Osasunaz hitz egiten hasi, eta zorionaz mintzatzen amaitu. Ez baitaude elkarrengandik hain urrun. Osasunaren arloan jabekuntza nola susta daitekeen galdetuta, aditu gehienak bat datoz: ardura nork bere gain hartu, gorputzari entzun, ondo elikatu... eta dantzatu. Emma Goldman anarkista eta feministaren esaldi ospetsua baliatu du Carme Valls-Llobet Kataluniako CAPS osasuna ikertzeko taldeko medikuak: «Iraultza egiteak ez du zentzurik, dantza ezin badugu egin. Bada, gorputza zaindu egin behar dugu, baina ondo pasatu ere bai, bizitzaz gozatu, dantzatu».
«Bere bizitza gidatzea da pertsona batek egin dezakeen gauzarik osasungarriena», erantsi du Charo Quintana ginekologoak, Eusko Jaurlaritzak 2007an aurkeztutako Emakumeak eta Osasuna programaren arduradunak. Izan ere, andrazko asko «behartuta» bizi direla sumatu du, identifikatzen ez diren rol batzuei jarraituz: «Haiek bizitza gidatu ordez, bizitzak haiek eramaten ditu, bultzaka; zer izan edo egin nahi duten erabakitzeari uzten diote. Eta horrek eragina du osasunean: zorigaitzak, ongizate eta motibaziorik ez edukitzeak, errespetatua ez sentitzeak autoestimua murrizten du, eta, horrekin batera, norbera zaintzeko gaitasuna».
Besteentzat bizitzearen ondorio dela berretsi du Ana Tavorak, Granadako Santa Fe ospitaleko Buru Osasuneko Unitateko (Espainia) psikoterapeuta eta psikiatrak. Sistemak emakumeei beharrizan afektiboak sortzen dizkiela azaldu du, eta, beraz, maitasun hori lortzeko eraikitzen dutela bizimodua. Kateok askatu beharra nabarmendu du: «Jabekuntzan aurrera egiteko modu bakarra andreak beren buruarekin adiskidetzea da, hura onartzea eta maitatzea, eta gustuko ez dituzten gauzak ez ukatzea. Horrek ez du esan nahi besteak garrantzitsuak ez direnik, baina bai norbera garrantzitsuagoa dela». Harreman afektiboekin lotuta ez dauden esperientzia atseginak sustatzea ezinbestekotzat jo du, beraz: «Eguzkiari begiratu, falta den maitasunean pentsatu gabe».
Plazeraz ere jardun da Quintana; norbere zaintzaz, ongizatea eta gozamena alboratu gabe: «Elikadura, ariketa fisikoa eta buru osasuna zaindu behar dituzte emakumeek; funtsean, gustuko dutenaren arabera bizi: lasaitzeko, atseden hartzeko, aisialdia lantzeko, plazeraz gozatzeko uneak bilatu. Horrek guztiak tristuratik eta antsietatetik aldenduko dituelako». Osasuna gaixotasunik ez edukitzea baino gehiago dela uste baitu: «Zure bizitza kontrolatzen baduzu, zure osasuna zaintzeko gai ere izango zara».
Gorputzaz jabetu
Eta, horretara heltzeko, bada abiapuntua: «Bakoitzak bere osasunaz eta ongizateaz arduratu behar du; norberak izan behar du erantzule nagusia, kudeatzailea, aditua». Sendagileen egitekoa eraldatzearen alde agertu da Txusa Balbas ginekologo eta homeopata: «Laguntzaile bihurtu behar du medikuak, Hipokratesek esaten zuenez: zaindu batzuetan, arindu askotan, lagundu beti».
Homeopatiaren ikuspegitik, Balbasek azaldu du «gorputzetik urrun» bizi direla egun pertsonak. «Eta horrek erabat ahul bihurtu ditu, nortzuk diren ere ez dakitelako». Hala, gorputzaz jabetzean jarri du giltza: «Minaren bidez baino ez diogu uzten gorputzari hitz egiten. Baina gauza asko adieraz diezazkizuke, gorputzari adi baldin bazaude, presente».
Gorputzaz jabetzearekin batera doa ezagutzea. «Emakumeek jakin beharko lukete nola funtzionatzen duten euren hilekoaren zikloek, aparatu genitalak, emankortasunak...», esan du Quintanak: «Digestio aparatua nola dabilen jakin gabe bizi daitezke, baina beste gai horiei buruzko informazioa ezinbestekoa da, eragin harrigarria dutelako euren bizitzan».
Ezagutzatik abiatuta, andreek ondorioztatuko dute ez daudela biologiak mugatuta, edo ez behintzat haiek uste duten bezainbeste, Vallsek adierazi duenez: «Ez dut inoiz pentsatzen hormona batek gure bizimodua mugatuko duenik». Hilekoaren nahasmenduak jarri ditu adibide, hau da, aurreko egunetan oinazez ibiltzea, odolaldia ere mingarria izatea... «Horrek baldintza zaitzake, baina ez mugatu; eta baldintzatzen gaituena hobe dezakegu, horretarako baliabideak badauzkagulako. Bestela, pentsatuko genuke emakume jaiotzeagatik beti geldi egon beharko dugula».
Diagnostikoa hobetu
Osagile katalanak berretsi du diagnostikoa hobetzeko «borrokatu» egin behar dela, horrek bizi-kalitatea ere hobetzen lagunduko duelako. «Menopausian obarioetako hormonarik gabe geratzen garenean ere beti dago hobekuntza bat: odolaldia izateari uzten diogu, eta burdina kopurua handitu egiten da».
Hala ere, Vallsek ohartarazi du osasun arazoak agertu egingo direla bizitzan, eta orduan ere informazioa ezinbestekoa izango dela: «Sintomak kontsultatu eta aztertu behar dira, eta ez utzi antisorgailu, lasaigarri edo depresioaren aurkako botika baten bidez isil zaitzaten. Ondoezik bazaude, bila dezagun arrazoia, edo bila dezagun bilatzen dakien medikua».
«Baina medikuntzak ez dizkigu konponduko osasun arazo guztiak». Elkarri laguntzeko eta trebatzeko sareak sortzeaz mintzatu da CAPSeko kidea, batik bat zahartzaroari begira: «Mina izango denez arazo handienetako bat, gorputzak aurrea hartu behar dio, bizkarra zaintzeko ariketak eginez, oinazerik izan ez dezan prestatu. Adineko zenbat andre ari dira sorbalda eta bizkarreko birgaitzea egiten bizi-kalitatea hobetzeko, analgesikoak hartu ordez?». Ondo elikatzen eta ariketa fisikoa egiten lehenago hastea hobetsi du Txusa Balbasek: «Ibiltzen nerabezaroan has daitezen lortzen badugu, hezur indartsuekin helduko dira menopausiara».
Horrek ez du zerikusirik, haren hitzetan, edertasunaren aginduarekin. «Gorputzaz jabetzearen guztiz kontrakoa da hori: kanpotik jasotako edertasun ideia bat da, objektu bihurtzea helburu duen ikuspegi maskulino batean oinarritua». Charo Quintanak erantsi du argaltasuna eta itxura fisikoa lehenesten dituzten mezuetatik ihes egin behar dutela andreek: «Kartzela antzeko bat da. Emakumeen denboraz eta indarraz jabetzeko modu bat dela iruditzen zait, zeren gantzei begiratuz edo ilea kritikatuz ematen duten astia eta energia ez baitute bizitzeko erabiltzen».
Osasuna eta generoa (eta V). Jabekuntza
Osasuntsu, dantzatuz
Gorputzari entzutea, ondo elikatzea, ariketa fisikoa egitea eta beste aholku batzuk dituzte adituek osasuna hobetzeko, baina zoriona daukate ezinbestekotzat: norbere bizitzaren jabe bihurtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu