Otegik EH Bilduren jardun munizipalista defendatu du: «Segurtasuna eskaintzen du»

Koalizioaren IV. Konferentzia Munizipalistan, EH Bilduko buruak adierazi du «lasai» eta «konfiantzaz» daudela. Udaletan «alternatiba sozial eta nazional» bat sortzeko egiten ari diren lana nabarmendu du.

Otegiren hitzaldia, gaur goizean, Burlatan. IÑIGO URIZ / FOKU
Otegiren hitzaldia, gaur goizean, Burlatan. IÑIGO URIZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko otsailaren 21a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtebete baino gehiago falta da Hego Euskal Herriko udal hauteskundeetarako, baina agerikoa da alderdi politikoek jada begi bat jarria dutela hauteskunde horietan. Horrek «antsietatea» eragin diezaieke zenbaiti, baina, kontrara, EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik «lasaitasuna» adierazi nahi izan du gaur. Burlatan (Nafarroa), koalizioko ehunka alkate eta zinegotziren aurrean, koalizioaren proiektu politikoa defendatu du, eta nabarmendu du zer-nolako garrantzia duen udalgintzak Euskal Errepublika eraikitzeko bidean eta «alternatiba sozial eta nazional» bat sortzeko lanean: «Pertsonen bizitzetan segurtasuna eskaintzen du».

Konfiantzarekin bat egin lelopean egin dute EH Bilduren IV. Konferentzia Munizipalista, eta irudi hori azaldu nahi izan du Otegik bere mintzaldian: «Gu lasai gaude, pozik gaude, eta konfiantzaz beterik. Ardurak ditugu, kezkak ditugu, baina konfiantzaz gaude». Haren esanetan, herritarrek eman diete aukera hala sentitzeko. Batetik, gogoratu du Euskal Herriko lehen indar munizipalista direla. Bestetik, erreferentzia egin dio koalizioak martxan jarri duen «nazio elkarrizketari», eta esan du jada atera dutela lehen ondorioa hartatik: «Agenda mediatikoan dauden gauzak eta benetan herritarrak kezkatzen dituztenak ez datoz bat».

Kontrara, Otegik uste du koalizioak «arrazoi guztia» ez duen arren euskal herritar gehienek bat egiten dutela hark mahai gainean jarritako diagnostikoarekin: «Badaukagu proiektu bat, eta emaitzak argiak dira: gero eta jende gehiagok babesten du».

EH Bilduko buruak adierazi du ez direla «etsaiez tronpatzen», eta badakitela noren alde ari diren lanean. Haren hitzetan, «herritar gehienen interesak» defendatzea dute xede, eta etsaiak «bi estatu [Espainia eta Frantzia] eta autoritarismoa» dira.

Hain justu, herritarren mesedetan eta etsaiak gorabehera, «alternatiba sozial eta nazional» bat eskaintzea du xede EH Bilduk, koalizioko buruaren hitzetan. Arlo nazionalari erreparatuz, Otegik ez dio EAErako estatus politikoaren inguruko negoziazioari erreparatu, eta horren ordez Euskal Herri osora zabaldu du auzia, modu orokorrago batean, «erronka berriei zein zaharrei» erantzuteko botere politikoa behar dela esanez.

Gogoratu du martxoan herriko bozak egingo dituztela Ipar Euskal Herrian, eta salatu du ez dituela Hegoaldeko agenda politikoan ikusten: «Badakizue zergatik? Lurralde zatiketak kristoren mina egiten digulako herri bezala. Eta hemen, Nafarroan, berriz ere aldarrikatu nahi dut: lurralde zatiketa gainditu behar da termino politikoetan».

Horri lotuta, berretsi du EH Bilduren proiektu politikoa «zazpi lurraldeen osotasuna» duela jomugan, eta bertan bizi eta lan egiten duten herritar langileen ongizatea. «Hori da gure bokazioa», esan du, eta ahalegin horretan udalgintzak duen garrantzia nabarmendu: «Gure munizipalismoa aberri askatasuna defendatzen duen munizipalismoa da».

Eta zereginak jarri dizkio EH Bilduri arlo horretan. Batetik, «klase herritar eta gehiengo sozialen» mesedetan lan egitea; batez ere, «sektore zaurgarrienen arazoei» aurre egiteko. Hala, adierazi du EH Bilduk «sozialismoan inspiratutako» politika aurrerakoiak babesten dituela: migratzaileen harrera, euskararen aldeko lana, politika sozialak eta etxearen auzia «erdigunean» jartzea aipatu ditu; azken gai hori izan da konferentziaren ardatz nagusia. Azaldu du, halaber, auzi horiek guztiak segurtasunaren inguruko eztabaidan kokatu behar direla, hura «termino integraletan» ulertuta: «Bizitzan segurtasunak behar dira, eta horretarako eskubide guztiak bermatu behar dira».

Otegiren esanetan, politika sozial horiek Euskal Errepublika eraikitzen laguntzen dute, behin hura eratzean egin ahal izango denaren «aurrerapen» bat direlakoan: «Ez da utopia bat, ez da noizbait lortuko den zerbait, egunero eraikitzen ari garen errealitate sozial eta nazional berri bat da. Hori da gure xedea». Eta haren oinarriak ere gogoratu ditu: «Errepublika forma edukiko du, eta justua, euskalduna, feminista eta sozialista izango da».

Gaitzespena

Ekitaldia minutu bateko isilunea eginda hasi dute bilkideek, eta «gogor gaitzetsi» dute Sarrigureneko (Nafarroa) hilketa matxista. Hain zuzen, auzi horri zuzendu dizkio Otegik bere hitzaldiko lehen hitzak. «[Donostiako] Belodromoan, kartzelatik atera berritan, esan nuen ez dagoela herrialde justu bat, herrialde orekatu bat, herrialde aurreratu bat populazioaren erdia beldurrez eta eskubiderik gabe bizi bada», oroitu du. Haren esanetan, halako jazoerek Euskal Herria interpelatzen dute herri gisa, eta, zehatzago, gizonezkoei zuzendu zaie: «Ardura bikoitza daukagu. Gure konplizitate guztiak bukatu behar dira halakoak ezinezko egiteko». Aurrez, ohar baten bidez, koalizioak dei egin du mugimendu feministak Euskal Herrian antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko. «Indarkeria matxistaren aurrean, atzerapausorik ez», adierazi dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA