Otegik «arduragabekeriatzat» jo du lanera itzultzea

EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegi, artxiboko irudi batean. GORKA ESTRADA / EFE
Iosu Alberdi.
2020ko apirilaren 13a
17:12
Entzun

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik kritika egin die Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri eta Nafarroako presidente Maria Txibiteri, gaurtik aurrera Hego Euskal Herrian beharrezkoak ez diren lanei ekin beharko zaielako. Otegik salatu du «Confebask, CEOE-eta» izan direla lanaren etena indargabetzeko erabakia hartu dutenak, «baina baita Urkullu eta Txibite ere, eta, Espainiako Estatuan, [Pedro] Sanchez presidentea».

Otegik adierazi du azken horiek ez direla ari «arduraz jokatzen», eta horren adibidetzat jarri du maskaren, norbera babesteko ekipamenduen eta koronabirusa atzemateko testen eskasia. Gaineratu du kasuak eta gaixo asintomatikoak zehazki zenbat diren jakin gabe eta estrategia komunitariorik eta jarraipena errazteko aplikaziorik gabe eman dela lanera itzultzeko pausoa. Horiek horrela, EH Bilduko koordinatzaileak uste du ezin dela bermatu langileen osasuna: «Ea oker gauden, baina uste dugu honelako neurriek eta erabakiek arriskuan jartzen dutela gure osasuna eta gure ekonomia».

Haren ustez, osasunarentzat eta ekonomiarentzat egungo egoera baino «okerragoa» litzateke beste konfinamendu bat ezarri beharra. Horregatik, nabarmendu du OME Osasunaren Mundu Erakundearen eta «mundu zientifikoaren» esanekin bat egiten duen plan bat proposatu duela EH Bilduk, lanera itzultzeko «neurri arduragabearen» aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.