Denis Itxaso: «Oso arriskutsua da gizarte bat jabeen eta maizterren artean banatuta egotea»

Itxasok aitortu du gustatuko litzaiokeela «azkarrago» joatea, baina uste du orain hartzen ari diren neurriak «eraginkorrak» izango direla etxebizitzaren korapiloa askatzeko.

ENDIKA PORTILLO/FOKU
ENDIKA PORTILLO / FOKU
gotzon hermosilla
GASTEIZ
2025eko irailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hitzaldia egin du Eusko Legebiltzarrean Denis Itxaso Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak (Donostia, 1975), gobernuaren kontroleko osoko bilkuran, eta hura amaitu eta berehala, BERRIA hartu du Legebiltzarreko areto batean, euskal kazetaren galderei erantzuteko.

Urtebete igaro da Euskal Herriko lehen udalerria tentsio handiko gune izendatu zutenetik. Zer irizten diozu orain arteko prozesuari?

Balorazioa positiboa da. Denoi gustatuko litzaiguke azkarrago joatea hain larria den arazo baten konponbideetan, baina nabarmendu behar da akordioen bidez lortu dugula tentsio handiko eremu izendatzea hainbat eta hainbat udalerri. Baldintzak betetzen dituzten udalerrien %70 tramitatzen ari gara, eta horrek esan nahi du urte amaierarako herritarren erdiak baino gehiago, %51 inguru, egongo direla tentsio handiko eremu izendatutako udalerri batean. Horrek, berez, ez luke albiste ona izan behar; berririk onena litzateke udalerri horiek tentsio handiko eremu izateari utzi diotela.

Nolako ondorioak ditu izendapenak?

Alokairuen prezioa mugatzeko aukeraz gain, ekarpen nagusia da udalerri guztiek ariketa bat egin dutela, beren udalerrietan nolako lurzoru eskaintza egin dezaketen aztertzeko. Lurzoruak udalen esku daude, Jaurlaritzak ez du lurzorurik, eta tentsio handiko eremu izateari uzteko beharrezkoa izango da etxebizitza gehiago egitea. Eskaintza handitzeko ahalegin horretan, udal guztiek plangintza zehatzak egin dituzte, eta lurzoruak identifikatu, Jaurlaritzak etxebizitzak eraiki ahal izateko. Hori egin dute batik bat tentsio handiko eremuetan, bai eta hala izendatu ez baina arazo gordina duten zenbait udalerritan ere: adibidez, Ordizian, Zumarragan eta Zarautzen [Gipuzkoa].

Zergatik atzeratu da erreferentziazko indizeak ezartzeko prozesua?

Arazo nagusia izan da foru ogasunek ez dituztela jasotzen indize hori egin ahal izateko beharrezkoak diren hainbat datu. Gipuzkoakoak bai, eta horregatik doa azkarrago, eta litekeena da datorren astean bertan iragartzea Gipuzkoako prezioen erreferentziazko indizea; Bizkaia hasi da aurtengo errenta aitorpenean horrelako datuak eskatzen, eta, beraz, gutxienez urte bateko emaitzak izango ditugu; ikusiko dugu [Espainiako Etxebizitza] Ministerioak urte bakarreko datuekin egindako indizea onartzen duen. Eta Arabakoarekin kezkatuago gaude, aurten ez baitute aldaketarik egin errenta aitorpenerako moduluan. Gaur bertan [ostiralean] galdegin diot Arabako Foru Ogasunari datorren urteko errenta aitorpenerako galdetegian eska ditzala indizea egin ahal izateko behar ditugun datu horiek.

Prozesua atzeratzeak etsipena sor al dezake udalerri eta herritarrengan?

Indizeek indarrean dauden kontratuen %10i baino ez diete eragiten. Tentsio handiko eremuetan, alokairuan dauden etxebizitza guztien %90 babestuta daude; maizter horiek guztiak babestuta daude. Erreferentziazko indizeak jabe handien etxebizitzei eta alokairu berriei egiten die erreferentzia, eta horiek %10 dira. Horrek ez du esan nahi indizea inportantea ez denik, baina horrek ez du prozesu guztia zapuzten.

Zaila al da hainbeste erakunde hartzen dituen prozesu bat koordinatzea?

Agerian dago ez dela erraza, are gehiago kontuan hartuta joan den legealdian alderdi politiko batzuek Etxebizitza Legearen kontrako jarrera erakutsi zutela. Baina nik esango nuke oraintxe bertan Euskadin adostasun maila handia dela. Tentsio handiko eremuetan badaude EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren alkateak. Adostasun maila horrek berme eta sendotasun handia ematen dio prozesuari. Izan ere, EAEn udalerrien borondatez hasten da prozesua; Jaurlaritzak ez du ezer inposatzen, eta guk bidelagun izan nahi dugu, udalerriek etxebizitza plangintza egingarriak, fidagarriak eta eraginkorrak diseina ditzaten.

Izendapenak balioko du hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko?

Hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko oso estrategia ausarta du EAEk. Espainia mailan, Euskadik du hutsik dauden etxebizitzen tasarik apalena, eta Bizigune eta halako programak egoteak izango du zerikusirik horretan. Bizigune programan ia 8.000 etxebizitza ari gara kudeatzen, eta horren bidez jabeei bermatzen diegu alokairu segurua, eta kontratua amaitutakoan etxebizitza jasoko duela hasieran zegoen bezala. Horretaz aparte, foru ogasunek hobariak ematen dizkiete jabeei etxebizitzak alokairuan jartzeko, zergak ere badaude, eta uste dut neurri horiekin guztiekin etxebizitza hutsik egotearen kontrako borroka irabazten ari garela pixkanaka.

Zenbaitek nabarmentzen dute jabeak limurtzeko neurri horiekin diru publikoa esku pribatuetara ari dela bideratzen.

Etxebizitza politiketan diru publikoa inbertitzea merezi du. Etxebizitza politika batek beti izango du defizit bat, baina ausarta izan behar du erdiko klaseak gaur egun duen arazo bati erantzuteko. Guk gure esku dauden tresna guztiak erabiltzen ditugu. Batzuek muzin egiten diote zenbait neurriri, beste batzuek beste neurri batzuei, baina guk uste dugu neurri guztiek lagundu dezaketela. Bitartekaritza publiko hori egitea eraginkorra izan da: ez dakit guk kudeatzen ditugun etxebizitza horietatik zenbat egongo liratekeen alokatuta gobernuak aukera eskaini ez balu.

«Tentsio handiko eremuetan badaude EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren alkateak. Adostasun maila horrek berme eta sendotasun handia ematen dio prozesuari»

Bigarren etxebizitzen auzia aipatu duzu asteon irrati batean egindako elkarrizketan. Horri aurre egiteko neurri zehatzik proposatzen duzue?

Arazo hori aspalditik dator, batez ere EAEko kostaldean: Zumaian, Zarautzen eta beste zenbait herritan asko dira, herritarrek, horretarako ahalmen ekonomikoa dutenean, ez diotelako bigarren etxebizitza edukitzeari uko egiten. Ostegunean aurkeztu genuen Baliabide Turistikoen Lurralde Plan Sektoriala, eta asmoa da etxebizitza turistikoak eta bigarren erabilerako etxebizitzak arautzea. Ez da erraza izango, udalerri bakoitzak autonomia osoa duelako bere hirigintza plana egiteko, baina, gure ustez, plangintza horietan lehenetsi behar da etxebizitzak ohiko bizitoki izatea. Ez da erraza inori esatea bigarren etxebizitza izateko eskubiderik ez duela, baina plangintzetan egon daitezke aukerak eta tresnak hori neurri batean saihesteko.

Premiazko neurri sorta bat tramitatzen ari zarete orain legebiltzarrean. Neurri horietatik batek piztu du polemika: bizitegi berrietan, etxebizitza babestuen ehunekoa murrizteko aukerak, %75etik %60ra jaitsita.

Inor ez dugu behartuko erabaki hori hartzera; aukera bat da. EH Bilduko alkate askorekin hitz egiten dudanean, ez zait iruditzen aukera hori gaizki ikusten dutenik. Uste dut malgutasunezko neurri horrek balio dezakeela orain blokeatuta dauden zenbait etxebizitzaren eraikuntza errazteko. Neurri horretaz baliatzea erabakitzen duten udalerriei lagundu egingo diegu, baina hartzen ez dutenei ere bai. Gobernuak bere esku dituen lurzoruetan etxebizitza babestuak egingo ditu %100ean, geure buruari jartzen diogun exijentzia askoz handiagoa baita, baina erakundeok bakarrik ez gara gai arazo horri erantzuteko. Eskaintza publikoari inbertsio pribatua gehitu nahi badiogu, guk aukera hori eman behar diegu udalerriei. Izan ere, enpresa batek ez badu etxebizitzak egitea bideragarri ikusten, ez du egiten. Neurri horrekin, ziur nago orain baino etxebizitza babestu gehiago egingo direla, eta hori da helburua.

«Kultura aldaketa» baten beharra aipatu duzu inoiz.

Nik uste dut herri honetan denok, izan ezkerrekoak edo eskuinekoak, oso barneratuta daukagula etxebizitza finantza aktibo bat dela, eta, etorkizunean arazo ekonomikoak baldin badatoz, berme bat izango dela etxebizitza bat jabetzan edukitzea. Hori ez da kultura guztietan horrela ikusten; hemen, ordea, bai. Jendeak segitzen du pentsatzen alokairuan bizitzea dirua botatzea dela. Eta ulertu behar dugu etxebizitza, ezer baino lehen, bizitzeko dela.

Askotan esaten da herri honetan hezkuntza igogailu sozial bat izan dela, eta aukera eman diola errenta txikiko familia askori euren seme-alabak hobeto bizitzeko. Nik uste dut etxebizitzak ere funtzio hori bete duela: jende askok, etxebizitza bat erosita, sekulako gainbalioak lortu ditu, eta klase sozialez aldatu da. Orain, arriskua da etorkizunean bihurtu gaitezkeela gizarte bat non desberdintasun nagusia jabeen eta maizterren artean egongo den. Hori oso arriskutsua da herri batentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.