EH Bilduko eledun Pello Otxandianok ziurtatu du estatus berriaren inguruko negoziazioan «aurreratzen» ari direla EAJ, PSE-EE eta EH Bildu zenbait edukitan. «Azken minutura arte lanean jarraitu behar dugu», esan du koalizio abertzaleko legebiltzarkideak. Onartu du emaitzak lortzeko denbora tartea «oso murritza» dela, eta «ahalik eta intentsitate handienaz» jarraitu behar dutela lanean hiru indar politiko horietako ordezkariek, «lehenbailehen lor dadin akordio bat».
Baina RNE irratian egindako baieztapen horri ñabardura bat egin dio segidan Otxandianok: «Ez dut uste itoko gaituen epemugarik ezarri behar dugunik; ez dira ezarri behar estresa sortzen duten epemugak, ez baitituzte gauzak errazten». Berretsi du «diskrezioa» behar dela, eta ez dela «espektatiba batzuen jokoan» sartu behar. Izan ere, EH Bilduko eleduna sinetsita dago «estrategikoa den eztabaida» lantzen ari direla hiru alderdiak.
Otxandianoren arabera, estrategikoa eta garrantzitsua da negoziatzen ari direna, hitz egiten ari baitira «gaitasun politikoaz, autogobernuaz eta estatuarekin behar den harremanaz, herri honek dituen erronkei aurre egiteko». Baina, haren aburuz, ez da garrantzitsua soilik Euskal Herriaren ikuspuntutik. «Estatuarentzat ere garrantzitsua da, plurinazionalitatearen eztabaida ezagunaz ari baikara», azaldu du Otxandiano.
Milioi bat boto Madrilera
Horra iritsita, Otxandianok eskuin muturra eragiten ari den egoera izan du hizpide. Azaldu duenez, eskuin muturrak Espainiari buruzko ikuspegi jakin bat du, haren ustez «zentralista, homogeneizatzailea eta Senatuan dagoen pluraltasunaren ukatzailea». Horri soilik modu batera erantzun ahal zaio, koalizio abertzalearen bozeramailearen arabera: «Espainiako Estatuaren errealitate plurala demokratikoki kudeatuko duen proiektu batekin».
«EH Bilduk ez dio soluziorik emango Espainiako ezkerraren arazoari»
PELLO OTXANDIANO EH Bilduko eleduna
Nolanahi ere, gogoratu du Euskal Herria «tradizio antifaxista handikoa» dela, eta eskuin muturra «gutxiengoa» dela gurean. «Ez dugu Espainiak duen egoera, baina olatu erreakzionarioa oso handia da, kultur mailakoa. Sare sozialetan barreiatzen da, eta teknologia horrek tresnak ditu ideia erreakzionarioak zabaltzeko. Gizarte guztiei eragiten die horrek, baita Euskal Herriari ere».
Olatu horren aurka indarrak biltzera deitu du Otxandianok. «Pluraltasuna eta balio demokratikoak» defendatzen dituztenek bat egitea proposatu du. Hala, gogoratu du EH Bilduk jadanik egin duela Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan «herri gisa» aurkezteko proposamen bat. «Aukera daukagu Hegoaldeko euskal herritarren milioi bat boto mahai gainean jartzeko. Horren bidez, oso argi adieraziko genioke eskuin muturrari herrialde hau antifaxista dela, eta euren ideiak ez direla onartuko euskal gizartean». EAJk sarritan erantzun du baztertu egin duela EH Bilduk elkarrekin aurkezteko egin dion proposamen hori.
Koalizio subiranistako idazkari nagusi Arnaldo Otegik egin berri duen bezala, Otxandianok garbi esan du EH Bildu ez dela egongo Gabriel Rufianek bultzatu nahi duen ezkerreko proiektuan. Eledunak uste du «behetik gora» eraiki behar direla alternatibak, «EH Bilduk egin zuen moduan». Azaldu du ezker subiranistek gai izan behar dutela «alternatiba sendoak eraikitzeko euren nazioetan», eta hortik abiatuta beste ezkerrekin kolaborazioa eskaini du. Gogoratu du EH Bilduk «politika liberalen aurkako ekimenaren alde» jarri dituela bere botoak Espainiako Kongresuan.
Edonola ere, esaldi biribil batekin laburbildu du koalizioaren geroa zein izango den Espainiako hauteskundeak direla eta: «EH Bilduk ez dio soluziorik emango Espainiako ezkerraren arazoari».