Gasteiz, azken-aurreko geraleku

EH Bilduri sekula botoa eman ez dietenei «aldaketa» euren esku dagoela esan die Otxandianok; Pradalesek EAJren gobernuen kudeaketa goraipatu du; Anduezak «aurrera egiteko» aukera gisa aurkeztu du bere burua.

Otxandiano eta Otegi, gaur arratsaldeko ekitaldian, Gasteizen. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
Otxandiano eta Otegi, gaur arratsaldeko ekitaldian, Gasteizen. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
Gurutze Izagirre Intxauspe - Iosu Alberdi
2024ko apirilaren 18a
20:15
Entzun

Kanpainako azken-aurreko eguna izan da gaurkoa, eta EAJk eta EH Bilduk Gasteiz izan dute geraleku; PSE-EEk, berriz, Eibar (Gipuzkoa) aukeratu du. Arabak igandeko bozetan izango duen garrantziaren erakusle, lurralde horretako hiriburua da azken bi asteetan alderdiek mitin gehien egin dituzten udalerria. Atzerako kontaketa martxan, zalantzan dauden horiei begirako mezuak entzun dira arratsaldean.

EH Bildu: «Aldaketa», inoiz botoa eman ez dietenen esku

EH Bilduri inoiz botoa eman ez dietenei mintzatu zaizkie Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia eta Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia, Gasteizen. Aldaketa haien esku dagoela esan du Otxandianok, eta Otegik ideia horretan sakondu du: «Ez dizuegu eskatzen EH Bildukoak egiteko, laguntzeko baizik, gauzak aldatzen».

Gasteizko Plaza Berrian egin du azken aurreko geltokia EH Bilduk, bihar Bilbon bukatuko baitu kanpaina, Plaza Barrian. Rocio Viterok hasi du hitzaldia, Gasteizko zinegotziak. Gogora ekarri du Gasteizko Udalean boto gehien nola atera zituzten, eta «aldaketa horren gogoa» berriz adierazteko aukera igandean dagoela esan du.

Otxandianok «aldaketa gogo hori» kalean sumatzen du. Esan du geratu izan dutela kalean, esateko EH Bilduri emango diotela botoa lehen aldiz: «Zerbait diferentea egin dezakegula uste dutelako». Haiei mintzatu zaie: «Guri inoiz botoa eman ez digutenengana zuzendu nahi dut, haien botoa da boto erabilgarria, ezberdintasuna eragin dezakeena, herri hau martxan jar dezakeena, dauden aukeren barnean».

Berretsi du EH Bilduk «herri interesak» defendatzen dituela, ez «interes alderdikoiak». Esan du elkarguneak bilatuz akordio zabalak lortzea duela helburu, besteak beste, Osakidetza «berriz zutik jartzeko», etxebizitza eskubidea bermatzeko, herri feministago bat, euskaldunagoa eta berdinzalegoa eraikitzeko.

«Arabaren inflexio puntu bat egon zen, eta historia egiteko aukera» badagoela esan du. Gehitu du hori ez dela kasualitatea izan: «Herrigintzari esker izan da, egin delako politika bat elkarguneak bilatzen dituena, zubiak eraikitzen dituena, eta ez lubakiak».

Otegik aldaketaren mezu horretan sakondu du: «Ez dago ahal duen eta batzen duen beste ezkerrik. Ez naiz ari inori eskatzen EH Bildukoa egiteko, aldaketa ezkerretik egiten laguntzeko baizik». Bestetik, EAJk «anbizio nazionala» galdu duelakoan dago, eta hori EH Bilduk baduela esan du: «Ez diogu eskatzen inori EH Bildukoa egiteko, baizik eta laguntzeko gauzak aldatzen».

Pradales, gaur arratsaldeko ekitaldi hasieran, Gasteizen. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Pradales, gaur arratsaldeko ekitaldi hasieran, Gasteizen. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE

EAJ: Egindako kudeaketaren aldarria

EAJren Gasteizko mitina bi gaik ardaztu dute: «bi eredu kontrajarriren» arteko talka, eta EAJk Eusko Jaurlaritzan egindako kudeaketa. Lehenari dagokionez, Imanol Pradales lehendakarigaiak zehaztu du «partida zabalik» dagoela, eta Gasteiz eta Araba erabakigarriak izango direla. Hala, zalantzan daudenei dei egin die: «Abstentzioak nahi ez dugun horrek irabaztea ekar dezake».

Atzera begira, berriz, Jose Antonio Ardanza, Juan Jose Ibarretxe eta Iñigo Urkullu lehendakariek «Euskadi hobe baten» alde egindako lana goraipatu du Pradalesek, eta adierazi hiru aholku eman dizkiotela: «Euskadiren pluraltasuna besarkatzea», «bidea irekitzea» eta «zu zeu izatea».

EAJren gobernuen aldeko aldarri hori azken Eusko Jaurlaritzaren defentsa ere izan da. Hala adierazi du Arabako zerrendaburu Joseba Diez Antxustegik: «Harro gaude gure aurrekoek egindakoaz». Izan ere, bere aurretik Urkulluk eta Nerea Melgosa Berdintasun, Gizarte Politika eta Justizia sailburu eta Arabako zerrendakideak hartu dute hitza.

Urkulluk hasieratik aurkeztu ditu bi eredu kontrajarri. Lehenik, memoriaren auzia mahai gainean jarrita: «Igandean memoria kritikoa bozkatuko dugu». Ondoren, enplegua eta industria hizpide. Arlo horretan, EAJren eredua —«egonkortasuna» eta «kolaborazio publiko-pribatua»— goraipatu du, Mercedesek Gasteizerako iragarritako azken inbertsioa azpimarratuta. Horren aurrean, sindikatuen «greben dinamika» aipatu du: «Nora garamatza eredu horrek? Duguna arriskuan jartzera». Eta bide beretik, zaintza arlora eraman du alderaketa hori Melgosak. Adierazi du eurek jada martxan jarri dutela «zaintza ituna», eta beraz, EH Bilduren proposamenak «berandu» iritsi direla: «Euskadiren ongizaterako, kopiarik gabe: EAJ, originala».

Izan ere, EBBko presidente Andoni Ortuzarrek adierazi du «zentralitatea» eta «boto erabilgarria» eurenak direla: «Ez baduzu dugun guztia arriskuan jarri nahi, zure botoa EAJ da, eta zure lehendakaria, Imanol Pradales».

Jilete, Illa, Andueza eta Itxaso
Jilete, Illa, Andueza eta Itxaso, Eibarren, mitinean. PSE-EE

PSE: hirugarren aukera baten defentsa

Eneko Andueza lehendakarigai eta Bizkaiko zerrendaburuak etxean egin du kanpainako azken-aurreko geldialdia, Eibarren. Leku berezia, haren alderdikide eta Gipuzkoako zerrendaburu Denis Itxasok esan duenez: «Ez dakit kanpainako ekitaldi handiena den, baina bai ekitaldirik ederrena». Salvador Illa PSCko idazkari nagusi eta Generalitaterako presidentegaia ere han izan da.  

Anduezaren esanetan, bozen xedea ez da EAJren edo EH Bilduren artean aukeratzea: «Nazionalismoaren alternatiba ez da nazionalismo gehiago». Izan ere, uste du horiek ez direla «denentzat gobernatzeko» gai: bati arlo sozialean sakontzea falta zaiolako; besteari, «pluraltasuna» onartzea. Hala, «aurrera egin eta eraldatzea» sustatzen duen beste aukera bat dagoela adierazi du: «Alderdi bakarra dago pluraltasuna, egonkortasuna eta kudeaketa ona bermatu ditzakeena: Alderdi Sozialista».

Bide beretik, Itxasok EH Bildu eta EAJ jarri ditu jomugan. Haren esanetan, koalizio subiranistak «txeke zuriak» sinatzeko eskatu du kanpainaren lehen astean: «Faltan sumatu ditugu proposamenak». Bigarren astean, berriz, «funtsik gabeko txeke bat» aurkeztu dutela adierazi du. «Funts etikorik gabea», zehaztu du. EAJri, aldiz, «errespetua» eskatu dio PSEko kideak, eta aritzeko «harropuzkeria» gutxiagorekin: «Umiltasuna eskatu behar zaie bere solaskide eta balizko bazkideekiko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.