Steilas sindikatuko kideak

Raul Lopez Ekai eta Ane Apezetxea Gorrotxategi: «PAI misil bat da euskararen normalizazioaren aurka»

PAI programak hezkuntza publikoari eraginen dion kaltea «jendeak uste duen baino larriagoa» izanen dela pentsatzen dute Raul Lopez Ekai eta Ane Apezetxea Gorrotxategi Steilas sindikatuko kideek. «Politika euskarafoboak» aplikatu izana egotzi diote PSNri.

Raul Lopez Ekai eta Ane Apezetxea Gorrotxategi, Steilas sindikatuaren egoitzan. IÑIGO URIZ / FOKU
Raul Lopez Ekai eta Ane Apezetxea Gorrotxategi, Steilas sindikatuaren egoitzan. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko urriaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken hilabeteetan, epaileek sendotu egin dute PAI Ingelesez Ikasteko Programaren ezarpena Nafarroan. Uztailean, Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota zuen Steilasen helegite bat, auzitan jartzen zuena funtzionario izateko deialdi publikoetan ingelesa eskatzea. Horren ondotik, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren beste ebazpen bat heldu da, eta horrek ere ontzat jo du programaren ezarpena. Bide juridikoa agortuta ere, PAIren aurka lanean segitzeko asmoa agertu dute Raul Lopez Ekai (Montgat, Herrialde Katalanak, 1965) eta Ane Apezetxea Gorrotxategi (Goizueta, Nafarroa, 1991) Steilaseko kideek.

Nafarroako Gobernuak epaia txalotu du. «PAIren arkitektura egonkortu» duela dio Gimeno kontseilariak...

ANE APEZETXEA: Gimenok bere burua irabazletzat aurkeztu du, baina auzi honetan denok gara galtzaile: langileak, ikasleak, zentroak eta hezkuntza publikoa bere osoan. Tristuraz bizi dugu egoera hau. Lehen PAI arazoa bazen, behin iltzatuta eta juridikoki hauspotuta, mila bider gehiago.

Arazoa zer zentzutan?

APEZETXEA: Orain arte, eskolek erabakitzen zuten, gutxi gorabehera, ingelesez eman beharreko orduak nola banatu, eta, azken urteetan, ikusi dugu zein izan den joera orokorra: ingeleseko ordu kopurua murriztea, ikasleen hobe beharrez. Orain, aldiz, ikastetxe guztiek Zientzia ikasgaien zati bat eman beharko dute ingelesez, eta D ereduko PAI zentroetan ingelesez eman beharreko ordu kopurua ere handitu dute.

RAUL LOPEZ: A eta G ereduan, batez ere, ikasgai jakin batzuk eman ohi zituzten ingelesez: Gorputz Heziketa, Marrazketa, Teknologia... Horiek aukeratu zituzten ikasgai manipulatiboak direlako, eta ingeles maila oso handia izan gabe ere erraz samar uler zitezkeelako. Orain, aukera hori ere kendu diete. Eta horrek baditu ondorioak langileentzat ere. Adibidez, aurreko deialdi batean postu batzuk atera ziren Matematika edo Teknologia ingelesez emateko, baina, azken dekretuen ondorioz, ikasgai horiek ezin dira ingelesez eman. Hortaz, funtzionario horiek linbo batean gelditu dira. PAIrekin espektatiba batzuk sortu dituzte, eta gero hori dena pikutara joan da.

Zeintzuk izanen dira ondorioak ikasleentzat?

APEZETXEA: Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 edo 6. mailetako ikasleek ingelesez estudiatu beharko dituzte zientzietako edukiak, horretarako ingeles maila nahikoa izan gabe. Hortaz, zailtasuna izanen dute hizkuntzarekin, baina baita edukiak barneratzeko ere. Eta ez dute aintzat hartu D eredua euskarazko murgiltze eredua dela: ingeles ordu gehiago sartzeak esan nahi du ordu gutxiago eginen dituztela euskaraz, eta horrek ekarriko du euskara are gehiago ahultzea, hizkuntza hegemoniko handien mesedetan.

LOPEZ: Eremu erdaldunetan, ikasle elebidunek ez dute maila bera euskaraz eta gaztelaniaz. Euskarazko ikastorduak murriztuta, desoreka hori handitu eginen da ezinbestean. PAI misil bat da euskararen normalizazioaren aurka. Eta edukien kalitatea ere apalduko da. PAI programako ikasle askok ingeles gutxi dakite, eta irakasle askok ere erdipurdi darabilte; hortaz, ariketa guztiak izan ohi dira oinarri-oinarrizkoak: hitzak geziekin lotu, hutsuneak bete... Horrez gain, PAIren indartzeak baditu bestelako ondorioak, lotura dutenak hizkuntzen prestigioarekin.

«Zientzia ingelesez ikasi beharrak zer mezu helarazten die ikasleei? Euskara ez dela nahikoa, egokiagoa dela ingelesa»

RAUL LOPEZ EKAI Steilas sindikatuko kidea
Prestigioarekin?

LOPEZ: Bai. Zientziaren gisako ikasgaiak ingelesez ikasi beharrak zer mezu helarazten die ikasleei? Euskara ez dela nahikoa, eta gai horietan egokiagoa dela ingelesa erabiltzea. Iruditeria eta erreferente propioak ere galtzen dira horrela. Sekulako aldrebeskeriak ikusi izan ditugu PAI eskola batzuetan. Adibidez, Ezkaba mendiari Saint Christopher’s Hill deitzea, hitzez hitz itzuli dutelako gaztelaniazko San Cristobal. Antzeko zerbait gertatzen da ikasmaterialarekin ere. D ereduko eskoletan Nafarroako Gobernuaren curriculuma ezarrita egonagatik eta Nafarroa foru erkidego bereizi gisa aurkeztuta ere, ohikoena da Euskal Herriaz aritzea eta zazpi herrialdeen mapa erabiltzea. Baina D-PAI ereduan ikasgai horiek ingelesez ematen hasi behar badute, Espainiatik datorren ikasmaterial ofiziala erabili beharko dute ziur aski.

PAIren gisako programak ezarriak dira Espainiako Estatuko beste autonomia erkidego batzuetan, eta zenbait tokitan hasiak dira atzera egiten...

LOPEZ: Balearretan eta Valentzian, adibidez, gogor aritu ziren eredu hirueleduna ezarri nahian, katalanari kalte egiteko. Kasu horietan, argi ikusi da ingelesarena amarru bat besterik ez zela. Gaur egun, erkidego horietan PP eta Vox agintean direla, ingelesaren ustezko sustapen hori bigarren lerrora pasatu da. Gaztelania geratu da hor. Tokian tokiko hizkuntzak alboratzeko estrategia bat izan da hasieratik.

«Euskararen kontra egin nahi duen gobernu eskuindar batek egina du lanaren parte bat: PSNk zabaldutako bideari jarraitu besterik ez du egin behar»

ANE APEZETXEA GORROTXATEGI Steilas sindikatuko kidea
Nafarroan, PSN da programa hori indartu nahi duena...

APEZETXEA: Hemen ere berez ari zen PAI atzera egiten, ikastetxeek gero eta ordu gutxiago eskaini ahala. Baina Nafarroako Gobernua arduratu da prozesu hori eteteaz eta pareta bat jartzeaz. Ez dakit jabetzen garen egoeraren larriaz. Eskuina goranzko betean da, eta hurrengo gobernua eskuindarra bada, lanaren parte bat egina izanen du. Euskarazko hezkuntzaren kontra egin nahi duen gobernu eskuindar batek PSNk zabaldutako bideari jarraitu besterik ez du egin beharko. Parez pare ireki dizkiote ateak.

Bide juridikoa agortuta, amaitu al da PAIren aurkako borroka?

LOPEZ: Irakasle euskaldunek ahalegina egin beharko dute autonomia apur bat mantentzeko eta euskarari eusteko. Intsumisio moduko bat, D-PAI eskoletako ikastordu gehienak euskaraz izan daitezen. Orain ere egiten da, aitortzen ez bada ere. Eta ikastetxeetatik kanpo: politika. Foru agindu hauek gobernu jakin batek ondu eta aplikatu ditu, eta PAI Legea Nafarroako Parlamentuan onartu zen. PSNk ez du gehiengorik erakunde horietan, baina gai da politika euskarafoboak aurrera ateratzeko.

Gobernuari eusten dioten taldeak kexu azaldu dira...

LOPEZ: Protesta egin bai, baina ez dira gai izan beste ezer egiteko. PSNk beto eskubidea du, antza. Ez dugu ulertzen zergatik euskara ez den marra gorri bat.

APEZETXEA: Ongi dago gauzak salatzea eta pankarta batekin kalera ateratzea, baina legeei, dekretuei eta halakoei aurre egin behar zaie erakundeetan ere, horretarako aukera dagoen bakoitzean. Gu saiatu gara PAI auzitegietan geldiarazten; ez dugu lortu, baina argi dugu ez garela isilik geratuko.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.