Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak adierazi du bere alderdiak ez duela parte hartuko Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak «ekonomia suspertzeko» proposatutako Moncloako itunetan, eta ohartarazi du konfinamendua «bermerik gabe» bertan behera uztea «hasierako laukira» itzultzea bezala izan daitekeela.
Otegik bideokonferentzia bidezko prentsaurreko bat eman du gaur, esateko koalizio independentistaren Mahai Politikoak bihar erabakiko duela alarma egoera luzatzeari buruzko jarrera, neurri hori Espainiako Kongresuak onartu behar baitu aurrena. Halere, Otegik aurreratu du EH Bilduren erabakia «koherentea» izango dela orain arte izandako jarrerarekin; aurreko bozketetan, abstentziora jo zuten.
EH Bilduko koordinatzaile nagusiak argi utzi du alderdia ez dela egongo «Moncloako itunen berredizio batean»; izan ere, haren ustean, horrek eragingo lituzke «birzentralizazioa, eskubide sozialak eta ekonomikoak urratu eta murriztea, eta formula neoliberaletara itzultzea».
«Euskal Herriak badauka talentu, energia, eta gaitasun intelektual, ekonomiko eta enpresarial nahikoa eztabaidak hemen egiteko eta herrialde honek bigarren eraldaketarako behar dituen estrategiak hemen abiatzeko», adierazi du Otegik.
Nabarmendu du EH Bilduk krisiaren hasieratik konfinamendu «zorrotza» ezartzeko beharra defendatu zuela, eta azaldu du fase hau hurrengoari ekiteko aprobetxatu behar dutela, «bermeak» izateko «postkonfinamenduan». «Badirudi hasieran berandu iritsi zirenek oso azkar iritsi nahi dutela bukaerara, eta hori arduragabekeria handia izan liteke».