Izurriteak sortutako eragina izan zuen gogoan Indurainek: «Itxaron zerrendetako egoera, batez ere kontsultetakoa, ez da ona. Egoera arrunt batean onargarriak izango ez liratekeen datuak dira, eta badakigu hainbat pertsonarengan duela eragina». Haren arabera, izurriteak eragin «zuzena eta erabakigarria» izan du Nafarroako osasun sisteman. Hala ere, gaineratu zuen izurritearen «garairik okerrenetan» ere esku artean zituzten planek bermatu zutela bizi egoeretan eragina izan zezaketen kontsultak egotea eta atzeratu ezin zitezkeen ebakuntzak egitea. Osasun langileen lana ere goraipatu zuen: «Sistema egokitzeko egindako ahaleginez eta osasun langileek egindako lanaz hausnartzea merezi du, etengabe aritu baitira gauzak egiten eta berrantolatzen». Haren ustez, osasun sistema ez da gelditu, nahiz eta leku guztietara ezin iritsi ibili den.

Orain, pandemiaren aurreko kopuru berberetara itzultzeko ahalegina egingo dute, baina Osasun kontseilariak aitortu zuen ez dela «erraza» izango kopuru horiek murriztea eta lehengo egoerara azkar batean iristea. Halere, erantsi zuen izurritearen ondorioz jakin dutela zeintzuk diren telefono edo beste bitarteko teknologiko baten bidez egin beharreko kontsultak eta aurrez aurrekoak. Indurainek ohartarazi zuen neurriak hartuko dituztela.
Batetik, aurreikusten dute zerbitzu batzuk ehuneko ehunera iristea, betiere kontsultak arratsaldean irekita mantentzen badira. Beste zerbitzu batzuk, ordea, ezingo dira gehiengora iritsi, dituzten baliabideekin «beharrezkoa» baita segurtasun neurri bereziei eustea. Bestetik, jarduera kirurgikoetan ere aldaketak espero dira; besteak beste, ebakuntza gelak goizetan eta arratsaldeetan zabalik egongo direlako.
Taldeen erantzunak
EH Bilduren ustez, itxaron zerrendetako egoera «osasun eta gestio arazo bat» izan da, eta erantsi zuen azken urteetan izandako «gorabeherek» erabaki politikoekin izan dutela zerikusia. Geroa Bairen arabera, berriz, zerrendetako datuak ez dira «onak», baina orain osasun sistemaren «gaitasun osoa» berreskuratu behar da, nahiz eta birusak hemen jarraitu eta egoera okertu.