Osatek-eko Gipuzkoako burua kargutik kendu du Osasun Sailak

Zenbait informazioren arabera, Cristina Gervasek uko egin dio erresonantziak egiteari lantalde osoa ez dagoenean. Erresonantziak egiteko itxaron-zerrenda asko handitu da Gipuzkoan azken hilabeteetan.

Donostia ospitalea, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Donostia ospitalea, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko urriaren 28a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Cristina Gervas Wells Osatek elkartearen Gipuzkoako burua kargugabetu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Erresonantzia magnetikoak egiteaz arduratzen den sozietate publikoa da Osatek, eta, zenbait informazioren arabera, erresonantzia horiek egiteko Osasun Sailak ezarri nahi dituen murrizketek eragin dituzte Gervasen eta saileko arduradunen arteko desadostasunak eta haren kargugabetzea.

El Diario Vasco egunkariak argitaratu duenez, Osasun Sailaren asmoa zen erresonantziak egitea horretarako ohikoa den lantalde osoa egon gabe ere. Lau lagunek osatzen dute erresonantziak egiteko ohiko lantaldea: erradiologo batek, teknikari batek, laguntzaile batek eta idazkari batek. Sailak zera nahi zuen, lau horietatik laguntzailea edo idazkaria ez badago, gainerako taldekideek egitea hari zegokion lana, falta den langilea ordezkatu gabe; antza denez, Bizkaian jadanik ari dira horrela lan egiten. Gervas, baina, neurri horren kontra agertu da, eta horregatik kendu dute kargutik.

Informazio horien arabera, Gervasen eta Osasun Saileko arduradunen arteko tirabirak lehenagokoak dira: otsailean, ura sartu zen Donostia ospitalean, erresonantziak egiteko gelan; horren ondorioz, zerbitzu horretarako erabiltzen zituzten hiru makinetako bat matxuratu egin zen, eta ezinezkoa izan da hura konpontzea. Horrek areagotu egin du zerbitzu horretan Gipuzkoan dagoen eskasia: orain, sei ekipamendu baino ez daude Gipuzkoan erresonantziak egiteko. Horietatik lau Donostian daude —bi Donostia ospitalean, bat Onkologikoan eta beste bat Amara Berriko osasun zentroan—, eta beste biak Eibarren eta Zumarragan.

Itxaron-zerrendak

Erresonantzia magnetikoak egiteko itxaron zerrendak asko handitu dira Gipuzkoan, %15 azken sei hilabeteetan. Gaur egun, ia 15.000 paziente daude zain, erresonantzia egiteko noiz deituko dieten. Osakidetzako buruen ustez, Gipuzkoan eraiki nahi dituzten osasun azpiegitura berriak amaitutakoan konponduko da arazoa, baina, bitartean, erresonantziak lantalde osoa egon gabe egin ahal izatea hobetsi dute, prozesua arintze aldera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.