Otxandianok uste du Espainiako ezkerrak ulertu behar duela «aliantza plurinazional bat» behar dela

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen iragarpenaren biharamunean hitz egin du EH Bilduko bozeramaileak, Euskadi Irratian. EAJri eskatu dio Diputazio Iraunkorra baliatzeko etxebizitzaren bi dekretuei aldeko botoa emateko.

Pello Otxandiano Politika Orokorreko Osoko Bilkuran, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Pello Otxandiano Politika Orokorreko Osoko Bilkuran, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
nerea intxausti
2026ko urriaren 6a
11:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak ez du sorpresaz hartu Espainiako Gorteetako hauteskundeetarako deia, eta uste du aurre egin ahal zaiola «Espainiako bloke erreakzionarioari». Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, ezer baino lehen, ziurtatu du Euskal Herrian bloke erreakzionarioa gutxienekoa izango dela, baina Espainian PP-Vox gobernu bat osatzea «mehatxu larria» dela: «Euskal Herriarentzat, autogobernuarentzat, gure identitatearentzat, gure instituzioentzat, emakumeen eskubideentzat, gazteen eskubideentzat, behar dugun trantsizio ekologikoarentzat». Horri aurre egiteko, «demokrazia defendatzen dutenak» elkartzearen alde egin du.

Aliantzak mantenduko dituztela ziurtatu du Otxandianok, baina EH Bilduk ezin dituela konpondu «Espainiako ezkerrak dituen arazoak»: «Espainiako ezkerrak ulertuko balu proiektua aliantza plurinazional batean planteatzeko beharra duela, bidearen erdia egina legoke; EH Bilduk Euskal Herrian emaitza onak aterako ditu; BNGk Galizian ere bai; eta ERCk Herrialde Katalanetan, segur aski, ere bai».

Galdetuta Espainiako ezkerreko alderdiek antolaketa bateratu bat lortuko ote duten, erantzun du posible dela: «Uste dut Alderdi Sozialistak emaitza onak lortu ditzakeela, eta uste dut badaudela baldintzak mobilizazio handi bat gertatzeko ezkerrean. Esperantza badaukat». 

Etxebizitzaren borroka kalean

Otxandianok adierazi du politika ausartagoak behar zirela Espainiako legegintzaldian, besteak beste etxebizitzaren gaiari aurre egiteko. Halere, ziurtatu du lan instituzionala eta kalea uztartzeak emaitzak ematen dituela: «Horiek kale mobilizazioarekin uztartu direnean, emaitzak eman ditu, eta PSOE ezkerretara mugitu da».

EH Bilduko eledunak uste du alderdi batzuk ez direla kontziente etxebizitzak zenbateraino baldintzatzen duen herritarren bizitza, eta EAJri mintzatu zaio: «EAJk ulertu beharko luke etxebizitzaren krisiak zenbaterainoko kalte sozial eta ekonomikoak sortzen dizkien gizarte sektore askori». Hala, jeltzaleei eskatu die Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorra baliatzeko etxebizitzaren bi dekretuen aldeko botoa emateko: «Oraindik aukera bat dauka, eta hausnartu eta atzera egin beharko luke. Bi dekretuen aldeko botoa eman, eta, modu horretara, etxebizitza larrialdiari erantzun berdinzale bat emango lieke».

Jose Antonio Agirre lehendakariaren gobernuak hartutako neurriak ere izan ditu hizpide, gobernu haren sorreraren urteurrenaren atarian: «Agirre lehendakariaren gobernuak %25 jaitsi zituen alokairuak, eta prezioak puzten zituzten etxejabeei penalizazio fiskalak ezarri zizkien». Oroitu du neurri horiek EAJko sailburu batek ezarri zituela. «Gobernu hark garaiaren kontzientzia argi bat izan zuen, ikuspegi humanista berdinzale inportante bat, gaurko testuinguruan ere oso funtsezkoa zaiguna». 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA