Ostiral honetan finkatuko dute Euskal Elkargoaren osaketa berria

Lurralde eremuetako buruak izendatu, eta lehendakariorde izateko hautagaiak proposatu dituzte azken egunetan. Proposamen horien arabera osatu beharko du batzorde exekutiboa Alain Iriart lehendakariak.

Euskal Hirigune Elkargoko agintaldi honetako lehen batzarra, apirilaren 11n. PATXI BELTZAIZ
Euskal Hirigune Elkargoko agintaldi honetako lehen batzarra, apirilaren 11n. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko apirilaren 22a
15:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Hirigune Elkargoaren osaketa berria ostiral honetan finkatuko dute, Baionan eginen duten elkargoko biltzarrean. Orduan bozkatuko dituzte elkargoko batzorde iraunkorra eta exekutiboa, eta baita elkargoari lotutako herriarteko sindikatu eta bestelako egituretan izanen diren ordezkaritzak ere. Apirilaren 11n sorpresa izan zen elkargoko lehendakariaren hautaketan, ustekabean Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezari gailendu baitzitzaion Alain Iriart Hiriburukoa. Ostiral honetako biltzarrean ez da hainbesteko aldaketarik espero. 

Izan ere, Euskal Elkargoko gobernantza itunak definitzen du elkargoko ardura postuen hautaketa: lehendakariak izendatzen ditu, baina lurralde eremuetatik egindako proposamenen arabera. Biztanle kopuruaren arabera finkatua da instantzia bakoitzean eremu bakoitzak duen ordezkaritza. Azken bi asteetan bilkurak egin dituzte tokian-tokian, eremuetako erreferenteak izendatu, eta lehendakariorde eta gaikako kontseilari ordezkari izateko hautagaiak proposatzeko. 

Hiru egitura ditu gaur egun Euskal Elkargoak. Herrietako ordezkaritza duten 232 hautetsiak elkargoko biltzarrean biltzen dira; hori da instituzioaren erabakigune nagusia. Ondoren, batzorde iraunkorra dago, 72 hautetsik osatua, elkargoaren egunerokoa kudeatzeko; gaiak elkargoko biltzarrera eraman aitzin gai horiez gogoetatzeko eta haiek lantzeko ardura du, eta bigarren mailako erabaki batzuk hartzeko gaitasuna ere badu. Eta, azkenik, batzorde exekutiboa dago, elkargoaren gobernua, nolazpait errateko, 34 ordezkari dituena: hamabost lehendakariorde, bederatzi kontseilari ordezkari eta hamar lurralde eremuetako erreferenteak. 

Gehiengoa Lapurdin

Euskal Kosta-Aturri eremuak du ordezkari gehien egitura guzietan; Baionak, Angeluk, Miarritzek, Bidartek eta Bokalek osatzen dute eremu hori. Batzorde iraunkorrean 27 eserleku dagozkio eremu horri, eta exekutiboan hamar leku ditu, eremuko erreferenteaz gain. Lehengo astean egin zuten bilkuran, bost herrietako auzapez eta hautetsi nagusiak izendatu zituzten exekutiboan kargu hartzeko, hala nola Sylvie Durruti eta Joseba Erremundegi Baionako hautetsiak, Claude Olive Angeluko auzapeza, Emmanuel Alzuri Bidartekoa, Serge Blanco Miarritzekoa eta Mathieu Horn Bokalekoa. 

Hego Lapurdikoek ere pisu handia dute. Lapurdiko kostaldeko herriak biltzen dituen eremuak hamalau leku ditu batzorde iraunkorrean, eta sei eserleku atxikiak zaizkio batzorde exekutiboan. Hor ere, herri nagusietako auzapezak izendatu dituzte karguak hartzeko, hala nola Jean-François Irigoien Donibane Lohizuneko auzapeza, Kotte Ezenarro Hendaiakoa, Eneko Aldana Ziburukoa, Benedicte Luberriaga Azkainekoa, Christophe Jauregi Senperekoa eta Sebastien Etxebarne Urruñakoa.

Gainerako eremuetan ere, hautetsi nagusienak ageri dira karguak hartzeko proposamenetan: Antton Kurutxarri Garazi-Baigorri eremuan, Daniel Olzomendi Iholdi-Oztibarren, Peio Etxeleku eta Nicole Etxamendi Errobi eremuan, Bernard Lougarot eta Christelle Mange Zuberoan edota Arnaud Fontaine Amikuzen. 

Hortik aitzina, Iriarten esku izanen da orekak atzematea, gizon eta emazte arteko parekidetasunari begira batetik, baina bereziki segida eta aldaketaren artean.

 

lurralde eremuetako ERREFERENTEAK

  • Hego Lapurdi. Cedric Curuchet (Getaria). 
  • Bidaxune.

    Laurence Massondo-Bessouat (Burgue-Erreiti).

  • Amikuze. Eric Narbaitz (Arboti-Zohota).
  • Iholdi-Oztibarre.

    Beñat Cachenault (Iholdi)

    .
  • Euskal Kosta Aturri. Jean Rene Etxegarai (Baiona).
  • Hazparne. Isabelle Pargade (Hazparne).
  • Garazi-Baigorri. Gilbert Ozafrain (Aintzila).
  • Errobi.

    Helene Marty-Chaleon (Uztaritze)

    .
  • Aturri-Errobi. Raymond Darricarrere (Urketa).
  • Zuberoa. Peio Quihillalt (Ligi-Atherei).

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA