Poliziak gizon bat atxilotu du Sarrigurenen, emaztea labanaz hiltzea eta ama larri zauritzea leporatuta

Ustezko erasotzaileak andrea labanaz hil, eta larri zauritu du ama. Poliziak atxilo hartu du gizona. Elkarretaratze jendetsua egin dute Sarrigurengo udaletxearen aurrean.

Sarrigurengo hilketa matxista salatzeko kontzentrazioa, Eguesibarko udaletxearen aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Sarrigurengo hilketa matxista salatzeko kontzentrazioa, Eguesibarko udaletxearen aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Jon O. Urain - Jon Ordoñez Garmendia
2026ko otsailaren 21a
12:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizonezko batek 28 urteko emakumezko bat hil eta beste bat larri zauritu zuen ostiral iluntzean Sarrigurenen, Nafarroan. Hilketa 19:30ean gertatu zen, Nafarroako Erresuma etorbideko etxe batean; gizonezkoak labanaz eraso zion bikotekideari, eta, larrialdi zerbitzuak bertara joan zirenean bizirik bazen ere, ezin izan zuten emakumea suspertu. Gizonak larri zauritu zuen beste emakume bat, bere ama, hain justu. Biktima Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman zuten eta ebakuntza bat egin zioten gauean. Sekretupean da sumarioa, baina zenbait hedabidek argitaratu dutenez, emakumeak erraina babesten saiatu zenean egin zion eraso gizonak. Bikoteak lau seme-alaba dauzka, guztiak adin txikikoak, eta horietako bat etxean zen hilketa gertatu denean.

Emakumeei eraso egin ondoren, gizonak etxebizitzatik ihes egin zuen, baina Polizia telefonoz jarri zen harekin harremanetan, eta geroago bere burua aurkeztu zuen polizia etxean, eta atxilo hartu zuten. Foruzainak gertatutakoa ikertzen hasi dira. Zenbait hedabidetan zabaldu denaren arabera, bikotea banatzeko prozesuan zen, eta eztabaida baten ostean izan zen erasoa. Zenbait bizilagunek oihuak entzun zituzten, eta gazte batzuek ohartarazi zituzten larrialdi zerbitzuak.

hilketa matxisten mapa
2003tik, 133 emakume eta 13 haur hil ditu indarkeria matxistak (egin klik mapa gainean).

Udaleko bozeramaileen batzordeak bilera bat egin du gaur goizeko hamarretan, hilketa matxista gaitzesteko, eta elkarretaratze baterako deia egin dute. 17:00etan izan da, udaletxeko atarian. Dozenaka herritar eta erakundeetako ordezkari bildu dira, hilketa salatzeaz gain, hildakoaren senideei eta gertukoei babesa adierazteko. Bertan izan dira, besteak beste, Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordea, Ana Ollo Memoria eta Bizikidetza kontseilaria eta Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea. Baita alderdi politiko guztietako ordezkariak ere, Voxekoak salbu. Kontzentrazio isila eta laburra izan da. Bukatutakoan, Xuriñe Peñas Sarrigurengo alkateak txalo egiteko eskatu die bildutakoei. 

Peñasek eskerrak eman dizkie herritarrei. Erakundeek batu egin behar dutela uste du: «Ikusten baitugu zerbaitek ez duela funtzionatzen, zerbait ez dugula ondo egiten, eta indarkeria matxistaren kontrako politikak bultzatu behar ditugu. Batzuek ez dela existitzen esaten badute ere, existitzen da».

Sarrigurengo hilketa «gizarteko egiturazko matxismoaren isla» da Remirezentzat. «Egoera horietan» dauden emakumeei eskatu die «abusu, matxismo edo bortizkeria egoera txikiena» jasanez gero, salatzeko. «Matxismo egoera txikienak salatuz bakarrik egin ahalko ditugu urrats sendoak gure gizarteko egiturazko matxismoa geratzeko». Salatzeko eskatu die, «haiek hartzeko eta babesteko erakunde sare oso bat dagoelako».

Protestak bihar eta etzi

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak bihar egingo du protesta: 12:00etan, Iruñeko Udaletxe parean. «Eraso hau ez da gertaera isolatu bat», gogora ekarri du hilketa salatzeko kaleratu duen oharrean: «Feminizidio bat da, gure kale eta etxeetan dirauen indarkeria zisheteropatriarkalaren adierazpen gordinena». Mobilizazio gehiago ere iragarri ditu: astelehenean egingo dituzte, Bilboko Arriaga plazan, Donostiako Bulebarrean, eta Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan, 19:00etan.

Itaiaren bilkura Iruñeko Udaletxe plazan, Sarrigurengo hilketa matxista salatzeko. ION ORZAIZ
Itaiaren bilkura Iruñeko Udaletxe plazan, Sarrigurengo hilketa matxista salatzeko. ION ORZAIZ

Itaia ere gaur atera da kalera: 11:30ean elkarretaratzea egin dute Iruñeko Udaletxe plazan. Eraso orori aurre egiteko beharra azpimarratu du antolakundeak, baita «erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatzearena ere». Emakumeen aurkako bortxak dituen alde ugariez ohartarazi dute; gogora ekarri dute, adibidez, atzo bertan Iruñean bost gizon atxilotu zituztela emakumeei iruzur egitea eta haiek sexualki esplotatzea egotzita. «Munduan milaka emakume daude egoera horretan, eta ezin dugu beste alde batera begiratu». Horiek horrela, indarkeria horiei aurre egiteko «baldintzak» sortu behar direla gogoratu dute, eta eraso orori erantzun egin behar zaiola beti. Indarkeria matxistaren aurkako borrokan kalean indartzeko garaia dela adierazi dute. Iruñeko kaleetan mobilizatzera deitu, eta Euskal Herriko beste leku batzuetan ere protesta egiteko deia luzatu dute: Altsasun, Azkoitian, Azpeitian, Beasainen, Elorrion, Gernikan, Legazpin, Tolosan eta Zestoan.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak gertatutakoa arbuiatu du X sare sozialean mezu bat zabalduta: «Beste hilketa bat. Bizitza kendu diote beste emakume bati; oraingoan, Nafarroan. Hemen ezin da arrakalarik egon. Nire gaitzespen irmoena; nire babesa familiarentzat».

EH Bilduk mobilizazioetan parte hartzera deitu du, eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan atzerapausorik ez emateko eskatu du. Maddalen Iriartek esan du indarkeria matxista egiturazko arazoa dela, eta errotik heldu eta aurre egin behar zaiola. Geroa Baik hilketa gaitzetsi du, babesa adierazi die biktimaren hurkoei, eta zaurituta dagoen emakumea lehenbailehen osatzea espero duela adierazi.

Cristina Ibarrola UPNko presidenteak ere doluminak eman dizkio familiari, eta esan du «genero indarkeriaren izurria» desagerrarazteko erakundeek egindako ahalegin guztiak «gutxi» izango direla. PPk esan du halakorik ezin duela berriro gertatu. Contigo-Zurekin-ek aski dela dio mezu batean, eta Ahal Dugu-k elkartasuna adierazi dio familiari.

Lehena

Euskal Herrian aurten gertatu den lehenbiziko hilketa matxista da Sarrigurengoa; 2003az geroztik, 133 andre eta hamahiru haur hil dituzte gizonek, horietatik 25 Nafarroan. Azken hilketa matxista iazko abenduaren 21ean izan zen, Barakaldon (Bizkaia): gizonezko batek Josune M. D. hil zuen. 54 urte zituen. Iaz, zazpi emakume hil zituen indarkeria matxistak. Gainera, 2024ko ekainaz geroztik desagertuta dago Laure Zuchello; Urruñan bizi zen, Lapurdin, eta haren bikotekidea atxilo hartu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA