Espainiako Auzitegi Nazionalak ez du debekatuko bihar Altsasun (Nafarroan) egingo den Ospa Eguna. Fiskaltzak eskatu zion egun hori galarazteko, Espainiako segurtasun indarrak Euskal Herritik joateko eskatzeko ospatzen den eguna, baina, Ismael Moreno epaileak ebatzi duenez, ez dago deliturik egingo delako zantzurik aurretiazko neurri hori hartzeko. Zehaztu du, gainera, debekua "giza eskubideen murrizketa bat" litzatekeela.
2010etik ospatzen da Ospa Eguna Altsasun. Fiskaltzak argudiatu zuen ETAren "helburu taktikoa" duela, eta terrorismoaren biktimak iraintzen dituela. Epaileak ez du halakorik ikusten, baina Nafarroako Gobernuko Barne Kontseilaritzari eta Espainiako segurtasun indarrei agindu die zaintzeko han egingo diren ekitaldiak, ez dadin terrorismoa goratu edo justifikatu, edo biktimak iraindu. Hori gertatuko balitz, hori egiten dutenak identifikatzeko eta haien nortasun agiriak epailearen esku uzteko eskatu du.