Basurtuko Ospitalean ingresatu zuten atzo Ertzaintzak herenegun Bilboko Alde Zaharrean atxilotu zuen gaztea. Gaztearen abokatuak BERRIAri jakinarazi dionez, antsietate krisia izan zuen gazteak. Ertzaintzaren arabera, 11:00etan eraman zuten ospitalera eta 19:00etan jaso zuen senda agiria. Edizio hau ixteko orduan Bilboko Guardiako auzitegian zen gaztea, inkomunikatuta. Abokatuak salatu du atxilotu zutenetik senda-agiria jaso arte arte «inork ez» zekiela gaztea non zegoen. «Epaitegiak ere ez zekien ospitalean ingresatua zegoenik».
Aurpegia estalita zuten zenbait lagunek hainbat edukiontzi erre zituzten herenegun arratsaldean Bilboko Santutxu auzoan. Horren harira atxilotu zuten gaztea; Herrizaingo Sailak, baina, ez zuen zehaztu atxiloketaren arrazoia. Lekukoen arabera, Ertzaintzak «bortitz» jokatu zuen bai gaztearekin, eta bai atxiloketaren berri jakitera joan ziren lagunekin ere.