PAI eredua bigarren hezkuntzan jartzea legezkoa dela ebatzi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak

Hezkuntza Departamentuak eman zuen neurriaren berri, eta Steilas sindikatuak helegitea jarri zuen; gibelerat bota du epaileak.

Haur batzuk ikasgelan, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Haur batzuk ikasgelan, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko irailaren 9a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako bigarren hezkuntzako ikastetxeetan PAI eredua martxan jartzea legezkoa dela ebatzi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Hezkuntza Departamentuak eman zuen neurriaren berri, eta Steilas sindikatuak helegitea jarri zuen; gibelerat bota du epaileak.

Hirugarren aldia da PAI ereduari lotuta epaile batek Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren alde egiten duena: uztailean Nafarroak PAI eredurako sortu zituen irakasle postuak legezkoak direla ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, eta, ondotik, Nafarroako Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen legezkoa zela programa hori Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan ezartzea. Hiru kasuetan jarri du errekurtsoa Steilasek, eta hiruretan gibelerat bota ditu epaile batek. 

PAI ez da hizkuntza eredu bat bere horretan: ikasgai batzuk soilik ditu ingelesez, frantsesez edo alemanez —gehienetan, ingelesez— eta G, A edo D ereduetan aplikatzen da. Are, nagusiki A eta G ereduetan ezarria dago, eta gutxi dira D-PAI ikastetxeak: euskarazko eredukoak izanagatik gehienetan ingelesez emaniko ikasgai batzuk dituztenak, alegia. Bada, auzitegiak erran duenez, atzerriko hizkuntza horietan programak ezartzea ikastetxe bakoitzaren «borondatearen» mende dago, eta ez du «D ereduaren desagerpena» ekarriko. «Atzerriko hizkuntzak ikasteko aukera gehiago ematen ditu [PAI programak], horrek D ereduaren desagerpena ekarri gabe, ikastetxeek erabakiko baitute eredua jarri ala ez».

Bada, ordea, kontrakorik erran duenik: D-PAI ikastetxeetako familiek, adibidez, salatu dute euskarari lekua kendu zaiola ingelesari tokia uzteko. Izan ere, ikastetxe horietan, astean zazpi ordu gutxienez egin beharko dituzte ikasleek ingelesez, eta horrek tokia kenduko dio euskarari. Erabakiak euskarazko murgiltze ereduari «kalte handia» eginen diola uste dute D ereduko ikastetxeetako komunitateek, eta udaberrian kalera atera ziren, gobernuari eskatzeko atzera bota dezala araua. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.