Urte politiko berria

Otegik ez du baztertu lehendakarigaia izatea oinarriek hala erabakiz gero

Hautagaia izateko erabakia militanteen esku utzi du. Hezkuntza Legea EAJrekin bakarrik onartzeko prest agertu da, adostasunik ez badago

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia —artxiboko irudia—. G.R./ FOKU.
edurne begiristain
2023ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eusko Legebiltzarrean hastear den azken urte politikoari eta datorren urteko hauteskundeei so jarri da EH Bildu. 2024ko ekain aldera egingo dira Eusko Legebiltzarreko bozak-aurreratzen ez badira-, eta oraindik argitzeko dago nor izango den koalizioaren lehendakarigaia. Hautagaia izango ote den galdetu zioten atzo Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiari Radio Euskadin, eta hark ez zuen atea erabat itxi. Adierazi zuen lehendakarigaia izango dela militantziak hala erabakitzen badu: «Jendeak nahi badu ere, uste dut erabakitzeko eskubidea irabazi dudala, eta herri honentzat ona edo txarra den erabakiko dut». 2016ko bozetan ez bezala, orain Otegi ez dago inhabilitatuta, eta beraz, lege aldetik ez luke arazorik izango hautagaia izateko. Nolanahi ere, azpimarratu zuen garrantzitsuena ez dela hori, baizik eta koalizioak aurkeztuko duen programa.

Ikusi gehiago: «Estatu eredu berri bat» sortzeko aukera ikusten du Iñigo Urkulluk

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak esan zuen koalizioak hiru lurraldeetan «irabazteko» asmoa duela, baina ez dutela «antsietaterik, ez obsesio ezta presa berezirik ere». Hiru erronka nagusi zehaztu zituen hurrengo legealdirako: klima aldaketarekin eta eskubide sozialekin lotutakoak, energiari eta demografiari lotutakoak, eta burujabetza.

Hezkuntza Legea

Horrekin batera, lehentasunen artean jarri zuen Hezkuntza Legea onartzea. Lege hori adostasun zabal batekin aurrera atera nahi du EH Bilduk, «ahalik eta legerik onena izan dadin», Otegiren hitzetan. Aitzitik, ziurtatu zuen adostasun zabala lortzea ez bada posible EH Bildu prest dagoela EAJrekin bakarrik onartzeko. «Hori al da desiragarriena? Ziurrenik ez; hobe da hezkuntza lege bat adostasun handiagoarekin egitea, baina adostasun handiagoak ezin gaitu lege txar bat egitera eraman».

Gaur-gaurkoz, erabateko adostasunik ez dago lege proiektuaren inguruan. Hezkuntza eragile batzuek egindako kritikez landa, hezkuntza ituna onartu zuten alderdien artean ere ez dago inolako batasunik: Elkarrekin Podemos-IUk iragarri du osoko zuzenketa jarriko diola, eta PSE-EEk «kezka» agertu du legearen hainbat atalekin.

Ikusi gehiago: Azken txanpan eta etxeko lanak egiteke

Otegik atzo azpimarratu zuen Hezkuntza Legea «ona» izan dadin lan egingo duela EH Bilduk, uste baitu Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat «proiektu estrategikoa» dela, baina ohartarazi zuen adostasun zabala lortzeak ez duela izan behar helburu bakarra eta nagusia: «Ahalik eta adostasun handiena lortzeak ez gaitu eraman behar edozein lege egitera».

Espainiako legealdi berriari begira, berriz, lurralde ereduari buruzko eztabaidaren garrantzia nabarmendu zuen, eta auziari «lasai eta sakon» aurre egingo diotela erantsi. Espainiako inbestidura saioari dagokionez, bestalde, gogoratu zuen EH Bilduk ez diola bide emango eskuineko gobernu bati, eta ezkerreko gobernu bat babestuko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.