Forum Europa hitzaldi sortan parte hartu du EH BIlduko bozeramaile Pello Otxandianok, Bilboko Ercilla hotelean, aurrean enpresari eta beste alderdietako ordezkari ugari zituela. Berbaldi horietan parte hartzen duten gainerako hizlari gehienek bezala, gai ugari jorratu ditu Otxandianok, nazioarteko politikatik hasi eta Euskal Herriko gatazka politikoaren ondorioetara. Baina, batez ere, ideia bat argi utzi nahi izan du EH Bilduren eledunak: Euskal Herria, mundu osoa bezala, ataka zailean dago, bidegurutze batean; eta nazioarteko egoerak ekarritako erronkei erantzun ahal izateko, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beharrezkoak dira herri akordioak, gutxienez hiru tradizio politiko nagusiak –jeltzaleak, sozialistak eta ezkerreko subiranistak– aintzat hartuko dituztenak.
«Etorkizunaren oinarriak desberdinen artean jarri behar dira; ez dago beste aukerarik». Otxandianoren iritziz, ezin da etorkizuna eraiki bigarren indar politikoari «bizkarra» emanda; eta, jarraian, ñabardurak egin dizkio baieztapen horri: «Egin, egin daiteke, baina herri honi kalte handia eginda». Haren esanetan, «asko» dago jokoan, eta, bide hori hautatu ezean, litekeena da Euskal Herria «gain behera» joatea. Horretarako, beharrezkoa da epe laburreko ikuspegiak alboratzea: «Ez dezagun burua jar hurrengo hauteskundeetan, hurrengo belaunaldietan baizik».
Akordio horiek zer arlotan ikusten dituen «egingarri» ere zehaztu du Otxandianok: industria sustatzeko politiketan, energia trantsizioan, hezkuntzan, hizkuntz politiketan eta administrazio publikoaren modernizazioan. Haren iritziz, balizko akordio horien oinarriak ezarrita daude daborduko, eta gogorarazi du Etxebizitza Legea, migraziorako itun soziala, energia trantsiziorako legea, hezkuntza ituna eta beste zenbait adostasun handiz onartu zituztela: «Orain da garaia alor estrategikoetan zoru komun bat egiteko».
Industria plana
Gai ugari aletu ditu Otxandianok hitzaldian, baina nazioarteko egoerak ezarritako erronkak eta horiei erantzuteko moduak izan dira ardatz nagusia. Esan duenez, beharrezkoak dira larrialdiari erantzungo dioten berehalako neurriak, baina, horiekin batera, baitezpadakoa da «mundu berria ulertzeko gakoak atzematea eta industria politika berriz pentsatzea» ere. Horri dagokionez, Jaurlaritzak «etxeko lanak egin gabe» dituela uste du, eta Industria Plana aipatu du horren erakusgarri.
Otxandianoren iritziz, Jaurlaritzak aurkeztutako plana «pobrea» eta «zehaztasunik gabekoa» da. Haren gabezia nagusia da ez duela aintzat hartzen zer rol izan behar duen alor publikoak industria biziberritu eta sustatzeko. Esan duenez, industriaren geroa merkatuaren esku utzi nahi zuten korronte neoliberalak gaindituta daude jada, eta, gaur egun, ezkerreko esparru ideologikoarekin zerikusirik ez duten eragile ugarik ere aitortzen diete botere publikoei politika industrialaren bidea ezartzeko eginkizuna.
Energia trantsizioa ere aipatu du EH Bilduko eledunak. Esan duenez, ekologiaren ikuspegitik eta klima larrialdiari buru egiteko beharrezkoa da energia berriztagarrietara jotzea, baina, gaur egungo egoera ekonomikoan, «hil ala biziko beharrizana» ere bada energia eredua aldatzea «autonomia estrategikoa» eskuratzeko.
Estatutua, «higaturik»
Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako estatus politiko berria definitzeko negoziazioen inguruan, Otxandianok ez du argibide askorik eman; esan duenez, negoziazio prozesuak aurrera segitzen du, eta horri epeak jartzearen kontrakoa bada ere, gogorarazi du denbora «mugatua» dela, eta komeniko litzatekeela prozesua bururatzea Espainian agintaldia amaitu aurretik. Haren iritziz, begien bistakoa da aldatu beharra dagoela Espainiarekiko harremanaren esparrua: «Gu eman gabe dauden eskumenak behingoz eskualdatzearen aldekoak gara, eta prozesu horretan laguntzeko prest gaude; baina hori duela 30 urteko eztabaida da. Argi dago estatutuaren esparrua guztiz higatuta dagoela, eta hori ez dela herri honek behar duen harreman mota».
Hizkuntz eskakizunen auzian ere tradizio politiko nagusien arteko adostasunak bilatzearen alde mintzatu da Otxandiano, eta, esan duenez, aste honetan badute horretarako aukera, ostiralean amaituko baita Enplegu Publikoaren Legearen erreforman aldaketak erregistratzeko epea. Otxandianok uste du posible litzatekeela ados jartzen saiatzea EH Bilduk aurkeztu dituen oinarrien inguruan: hizkuntza eskubideak errespetatzea, hizkuntzen arteko berdintasuna bermatzea, eta, hortik abiatuta, errealitate linguistikoa aintzat hartu eta «enpatiaz eta pragmatismoz» jokatzea. «Baina arazoa da EAJk eta PSE-EEk ez dutela gurekin eseri nahi», deitoratu du.
Alain Hiriart Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari hautatu izanaz, Otxandianok esan du ez duela uste Iparraldeko eta Hegoaldeko dinamika politikoak «hain desberdinak» direnik: «Agian, Ipar Euskal Herria inspirazio iturri izan liteke Hego Euskal Herrirako ere».