Eskuinari eta eskuin muturrari buruz aritu da Arnaldo Otegi, eta lotu egin ditu ildo hori eragiten ari den egoera eta gaur egun erakundeetan 2026ko aurrekontuak negoziatzeko dauden aukerak. ETBn egindako elkarrizketa batean, EH Bilduko idazkari nagusiak ziurtatu du euskal herritarrek hauteskundeetan eskatu zutela «eskuinak eta eskuin muturrak ez gobernatzeko», eta salatu du erakunde nagusiak gidatzen dituzten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, «tentazioa» dutela «PPrekin akordioak egiteko».
«Arartekoarekin egin berri dute, eta, aurretik, Gipuzkoan egin zuten, Gasteizen eta Durangon, EH Bilduk ez gobernatzeko», jarraitu du Otegik. Segidan, egungo aurrekontuen negoziazioari begira jarri da: «Ez da koherentea esatea aurrekontuak EH Bildurekin eta PPrekin negoziatu nahi dituztela. Izan ere, PP hau da Pradalesek aipatu zituen 'garai ilunak' gidatzen dituena». Eta bukatzeko, adierazi du Espainiako eskuinak legez kanpo utzi nahi duela EH Bildu: «Herrialde honetako lehen indarra ilegalizatu nahi duenarekin adostu nahi dituzte aurrekontuak».
Horiek horrela, Otegik azaldu du koalizio abertzaleak «beste eredu bat» duela «faxismoari aurre egiteko». Faxismoaren hedapena mugatzeko «gehiengo sozial handi bat egituratzea» proposatu du. Gehiengo hori azaroaren 22ko Bilboko manifestazioan ikusiko dela erantsi du.
Edonola ere, ziurtatu du EAJk eta PSEk aukeratu egin beharra dutela aurrekontuen negoziazioan: EH Bildu edo PP, bi aukerak bateratzea ezinezkotzat jo baitu. Eta mezu bat helarazi die propio sozialistei: «PSEk ulertu behar du aurrekontuen akordioa ezin duela PPrekin egin, haien presidentea kartzelan sartu nahi duen alderdi horrekin berarekin, alegia».
Gipuzkoan, «ekarpen arduratsua»
Bien bitartean, egunotan alderdiak jakinarazten ari dira zer lehentasun dituzten aurrekontuen negoziazioei begira, eta, Gipuzkoakoei dagokienez, lurralde horretako Batzar Nagusietako EH Bilduren eledun Maddalen Iriartek agindu du «ekarpen arduratsua eta eraikitzailea» egingo dietela aurrekontuei, baina baldintza bat jarri du horretarako: Gipuzkoako Foru Aldundiko bazkideek, hau da, EAJk eta PSE-EEk « PPri haizerik ez ematea eta eskuin muturra ez gizentzea».
Iriartek esan du, «ezer baino lehen», foru gobernuak argitu beharra duela «norekin eta zein gehiengoz egin nahi duen bidea». Haren arabera, ez da gauza bera «lurralde honetako herritarren gehiengoa ordezkatuz» bide egitea, «EH Bildurekin batera», edo PPrekin akordioak lotuz egitea; «eskuin muturrari haizea ematen diote, jakinik, besteak beste, klima aldaketa ukatzen duela». Iriartek uste du aurrekontuen negoziazioetan «jauzi kualitatibo bat» egin behar dela, ez dadin «kopuru ariketa hutsa» izan.