Pablo Gonzalez atxilotzeko nazioarteko agindua eman du Poloniako fiskaltzak

Varsoviako Barrutiko Auzitegiko bozeramaileak azaldu duenez, ez da epaiketara aurkeztu eta ez ditu erantzun bidalitako mezuak. Aurreikusten dute Varsoviako Apelazio Auzitegiak hilabete inguruko epean onartu edo ezeztatuko duela fiskaltzaren erabakia.

 Pablo Gonzalez, RT telebistan. RT
Pablo Gonzalez, RT telebistan. RT
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko otsailaren 27a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Varsoviako Barrutiko Auzitegiko Anna Ptaszek bozeramaileak adierazi du Pablo Gonzalez ez dela aurkeztu deituta zegoen auzi saiora eta ez dituela erantzun helbide elektronikora eta Euskal Herrian, Polonian eta Errusian dituen etxebizitzetara bidalitako mezuak. Ikusita Gonzalezek ez duela erantzun, Poloniako fiskaltzak hura atxilotzeko nazioarteko agindua eman du. Poloniako fiskaltzak 2016tik 2022 bitarte Errusiako zerbitzu sekretuei informazioa igortzea leporatzen dio kazetariari, duela urtebete Gonzalezek berak hala ez zela adierazi bazuen ere.

2022ko otsailean abiatu zuten Poloniako auzitegiek Gonzalezen aurkako ikerketa. Poloniaren eta Ukrainaren arteko mugan atxilotu zuten, kazetari identitatea baliatuz, Errusiako inteligentzia militarrari laguntzea egotzita. Gonzalezen aurka karguak aurkeztu eta astebetera, Ptaszek berak erabaki zuen zigor auzibidea bertan behera uztea, argudiatuta Gonzalez jada ez zela Polonian bizi; izan ere, kazetaria gaur egun Errusian bizi da.

Bada, fiskaltzak Gonzalez atxilotzeko nazioarteko agindua eman du, epaiketara ez dela aurkeztu argudiatuta. Orain Varsoviako Apelazio Auzitegiak erabakiko du fiskaltzaren agindua aurrera eraman edo atzera bota. Auzitegi horrek ez du eskariari erantzuteko epemugarik, baina estradizio kasuetan hilabete baino gutxiagoan ebatzi ohi dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.