Euskal Herriak bizi duen egoera politikoari eta eskuin muturraren gorakadari aurre egiteko, «ezberdinen arteko» gutxieneko programa bat defendatu du gaur Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak. Haren esanetan, «ezohiko egoera politikoan» dago Euskal Herria, eta horren aurrean «ezohiko gauzak» egin behar dira. «Betiko gauzak eginez gero, tronpatu egiten baikara», adierazi du. Hala, Otegik gutxieneko programa baten inguruko «ortzi muga komun» bat eraikitzera deitu du, «nork bere proiektu politikoan aurrera» egiteko aukerari ateak itxi gabe. Eta argi berretsi du koalizioaren norabide politikoa zein den: «Gu independentistak gara».
EH Bilduk bere konferentzia politikoa egin du gaur Gasteizko Europa jauregian, Badatorren Euskal Herria lelopean. 475 koaliziokide bildu dira urte politiko berrirako erronka eta helburu nagusiak eztabaidatu eta adosteko, eta haien aurrean mintzatu da Otegi: «Mundua aldatu egin da, eta azkar». Iraultza teknologikoa, klima aldaketa, pobrezia eta aldaketa geopolitikoak aipatu ditu, besteak beste, eta ohartarazi du datozen urteetan aldaketak are azkarragoak izango direla. Horregatik, haren esanetan, «ez dago denborarik ez bizikleta estatikoan ibiltzeko, ezta inertziarako ere». Lidergoa eta «anbizio nazionala» eskatu ditu, eta nabarmendu du gaur hartzen diren erabakiek etorkizuneko aukerak baldintzatuko dituztela.
«Ez dago denborarik ez bizikleta estatikoan ibiltzeko, ezta inertziarako ere. Lidergoa eta anbizio nazionala behar dira»
ARNALDO OTEGIEH Bilduko idazkari nagusia
Otegik eskuin muturraren eta autoritarismoaren gorakadari ere erreparatu die. Haren arabera, «mehatxu egoera batean» dago Euskal Herria, eta datozen hilabeteetan «zazpi lurraldeak eskuin muturraren esku» egon daitezkeela ohartarazi du. «Herrialde osoa dago mehatxupean», azpimarratu du. Testuinguru horretan, demokraziaren defentsarako «azpiegitura demokratikoak» eraiki behar direla aldarrikatu du. Bere hitzetan, eskuin muturraren aurkako «antidotoa» ez da soilik haren diskurtsoari aurre egitea, baizik eta herritarren bizi baldintzak bermatuko dituzten politika publikoak egitea. «Bizitza duinak eraiki behar dira, eta jendeari bermatu behar zaizkio».
Koalizioaren barruan, «ustelkeria zero» eta «eredugarritasuna» ere defendatu ditu. Horren harira, goraipatu egin du Donostiako alkate ohi Juan Carlos Izagirrek kargua utzi eta «jendea zaintzera» joateko erabakia hartu izana. Otegiren arabera, eredugarri izatea ere bada «antifaxismoa egitea».
Gobernantza ereduak
Egoera politiko berriari aurre egiteko hirugarren ardatz gisa, gobernantza eredua aldatzea proposatu du Otegik. Jose Antonio Agirre lehendakariaren legatua ekarri du gogora, eta haren garaian egoera ezohiko bati aurre egiteko osatu zen «kontzentrazio nazionaleko» gobernua jarri du erreferentzia gisa.
Otegiren esanetan, gaur egun ere «ezohiko egoera» bati erantzuteko formula berriak behar dira. Gutxieneko programa baten inguruan «ezberdinen» arteko akordio bat lortzea defendatu du. Eta, horrekin batera, autogobernuan sakontzea ere autoritarismoari aurre egiteko modu bat dela defendatu du. Haren esanetan, Euskal Herriak «gero eta erabakitzeko gaitasun handiagoa» izan beharko luke, egungo erronkei bere tresna propioekin erantzun ahal izateko.
«Mundu zaharra hiltzen ari da, mundu berria agertzeko zain dago, eta argi-ilun horretan munstroak sortzen dira», Antonio Gramsci filosofo eta politikari italiarraren esaldi ezaguna ahotan hartuta amaitu du hitzaldia Otegik: «Momentu horretan gaude». Hori hala, eta datozen hauteskundeei begira, nabarmendu du EH Bildu «familia politiko ezberdinen berradiskidetzerako espazioa» dela, «zubiak eraikitzen» dituela, eta «jendea duintasunez bizi dadin» lan egiten jarraituko duela.
Bestalde, gaurko batzarrean EH Biduko militanteek erabaki dute Paul Arzanegi izango dela koalizioko komunikazio arduradun berria. Halaber, EH Bilduren kode etikoa eta indarkeria matxistaren aurkako protokoloa onartu dituzte, aho batez.