Osasun ziurtagiriaren helburua herritarrak «txertatzera bultzatzea» dela erran du Castexek

Agorriletik aitzina ostalaritzan ziurtagiria erakustea derrigorrezkoa izanen dela berretsi du, haatik, ez dute bezeroen nortasuna egiaztatu beharko. Txertoa jaso duen pertsona bat kontaktu kasua baldin bada ez du konfinatu beharko: «ez dute arriskurik».

Jean Castex Frantziako lehen ministroa, Baionan, joan den larunbatean. GAIZKA IROZ / EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko uztailaren 21a
16:43
Entzun

Elkarrizketa egin diote Jean Castex Frantziako lehen ministroari Frantziako TF1 telebista katean, eta kezka agertu du koronabirusa azken asteetan izaten ari den hedapenari buruz. «Laugarren olatuan gaude. Delta aldaera hor dago, eta kutxakorragoa da», adieradi du. Eman dituen datuen arabera, aste bakarrean %140 emendatu dira kasuak, eta atzo bakarrik 18.000 kasu gehiago izan ziren. Egoeraren arabera, tokian toki murrizketa neurriak hartuko dituztela abisatu du, adibidez, maskararen erabilera orokortua, edo ostalaritzako guneen itxiera ordutegia aitzinatzea.

Gainera, azken egunetan polemika anitz sortu duen osasun ziurtagiriari buruz zehaztapenak eman ditu, eta Frantziako Gobernuaren estrategia zein den argitu du. Osasun ziurtagiriaren helburua herritarrak «txertatzera inzitatzea» da, bere hitzetan. «Ahalik eta leku gehien irekiak atxikitzeko modua da, hala nola, jatetxeak, leku horietan maskara ez baita erabilgarria». Gaurtik aitzina osasun ziurtagiria derrigorrezkoa da kultur eta aisialdi guneetara sartzeko, eta agorriletik aitzina ostalaritzan eta distantzia luzeetako garraiobideetan eskatuko dute.

Hala ere, Castexek zehaztu du ziurtagiriaren QR kodea begiratzera mugatuko dela ostalarien lana, eta ez dutela herritarren nortasuna egiaztatu beharko. «Poliziak ausazko kontrolak eginen ditu nortasunak egiaztatzeko». Aste bateko epean «pedagogiaz» jardungo dute adierazi du; ondoren, zigorrak ematen hasiko dira. Haatik, eskoletako, kolegioetako eta lizeoetako ikasleei ez zaie osasun ziurtagiririk eskatuko ikastetxera joateko. «Krisia hasi denetik gure lehentasunetako bat izan da Frantziako haurrak eskolatzea. Ez dugu orain erranen 'ez bazara txertatua, ez zoaz eskolara'», argitu du. Ikasturte hasieran, 12 eta 17 urte arteko haurrak txertatzeko kanpaina berezitu bat abiatuko dutela iragarri du.

Helburua: 50 milioi

Uda bukaerarako 50 milioi herritarrek txertoaren lehen dosia jasoa izatea, hori da Frantziako Gobernuaren helburua. Horretarako, ondoko asteetan baliabideak emendatuko dituztela iragarri du Castexek. Publiko zaurgarria lehenetsiko dutela nabarmendu du: «50 urtetik gorako hiru miliioi herritar daude txertoa jaso ez dutenak».

Azkenik, osasun arau berriak ere iragarri ditu. Txertoa jaso duen herritar bat kontaktu kasu baldin bada, ez du konfinatu beharko. «Orain arte, bi dosiak eskuratuak zituztenak ere isolatu behar ziren. Egin diren analisiek erakusten dute ez dutela gehiago birusa harrapatzeko arriskurik», adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.