Pablo Ibar errugabea dela dioen lekuko baten testigantza lortu du haren defentsak

Lekukoak zinpeko deklarazioa egin du, eta beste pertsona bat salatu hilketen benetako egiletzat. Ibarren abokatuak eskatu du auzia berriro irekitzeko.

Pablo Ibar, artxiboko irudi batean. GIORGIO VIERA / EFE
Pablo Ibar, artxiboko irudi batean. GIORGIO VIERA / EFE
gotzon hermosilla
2025eko ekainaren 23a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Espero gabeko jitea hartu du Pablo Ibarren auziak: haren abokatu Daniel Tibbittek adierazi duenez, lekuko berri bat aurkitu dute, eta horrek esan du badakiela nor den Ibarri egozten dizkioten krimenen benetako egilea. Are gehiago: ustezko hiltzailea eta haren konplizea izen-abizenekin identifikatu ditu, eta informazio hori guztia zinpeko deklarazio batean bildu du. Datu berri horiek kontuan hartuta, Ibarren auzia berriro ireki eta beste epaiketa bat egiteko eskatu du abokatuak.

Euskal Herritik Ameriketako Estatu Batuetara joandako Kandido Ibar puntistaren semea da Pablo. Bizi guztiko espetxe zigorra ari da betetzen AEB Ameriketako Estatu Batuetako kartzela batean. 1994tik dago espetxeratuta. Urte hartako ekainean hiru lagun hiltzea leporatzen diote: orduan, bi morroi sartu ziren Casimir Sucharsky enpresariaren etxean, eta haietako batek Sucharsky eta harekin zeuden bi emakumeak tiroz hil zituen Miramar hirian (AEB). Segurtasun kamera batek hilketak erregistratu zituen, eta Ibar atxilotu zuten irudietan agertzen zen hiltzailearen eitea zuelakoan.

Geroztik, luzea eta katramilatsua izan da auziak egindako ibilbidea: 2000. urtean heriotza zigorra ezarri zioten, baina 2016an epaiketa berriz egitea agindu zuten, Ibarren aurkako froga nahikorik ez zegoelakoan. 2019an berriro epaitu, eta bizi guztiko espetxealdia ezarri zioten. Epai hori berretsi zuen Floridako Apelazio Auzitegiak 2023an. Ia 31 urte eman ditu preso, eta horietatik 16 heriotzaren korridorean igaro zituen.

Orain, baina, benetako hiltzaileak ezagutzen omen dituen lekuko bat aurkitu du Ibarren defentsak. Lekuko horren arabera, hiltzaileek beraiek aitortu zioten hiru hilketen benetako egileak zirela. Haietako bat, ustez biktimen kontra tiro egin zuena, izen-abizenekin identifikatu zuen; bestearen izen-abizenak ez zekizkien, baina bai haren ezizena, eta datu horretatik tiraka jakin dute susmagarri hori nor den ere. Informazio hori guztia agertzen da lekukoak sinatu duen zinpeko deklarazioan.

Lekukoak emandako datu berrietatik abiatuta, ikerketa egin du Ibarren defentsak, eta jakin dute hilketen ustezko egiletzat identifikatu dutena behin baino gehiagotan espetxeratu zutela 90eko hamarkadan «oso krimen larriak» egotzita, loturak zituela droga salerosketan aritzen ziren talde antolatuekin, eta espetxetik kanpo zegoela Floridako hilketak gertatu zirenean. Halaber, Tibbittek adierazi du orain hiltzailetzat identifikatu duten susmagarriak «antz handia» duela bideoaren irudietan agertzen denarekin.

Lekukoak azaldu du orain arte ez duela ezer esan ez zekielako Ibarri hilketa horiek leporatzen zizkiotela, eta hedabideetan auziaren berri izan zuenean erabaki zuela Ibarren defentsarekin harremanetan jartzea.

Bide luzea

Abokatuak Broward Countyko epaitegiaren esku utzi du lekuko berriaren deklarazioa (AEB), eta, horretan oinarrituta, auzia berriro irekitzeko eskatu du. Epaileek eskaera aintzat hartuko balute, Ibar berriro epaitu beharko lukete, hutsetik hasita. Fiskalarekin ere hitz egingo du abokatuak, eta hark aukera izango du lekukoari zuzenean deklarazioa hartzeko.

Prozesu horrek guztiak luze jo dezake, eta, abokatuak esan duenez, hainbat hilabete igaroko dira epaileak erabaki aurretik auzia berriro irekitzen duen ala ez. Gainera, erabaki hori ez litzateke behin betikoa izango, bi aldeek helegitea aurkezteko aukera izango lukete eta.  

Hala ere, itxaropentsu agertu dira Tibbitt eta aurreko auzibidean Ibarren abokatu izandako Joe Nascimento: «Sinetsita gaude honek aurrera egingo duela. Froga sendoak dira, eta aurreko auzibideetan testigantza honen berri izan bagenu, zinpeko epaimahaiaren eta epaileen jarrera oso bestelakoa izango zatekeen». Pablo Ibar Epaiketa Justua elkarteak berriro jarri du abian diru baliabideak biltzeko kanpaina, prozesu luze horren gastuak ordaindu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.