«Donostia osoan ez dago kalean lo egiten duen zakurrik. Hemen badaude bi edo hiru egunez ezer jaten ez duten pertsonak». Youssefen hitzak dira. Hemen hori Donostiako Martutene auzoko salestarren eraikina da. Lanbide heziketako zentro izana da —2003an itxi zuten—, eta urteak daramatza abandonatuta. Hutsik ez, ordea: 111 lagun bizi dira bertan —107 gizon eta lau emakume—, gehienak magrebtarrak, 20-40 urte artekoak. Epaile batek ezarri du eraikina husteko eguna: abenduaren 4a, osteguna.
Youssef komunikabideen aurrean agertzera ausartu da, eraikinean bizi diren lagunen izenean. Baina bere burua babestu du, aurpegia estaliz. Egoera zailean bizi dira: ez dute urik, argindarrik... «Ezer ez, 2025. urtean». Eraikineko leiho gehienak hautsita daude, zaborra dago inguruan, hezetasuna, arratoiak ikus daitezke... Kaleratzen badituzte, egoera gordinagoa izango da. «Nora joango gara?», galdetu du. «Pentsatu zuek zer egingo zenuketen gure egoeran». Gizatasuna eskatu du: «Anaiak baikara». Laguntza eskatu du: «Mesedez, bilatu konponbide bat». Youssefek jarri ditu hitzak, baina inguruan izan ditu eraikinean bizi diren dozena bat lagun.
Donostiako zortzi taldek agerraldia egin dute salestarren eraikinaren aurrean, kaleratzeko agindua gaitzesteko, baina baita Donostian kalean bizi direnen egoera eta erakundeen babes falta salatzeko ere: Amara Berri Ehuntzen-ek, Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Donostiako Harrera Sareak, Herripe auzo elkarteak, Guztiontzako Egia auzotarren sareak, Kaleko Afari Solidarioek, Martuko Harrera Taldeak eta Saretxe etxebizitza sindikatuak.
«Donostia osoan ez dago kalean lo egiten duen zakurrik. Hemen badaude bi edo hiru egunez ezer jaten ez duten pertsonak»
YOUSSEFÂ Martutenen hustu asmo duten eraikineko bizilaguna
Gaur egun, eraikina Gune fundazioarena da. Eusko Jaurlaritzari erosi zion iaz. Fundazioak lanbide heziketako zentro bat jarri nahi du berriro ere bertan, Ortzadar. Gune fundazioak eraikina husteko eskaera aurkeztu, epaitegiek baimena eman, baina eraikinean bizi direnetako batek helegitea aurkeztu zuen. Pertsona horrek bi urte baino gehiago daramatza han bizitzen, eta argudiatu zuen «pertsona zaurgarria» dela. Orain, baina, epaileak fundazioaren alde egin du berriro: hala, eraikina husteko baimena eman du, eta eguna jarri ere bai.
500 lagun bizi dira kalean Donostian
Taldeetako ordezkariek esan dute berez eraikina husteko agindua otsailerako emana zela, baina epaileak, «ustekabean», ostegunera aurreratu duela. Beraz, 111 lagun kale gorrian geratuko dira negu betean. Agerraldia egin duten taldeek zehaztu dutenez, Donostian 500 pertsona bizi dira kalean, eta udalak zera eskaintzen die, hiru hilabetean behin aterpe batean bost gau pasatzeko aukera. Horren harira, salatu dute La Sirena udal aterpea —ehun leku ditu— itxita dagoela. Izotza egitekoa den gauetan zabaltzen du Donostiako Udalak.
Taldeek uste dute erakundeak Martuteneko eraikinean bizi direnen egoeraren erantzule direla, «garbi»: «Udalak, aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak aspalditik dakite herritar hauek kalean geratuko direla, gutxienez iazko ekainetik, eta ez dute ezer egin egoera horri aurre egiteko, ez dute aurkeztu inolako kontingentzia planik».
«[Erakundeek] Gizarte zerbitzuen eta giza eskubideen bidea hartu beharrean, Poliziarengana jo dute, eskolan bizi diren pertsonak babesik gabe utzita»
ERAIKINA HUSTEAREN KONTRAKO TALDEAK
«Sektore atzerakoienen» presioari men egitea egotzi diete erakundeei, kalean ez geratzeko baliabideak jarri beharrean, «indarrez kanporatzea» erabaki dutelako: «Gizarte zerbitzuen eta giza eskubideen bidea hartu beharrean, Poliziara jo dute, eskolan bizi diren pertsonak babesik gabe utzita». Martutenen bizi direnek jo dute gizarte zerbitzuetara, baina prozesuak oso motelak dira.
Espainiako Atzerritarren Legea
Adierazi dute kaleratzekotan diren horiek ez luketela Martuteneko eskolan bizi behar. Neurri handi batean, egoera Espainiako Atzerritarren Legeak ezarritako «oztopoen» ondorioa da, haren pean daudenek bi urtez «egoera irregularrean» bizi behar baitute, «oinarrizko bizi baldintzak bermatuta eduki gabe, etxebizitza izateko aukerarik gabe, lan baimenik gabe eta diru sarrerarik gabe».
Ostegunean kaleratuko dituzte eraikinetik. Manifestazioa antolatu dute egun horretarako: 19:00etan abiatuko da, Egia auzoko justizia jauregitik.
Manifestazioa egingo dute ostegunean, 19:00etan, Egia auzoko justizia jauregitik abiatuta
Martuteneko eraikineko bizilagunak auzoko delituekin lotu izan dituzte. Migratzaileak kriminalizatu dituzten mezu arrazistak eta xenofoboak agertu dira auzoan. Herritarren protestak eta mobilizazioak izan dira. Sarroeta auzo elkarteak, ordea, «konponbide integral bat» eskatu izan du, bai delituei aurre egiteko, baina baita kalean bizi diren horien beharrei erantzuteko ere.
Arrazakeria, goraldian
Etxegabetzearen kontrako taldeek uste dute arrazakeria goraldian dela Donostian, ideia erreakzionarioak eta arrazistak zabaltzen ari direla, eta migratzaile magrebtar gazteen kontrako «gorrotoa eta deshumanizazioa» areagotzen ari dela. «Diskurtso hori gazteekin inoiz hitz egin gabe sortu da, haiei galdetu gabe eskolan zergatik bizi diren, zerk eraman dituen egoera horretara edo benetan zer alternatiba dituzten». Haiek ezagutu gabe, alegia.
Hitza hartu du Youssefek. «Jende askok esaten du lapurtu egiten dugula», esan du. Onartu du batzuek lapurretak egin dituztela. «Bilatu ezazue arazoa nondik datorren», mintzatu zaie komunikabideei. «Batzuek ez dute ezer jaten bi edo hiru egunez. Esaten dute kartzelan hobeto bizi direla hemen baino. Han badituztela dutxa, ohea, medikua, botikak eta ikuzgailua».