Zentsura

Pailazoek zentsurari aurre egin diote 2.500 ikusleren aurrean

Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek Anaitasuna kiroldegia bete dute, hainbat artistaren laguntzarekin.

Anaitasuna kiroldega beteta, atzoko emanaldian. IñIGO URIZ / FOKU
2019ko abenduaren 23a
16:18
Entzun

«2.500 taupada bat eginik bizi-dantzan, euskaraz, alaitasunez eta maitasunez. Zaila da, baina ez gaindiezina. Denon artean aurrera egingo dugu», adierazi zuten atzo Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, Iruñeko Anaitasuna kiroldegia bete ondoren.

Enrique Maia alkatearen zentsura pairatu ostean, artista askoren elkartasuna eta laguntza eduki zuten pailazoek oholtzaren gainean, hala nola Yogurinha Borova, Jon Maia, Amets Bide dantza taldea, Bonberenea Txaranga, Vanesa Castaño, Olentzero eta Mari Domingirena.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek azaroaren 29an eman behar zuten ikuskizun berria, Baluarten, aurreko gobernu taldearekin ekainean sinatutako kontratu baten arabera. Navarra Sumaren udal taldeak, baina, agintera iritsita, erabaki zuen kontratu hori «kautelaz» etetea eta ikuskizuna bertan behera uztea. Maria Garcia-Barberena Kultura zinegotziak justifikatu egin nahi izan zuen debekua, «kontratazio prozesuan antzemandako irregulartasunak» argudiatuta.

Nafarroako Kontseiluak Enrique Maia Iruñeko alkatearen neurriaren kontra ebatzi zuen azaroaren 27an. Debekua «bidegabea» zela esan zuen, eta pailazo taldeari eginiko kontratuak «legearen araberakoak» direla.

Maiak, ordea, entzungor egin zion berak eskatutako txosten juridikoari, eta, Nafarroako Kontseiluaren irizpenari bizkarra emanda, debekuari eutsi zion, «pailazoen ideologia» argudio gisa hartuta: «Pailazo horiek hainbatetan agertu dituzten jarrera ideologikoak bateraezinak dira udalaren haurrentzako planarekin, Nafarroako Gobernuak eginikoarekin eta Haurren Eskubideen Hitzarmenarekin».

Javier Eneriz Arartekoaren iritziari ere muzin egin zion Maiak. Azaroaren 19an, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna baimentzeko eskatu zion Maiari.

«Ni alkate naizen bitartean, udalak ez ditu pailazo horiek kontratatuko», esan zuen Maiak azaroaren 21ean. Erantsi zuen Pirritx, Porrotx eta Marimototsek harremana dutela «ezker abertzalearekin», eta «ETAko presoen omenaldietan parte hartu» izan dutela.

«Kontratua bizi-bizirik dago oraindik, indarrean», esan zuen Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen abokatu Iñigo Santxok azaroaren 29an. «Iruñeko Udalak ezin du bere kabuz kontratua eten edo atzera egin. Legez, hitzartutakoa bete eta ikuskizuna baimendu behar du, nahitaez». Prebarikazioan erortzeko arriskuaz ohartarazi zion Santxok Maiari orduan.

Katxiporreta konpainiako pailazoek agerraldia egin zuten egun horretan Iruñeko Katakrak liburu dendan. Udalaren erantzunik jaso ezean ikuskizuna emateko beste bide bat aurkituko zutela iragarri zuten. «Ez genuke orain hemen egon nahi, egoera honetan. Nagia ematen digu gai honek, eta, batzuetan, barruan daramagun pailazoa lurrera erortzen zaigu. Baina ez diogu inori utziko gu zapaltzen», esan zuen Aiora Zulaika Pirritxek.

«Aski da. Gogaituta gaude zentsurarekin, euskararen aurkako erasoekin eta Enrique Maiaren obsesioekin», esan zuen egun berean Joxe Abaurrea EH Bilduren Iruñeko udal taldeko zinegotziak. «Gobernu zentsore baten obsesio politikoek berekin ekarriko dute kalte-ordain bat diru publikoz ordaindu beharra».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.