzaren aurrean elkarretaratze zaratatsua egin dute. Ohar bidez azaldu dutenez, Jaurlaritzaren Osasun Sailari «berehalako konponbideak» exijitu dizkiote, osasun publikoaren «egiturazko eta pandemiaren aurreko arazoei» aurre egiteko.

Duela bi aste grebarako deia egin zuten sindikatuek, maiatzaren 18rako eta 19rako. Ordutik, Osakidetza «ez da mugitu». Era berean, apirilaren 3an dei egin zioten Sagarduiri, sektoreko mahaiaren hurrengo bileran parte har zezan. Horri buruz ere ez dute erantzunik jaso. «Mahai sektoriala erabat blokeatuta dago».

Sindikatuen arabera, Osakidetzak ez du inolako asmorik erakutsi egoera aldatzeko: «Ez dago kolektiboaren lan baldintzak hobetzeko inolako planteamendurik; ez dago profesionalak Osakidetzan gelditzeko eta beste batzuk erakartzeko planik». Langileei «tratu txar sistemikoa» ematen zaiela adierazi dute. Eta adibide gisa jarri dute Aste Santuko jaiegunetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gertatu dena: «EAG etengabeko arreta gune asko zabalik egon dira, medikurik gabe». Hori dela eta, Osakidetzari eta Osasun Sailari borondate politikoa eskatu diete, osasun publikoa benetako lehentasun bihurtzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.