Lehendakari berria du Euskal Hirigune Elkargoak, Alain Iriart Hiriburuko (Lapurdi) auzapeza eta EH Baiko kidea. Biziki hertsi ibili dira bozen kontaketetan, baina ofiziala da orain: Iriart aitzinean gelditu da, 119 boz lorturik. Gibelean baratu zaio Jean Rene Etxegarai orain arteko lehendakaria, 102 boz lorturik; zortzi xuri izan dira, eta hiru baliogabe. Kanpainan iragarritakoa betetzen badu, orduan utziko dio Hiriburuko auzapez izateari, eta osorik dedikatuko zaio lehendakari postuari.
Emaitzak eman eta segidan, asanblea kudeatzearen ardura zuen Louis Babadot Mauleko auzapezak hitza utzi dio lehendakari berriari. Biziki emozionaturik mintzatu da: «Espero dut eman didazuen konfiantzari bide emanen diogula datozen eginkizunetan ere, denek elkarrekin. Egia erran, ez nuen egiazki espero leku horretan behin gertatzea... Hasteko, beraz, Jean Rene Etxegarai eskertu eta txalotu nahi nuke». Txalo zaparrada hasi da gelan, Etxegarairen lehendakaritzari agur eginez bezala. Eta segitu du Iriartek: «Peio Etxeleku ere eskertu nahi nuke, erran baitu ene alde bozkatuko zuela, eta, azkenean, zuek erabaki duzue [hautetsiek]. Baina orain hasiko da lana. Erran nuen auzapez postua utziko nuela, eta trantsizio horretan lanean hasiko naiz ondoko asteetan».
Emaitza «historikoa» izan da Baionako Arteen Hiriko pasabidetan oraino tentsiopean dabiltzan hautetsientzat. Zehaztu behar da EH Baiko kidea dela Iriart, hots, ezkerreko abertzalea, eta, kanpaina denboran azpimarratu nahi izanik ere bera ez dela «alderdi baten lemazaina» baizik Ipar Euskal Herriko herritar ororen zerbitzura arituko litzatekeen hautagaia, halere, garaipen inportantea da gaurkoa EH Bairentzat. Hain zuzen, ez da kasualitatea EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi batzarrean egon izana.
«Espero dut eman didazuen konfiantzari bide emanen diogula datozen eginkizunetan ere, denek elkarrekin. Ez nuen egiazki espero leku horretan behin gertatzea... Hasteko, beraz, Jean Rene Etxegarai eskertu eta txalotu nahi nuke»
ALAIN IRIARTEuskal Hirigune Elkargoko lehendakaria
Baina, kanpainaren hasieratik bezala, alderdien aipamenez urrun egon dira Iriarten mintzaldiak, eta, batez ere, elkarlanaren indarra goraipatu du; «instituzio eder hori aitzinarazteko» bidean bermatzekoa, haren ustez, eta «baita gauza batzuen inguruan elkarren artean ados ez direnen artekoa ere». Eta errepikatu du: «Ez nuen espero, baina neurtzen dut Elkargoaren anbizioa zein den; elkarrekin eramatekoa. [...] Milesker guztiei. Lanera!».
Deszentralizaziora buruz
Aldaketaren garaia da oraingoa. Kasik hamar urte ziren Etxegaraik Euskal Elkargoa bideratzen zuela; orduan, zerbait berririk bai ekarri behar luke Iriart izendatu izanak. Denborarik kasik gabe garaipenaz ohartzeko, Euskal Elkargoaren lehendakari berriak mahai nagusian jarri behar izan du batzarrari segida emateko, eta lehendakari postuan murgildu da. Batzarra bukaturik, prentsaren aitzinera hurbiltzeko garaia izan da.

Bera lehendakari bilakatzeko hautetsien hautua azaltzen entseatu da, lehenik: «Sorpresa izan da, baina agian sorpresa ona. Halere, ene satisfazio pertsonaletik harago, uste dut auzapez bezala egin dudan lanaren aitortza ere badela; funtsean, beste hainbat auzapezen lan bera, edozein izanik ere herriaren neurria, politika publikoak aitzina eramateko, interes orokorraren zerbitzura. Horren ondorioz izendatu naute agian, eta kontuan hartu dutelako urteetan izan dudan gaitasuna denekin lan egiteko, edozein izanik ere herrien neurria, edozein izanik ere sentsibilitate politikoak».
Berak «politikeroen politika» deitu izan diona alde batera utzi nahian eta alderdi istorioetarik urrun geratu nahian, «denekin lan egiteko» gogo horretan barnealdeko herriei eta Elkargoak barne hartzen dituen herri ttipienei egiten zien erreferentzia. Hain zuzen ere, horretan oinarritu du bere kanpaina, «funtzionamendu parte hartzaileagoan eta deszentralizatuagoan». Bilkurak egin ditu lurralde poloetako hautetsiekin, eta, erran duenez, «hautetsien esperantza argia» iritsi zaio gai horri dagokionez; hots, «dispositiboaren [Elkargoaren] erdigunean izateko gogoa».
Gaurko bozak, beraz, hori islatzen du agian. Sekula ez da jakiten ahalko nork noren alde egin duen, baina, ikusita lehen itzuliko emaitzak, litekeena da Etxegaraik nagusiki Lapurdi kostako hirietako hautetsien bozak lortu izana —Baiona, Miarritze, Hendaia, Donibane Lohizune, besteren artean—. Eta, kasu horretan, Iriart eta Etxelekuk —bigarren itzuliko bozketarako deialdiak tarteko— Elkargoaz orain arte baino gehiago espero duten barnealdeko herri ttipiagoetako bozak lortu izana.Â
Bigarren itzuliko lehia
Gehiengo absoluturik ez lehen itzulian, eta, beraz, bigarren itzulian hautatu dute Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari berria. Jean Rene Etxegarai atera da lehen itzulitik lehena, 98 boz lorturik. Gibelean baina ez hain urrun, Alain Iriartek 80 boz lortu ditu, Peio Etxelekuk 48, eta Pascal Lesellierek bakar bat; lau boz xuri izan dira, eta baliogabe bat. 232 hautetsik bozkatu dute, eta, beraz, hautagai bakar batek ere ez baititu gutienez 114 boz lortu —hots, bozen erdiak—, bigarren itzulia egin dute.
Iriartek laurden bateko etena galdegin du bi itzulien artean, segur aski zenbait negozio elkarrizketa ukaiteko denbora. Pausa egin eta hautetsiak gelara itzulita, Etxelekuk asanblearen aitzinean iragarri du ez duela bere hautagaitza bigarren itzulian mantenduko, eta, gainera, publikoki erran du «pertsonalki Alain Iriarten alde» bozkatuko duela. Etxegarairen eta Iriarten artean hautatu beharrez, beraz, 232 hautetsiak bozkatzera itzuli dira.

Ipar Euskal Herriko instituzioa 2017ko urtarrilean sortu zenetik lehen aldiz, zinezko lehia izan da lehendakaria hautatzeko, zeren gaur arte bigarren itzulirik ez zen izan Euskal Elkargoaren historian izan diren 2017ko eta 2020ko bozetan. Orduan, dena zen posible, araberan zer bozkatuko zuten lehen itzuliko Etxelekuren aldekoek, kontuan harturik berak egindako iragarpena. Lehen itzuliko bozak abiatu aitzin, aipatu izan zen Iriartek bere hautagaitza bigarren itzulitik kentzeko aukera, Etxegaraik lehendakariorde postua hitzemanen balio, adibidez. Halere, ikusita lehen itzulian ze emaitza lortu duen Iriartek, ez da harritzekoa hautagaitza atxiki izana; eta, argi geratu denez, Etxelekuren bozak Iriarti joan zaizkio, partez behintzat.
Honako lau hautetsi hauek lehiatu dira lehen itzulian, Elkargoko lehendakaritzarako: Alain Iriart EH Baiko kide eta Hiriburuko (Lapurdi) auzapeza, Peio Etxeleku EAJko kide eta Kanboko (Lapurdi) auzapeza, Jean Rene Etxegarai orain arteko Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapez macronista, eta, azkenik, Pascal Lesellier Baionako eskuin muturreko hautetsia. Azken horrek ere hautagaitza kendu du bigarren itzulirako.
Louis Labadot Mauleko auzapezak eman dio hatsarre Euskal Hirigune Elkargoko agintaldi berriko lehen batzarrari. Hautetsien artean zaharrena izanik, hari egokitu zaio kargua. Eta agintaldi hasi berriaren Elkargoko batzarra osatzen duten 232 hautetsien presentzia segurtatu du, banan-banan deiturik bakoitza. Denak hor, eta aitzina, bi itzuliak egin eta lehendakari berria izendatu arte.