Kukuak oker jo dio Enrique Maia Iruñeko alkateari: espero zuen Nafarroako Kontseiluak legaltasunez jantziko zuela Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Iruñean egitekoak ziren ikuskizuna debekatzeko erabakia. Hori, edo, gutxienez, legelarien deliberioak mantsotu eginen zuela prozesu osoa, betoa atzeraezin bihurtzeraino. Nafarroako Kontseiluak, baina, gaur eman du auziaren gaineko irizpena. Alkateak espero zuena baino lehenago, eta espero ez zuen norabidean: arrazoia eman die pailazoei eta aurreko gobernu taldeari, kontratua legezkoa dela esan du eta debekua «bidegabea» dela berretsi.
Maiak, ordea, entzungor egin dio berak eskatutako txosten juridikoari eta, Nafarroako Kontseiluaren irizpenari bizkarra emanda, debekuari eutsiko diola iragarri du. Oraingoan, «pailazoen ideologia» argudio gisa hartuta: «Pailazo horiek hainbatetan agertu dituzten jarrera ideologikoak bateraezinak dira udalaren haurtzaro planarekin, Nafarroako Gobernuak eginikoarekin eta Haurren Eskubideen Hitzarmenarekin».
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek datorren ostiralean eskaini behar zuten "Bizi dantza" ikuskizun berria, Baluarte auditoriumean, aurreko gobernu taldearekin ekainean sinatutako kontratu baten arabera. Agintera iritsita, baina, kontratu hori «kautelaz» eten eta ikuskizuna bertan behera uztea erabaki zuen Navarra Sumaren udal taldeak. Maria Garcia-Barberena Kultura zinegotziak justifikatu egin nahi izan zuen debekua, «kontratazio prozesuan antzemandako irregulartasunak» argudiatuta.
Nafarroako Kontseiluaren gaurko ebazpenak, baina, agerian utzi du espedientea eta kontratua «legearen araberakoak» direla, Kontratu Publikoen 2/2018 Foru Legeko 75. artikuluaren eta 10. xedapen gehigarriaren arabera.
Txostenean, galdera bati erantzun nahi izan dio Nafarroako Kontseiluak batez ere: administrazio publiko batek kontratu bat sina dezake artista zehatz batekin ikuskizun zehatz bat eskaintzeko, ala lehiaketa publikora atera behar du esleipena? Izan ere, Nafarroako Kontseilura igorritako idazkian, Iruñeko Udalak argudiatu zuen Joseba Asironen gobernuak ez zuela kontratazio txostenean sartu «esleipen agiririk», eta ez zuela zehaztu «zergatik dagokion enpresa honi bakarrik kontratuko ikuskizuna egitea, eta ez beste bati». Navarra Sumaren irudiko, euskarazko udal programazioaren barruan dagoen ikuskizun bat izanda, «antzerki konpainia askok» egin lezakete lan bera, eta ez soilik Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek.
Kontseiluak bertan behera utzi du argudio hori ere. Bertoko nahiz nazioarteko jurisprudentzia aintzat hartuta [Kataluniako Generalitatearen, Espainiako Gobernuaren eta Europako Batasunaren ereduak hartu ditu oinarritzat, besteak beste], udalari esan dio ikuskizun zehatz batzuk artista edo konpainia bakar batek egin ditzakeela, eta, halakoetan, ez dela ohiko esleipen prozedura bat abiatu behar: «Espezialitate artistikoagatik esleitutako kontratuen kasuan, exijitu beharreko tramite bakarrak izanen dira izendapena eta fakturaren aurkezpena».
Are: Nafarroako Kontseiluak Enrique Maia alkateari gogorarazi dio kontratu bat baliogabe uztea «salbuespenezko neurri bat» dela, eta «ordenamendu juridikoaren urratze larrietan bakarrik» erabili beharko litzatekeela. «Irizpide zorrotzak eta zuhurrak aplikatu beharko lirateke, kasuan-kasuan, gisa horretako erabaki bat hartzean».
Beto ideologikoari eutsita
Ez da Maiak erakunde aholku-emaile publikoetatik jasotzen duen lehen zartakoa. Azaroaren 19an, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna baimentzera premiatu zuen Javier Eneriz arartekoak ere. Orduan, Iruñeko alkateak ironiaz erantzun zuen: «Arartekoarena iritzi bat da, besterik ez. Dena den, harrigarria da auzi honetan hain azkar erantzun izana. Eskertzen diot. Ea arintasun hori gainerako auzi guztietara ere hedatzen duen aurrerantzean».
Oraingo honetan ere, izkin egin nahi dio bere interesen kontrako txosten juridikoari, eta ohar bidez esan du kontratua «etenda» dagoela, eta hortaz, berdin diola Nafarroako Kontseiluaren arabera legezkoa den ala ez. Nafarroako Kontseiluko kideek aho batez emandako irizpena argia den arren, udal gobernu taldeak uste du «irregulartasun zantzu ugari» daudela oraindik, eta epaitegietara jotzeko asmoa iragarri du.
Azaroaren 21ean ere alkateak aitortu zuen, kontratuaren ustezko irregulartasun juridikoak gorabehera, bere asmoa dela debekuari kosta ahala kosta eustea: «Ni alkate naizen bitartean, udalak ez ditu pailazo horiek kontratatuko». Are: argudiatu zuen Pirritx, Porrotx eta Marimototsek «ezker abertzalearekin» harremana dutela, eta «ETAko presoen omenaldietan parte hartu» izan dutela.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsen balorazioa, bihar
Kontseiluak publiko eginiko irizpenaren ostean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek agerraldia eginen dute bihar 11:30ean Iruñeko Katakrak liburu dendan, auziaren gaineko balorazioa egiteko.
Pailazoek iragan azaroaren 18an egin zuten azken agerraldi publikoa, eta Iruñeko Udalak ezarritako «zentsura» salatu zuten. Mertxe Rodriguez aktoreak (Marimotots) esan zuen orduan Maiaren udalak ez ziela arrazoirik eman kontratua deusezteko; «paperen bat falta» zela, besterik ez zieten esan.
Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasun zinegotzi Maria Garcia-Barberenak, berriz, aurreko Kultura zinegotzi Maider Belokiri leporatu zion kontratua «era irregularrean» sinatu izana. «Halako kontratuak egiteko, txosten juridiko bat, txosten tekniko bat eta adjudikazioa onartzeko ebazpen bat behar da, baina kasu honetan ez dago halakorik. Maider Belokik ekainaren 12an sinatutako kontratu bat daukagu, prozedura bete gabe eginikoa. Horrek agian balio lezake pailazoak bere etxean kontratatzeko, baina udal administrazioan ez du legezko baliorik». Esan bezala, kontratazio artistikoetan halakorik ez dela behar ebatzi du, gaur, Nafarroako Kontseiluak.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eta Iñigo Santxo haien abokatuak esan zuten gertaturikoa «zentsura» kasu bat zela, «argi eta garbi. Kontratua ongi eginda dago».
Nafarroako arartekoak ere arrazoia eman zien artistei, eta kontratua eteteko erabakia atzera botatzeko eskatu zion Maiaren udal gobernuari.