Pablo Gonzalez Euskal Herrira ekartzeko eskatu du babes taldeak

Presio egitea galdegin diote Madrili, epaiketa egin arte etxeratu dadin. Nafarroan, atzera bota dute mozio bat, PSN abstenitu egin baita

Iragan astean, Pablo Gonzalezi babesa adierazteko elkarretaratzea egin zen Madrilen, Espainiako hiriburuan. MARISCAL / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2023ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Errusiaren inbasioaren lehen egunetan, Pablo Gonzalez euskal kazetaria Ukraina eta Poloniaren arteko mugan zen gerrak eragindako migrazio krisiaren berri ematen. Iazko otsailaren 28an, Poloniako Barne Segurtasuneko Agentziako poliziek atxilotu egin zuten, eta ordutik hona preso izan dute Radom espetxean, «Poloniako Guantanamo gisa ezaguna den kartzelan». Atzo, Gonzalezen Aldeko Babes Taldeak gutun bat igorri zion Francina Armengol Espainiako Kongresuko presidenteari, eskatzeko presio egin dezala kazetaria Euskal Herriratzeko. Zehazki, epaiketa egin bitartean Gonzalez aske edo bederen «zaintzapean aske» egon dadila galdegin dute.

Eskutitzean oroitarazten dutenez, Stanislaw Zaryn Poloniako zerbitzu sekretuen Koordinazio ministroak «espioitza ekintzak» egitea leporatu zion Gonzalezi, baina akusazio hori gezurtatu egin zen hasieratik, eta Poloniak ez du aurkeztu haren aurkakofrogarik. Babes taldearen arabera, urtebete eta zortzi hilabetez Radom espetxean izan dute, eta zuzenbide estatu batean onargarriak ez diren arauak inposatu zaizkio. Hala nola «23 orduz inkomunikatua» izan dute bost metro koadroko ziega batean, «kanpoko argirik gabe» eta ordubetez patio txiki batean izateko aukera mugatuarekin.

Gainera, familiarekin telefonoz hitz egiteko aukera ukatu zaio: «Haurrek ezin izan dute aitaren ahotsa aditu seiehun egunez. Txikienak arazo psikologikoak ditu horregatik. Pablok ere jasan du arazo hori, logikoa denez», dio gutunak. Izan ere, babes taldearen ustez Poloniako Gobernuak «tortura psikologikoa» ezarri dio kazetariari. Emaztea, berriz, bi aldiz baino ezin izan da egon harekin. Bestalde, gutunak irekita eta hilabetetako atzerapenarekin iristen zaizkio.

Horren harira, uste dute Espainiako Gobernuak askoz gehiago egin dezakeela. Jose Manuel Albares Atzerriko, Europako Batasuneko eta Kooperazioko jarduneko ministroak Poloniako Gobernuaren adierazpenak errepikatu baino ez du egin, eta ez du babestu Gonzalezen errugabetasun printzipioa. «Ez du elkarrizketarik izan nahi emaztearekin edo gurekin». Europako Batasuneko Kontseiluak ezarritako erabakien arabera, auzipetuak beren herrialdean egon litezke epaiketa egin bitartean, «atzerriko espetxe batean egon ordez».

Mozioa Nafarroan

Antzeko eskaera egin zen atzo Nafarroako Parlamentuan, baina ez zen aurrera atera. Pablo Gonzalez behin-behinean aske uztearen aldeko mozioa proposatu zuen Zurekin Nafarroa taldeak, baina atzera bota zuten UPNk, PPk eta Voxek. PSN abstenitu egin zen, eta EH Bilduren, Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren botoak ez ziren aski izan.

Zurekin Nafarroako Carlos Guzmanek salatu zuen Poloniako Gobernuak Gonzalezen kontra egindako akusazio horrek ez zuela inongo froga argigarririk. Haren esanetan, atxiloketaz geroztik «larritasun handiko, etsipenezko eta ziurgabetasunezko hogei hilabete iragan dira», eta, bitarte horretan, gero eta «itzal eta zalantza gehiago» daude. Guzmanen arabera, «ageri-agerikoa» da Europako Batasuneko herritar guztiei dagozkien eskubideak urratu direla, eta Madrili dei egin diote ahalik eta presio diplomatikorik handiena egin dezan: «Haren aurkako frogarik badago, abokatuak prozeduran berehala sartzeko modua izan behar du, defentsa prestatzeko eta epaiketa ahalik eta azkarrena egiteko».

EH Bilduko Arantxa Izurdiagaren arabera, jardunbide hori «ezin gaitzesgarriagoa» da, «atxilo egoerari buruzko nazioarteko eta Europako araudia urratzen ari baitira». Geroa Baiko Itsaso Sotoren ustez, «onartezina eta harrigarria» da urte eta erdiz kazetari bat preso izatea.

PSNko Olga Chuecaren arabera, Gonzalezen egoera kezkagarria da, baina «zuhurtziaz» jokatu behar da. «Polonia herrialde subiranoa da, sistema judizial propioa du, eta haren autonomia errespetatu behar da».

UPNko Iñaki Iriarteren ustez,auzi horretan erabaki bat hartzea ez dagokio legebiltzar bati, «justizia epaitegi bati baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.