Otegi askatzeko exijitzeko 2.500 sinadura inguru batu dituzte jada

Manifestazio nazionala egingo dute larunbatean Elgoibarren, ezker abertzaleko buruzagia askatzea galdegiteko

Erredakzioa
Donostia
2011ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Arnaldo Otegi Askatu, Politika Askatu plataformak sinadurak biltzeari ekin dio ezker abertzaleko buruzagia askatzeko eskatzeko. Larunbat honetan, apirilaren 30ean, manifestazio nazionala egingo da Elgoibarren, eta sinadura bilketa manifestazio horren karira egin du; dagoeneko 2.500 herritarrek izenpetu dute ekimena.

«Euskal Herriak nazio moduan politika egiteko eskubidea izan behar duelako. Euskal Herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea izan behar duelako. Euskal herritar guztiok politikan libre aritzeko eskubidea izan behar dugulako. Prozesu demokratiko eta bakezale baten alde lan egitearren kartzelatua izan delako Arnaldo. Erabaki politiko eta ez judizial baten ondorioz gatibu dutelako. Arnaldo kalean nahi eta behar dugulako», dio 2.500 herritarrek jada izenpetutako agiriak.

Uxue Alberdi, Maialen Lujanbio, Xabier Amuriza, Fermin Muguruza, Eñaut Elorrieta, Juan Luis Zabala, Juan Gorriti, Rafa Larreina... dira agiria izenpetu duten pertsona ezagunetako batzuk. Alderdi politiko, sindikatu eta bestelako elkarteek ere atxikimendua adierazi diote ekimenari. Besteak beste, ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak; LABek, Hiruk, EILASek eta EHNEk; ESAITek, AHTrik Ez! elkarteak... Atzerritik ere izan dira agiria izenpetu dutenak; Kataluniatik, Galiziatik, Frantziatik nahiz Espainiatik hainbat erakundek egin dute bat, baita herrialde gehiagotako norbanakoek ere.

Larunbatean, 17:30ean

Apirilaren 16an egin zuten datorren larunbaterako manifestazio nazionalerako deia. «Arnaldo espetxean egoteko arrazoiak politikoak dira. Denok dakigu bahitu politikoa dela. Arnaldok kalean behar du ilusioz betetako aro berri honetan, bere esku hartzea beharrezkoa dugulako aurrera eman nahi ditugun pausoetan», esan zuten deitzaileek. Manifestazioa larunbateko 17:30ean abiatuko da, Elgoibarren.

@Arnaldo Otegiren aldeko agiriaren atxikimenduak ikusteko: arnaldotegi.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.