Geroa Baik ere izendatu ditu Espainiako Gorteetarako bozetara aurkeztuko dituen hautagaiak. Koalizioak Nafarroako Parlamentuan duen bozeramaile Pablo Azkona izango da Kongresurako zerrendaburua, eta Mayte Espinosa Buñueleko alkatea aukeratu dute Senaturako hautagaitza gidatzeko.
Azkona koalizioaren aurpegi ezagunenetako bat da. Nekazaritzako elikagaien industriako enpresa bateko langilea da, eta 2007an ekin zion politika instituzionalari, Lodosako zinegotzi bezala; udalerri hartako alkate ere izan zen 2011tik 2021era, eta Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioko presidente 2015etik 2019ra bitarte. Handik Nafarroako Parlamentura jauzi egin zuen, eta azken urteetan Geroa Baiko bozeramaile lanetan aritu da.
Harekin batera, Maria Basarte Nafarroako Parlamentuko taldeko aholkulariak, Javier Ollo Altsasuko alkate eta EAJren EBBko kideak, Aitana Duque Vianako zinegotzi eta Nafarroako Parlamentuko lehendakaritzako idazkariak eta Alfredo Agos Torres del Rioko alkateak osatuko dute Kongresurako zerrenda.
Senatuko hautagaitzari dagokionez, Espinosa Buñueleko alkate izan zen 2019tik 2023ra bitarte, eta 2025ean berriz eskuratu zuen aginte makila. Politikagintzatik kanpo, zuzendaritza karguen formakuntzara eta aholkularitzara lotua egon da bere ibilbide profesionala. Harekin izango dira zerrendan Raul Ayala Iruñeko udal gobernuko aholkularia eta Anika Lujan NBBko kidea.
Hautagaitza horiekin, Geroa Baik xede du Nafarroaren interesak Madrilen defendatzea, eta Espainiako Gorteetan «ordezkaritza aurrerakoi, eraikitzaile eta proposatzaile bat» izatea. Inkesten arabera, baina, koalizioak zail izango du bi ganbera horietako batean eserlekuren bat eskuratzea. Izatez, Geroa Bai bozetara begirako «lankidetzarako formulak» adostearen alde azaldu zen, koalizioak osatu asmoz, baina elkarrizketa horiek ez zuten halako emaitzarik eman.