Palestinak «amets egiteko duen eskubidea» aldarrikatuko du Gernika-Palestinak larunbatean

Manifestazioa 17:30ean irtengo da Donostiako Bulebarretik, eta han izango dira ehundik gora kultur eta gizarte eragile. Plataformak salatu du «Palestinaren aurkako bortizkeria» ez dela eten, eta AEBen eta Israelen «inpunitatea» gaitzetsi du.

Gernika-Palestinak gaur goizean egindako prentsaurrekoa, Donostian. GERNIKA-PALESTINA
Gernika-Palestinak gaur goizean egindako prentsaurrekoa, Donostian. GERNIKA-PALESTINA
maddi iztueta olano
2026ko apirilaren 22a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atseden hartu ezin duenak kostata lortuko du amets egitea, eta Palestinan badira bi urte eta erdi bonba hotsek ia etenik ez dutela. Israelekin adostutako behin-behineko tregoek eta AEBekin erdietsitako itunek ez dute balio izan Gazako eta Zisjordaniako egoerak hobera egiteko, eta oraindik ere, lurralde horietan «sistematikoki» urratzen dituzte palestinarren eskubideak, Gernika-Palestinak nabarmendu duenez. Halere, larunbatean kalera irteteko deia egin du plataformak; besteak beste, Palestinak «amets egiteko eta bizirik irauteko duen eskubidea» aldarrikatuko dute Donostian. 

Kantauri itsasoari bizkarra emanda egin dute larunbateko mobilizazioaren berri emateko prentsaurrekoa, gaur goizean, Gipuzkoako hiriburuan. Plataformako kideak ez ezik, han izan dira mobilizazioa babestu duten eta deialdira atxiki diren hainbat kultur eta gizarte eragile, hala nola Gorka Urbizu abeslaria, Iñake Irastorza aktorea, Sol Band Gaza Palestinako taldea eta Amagoia Mujika BERRIAko zuzendaria. Mobilizazioaren aldeko 250 atxikimendu baino gehiago bildu dituzte denera. 

Oraingoa ez da Gernika-Palestina plataformak Palestinari elkartasuna adierazteko antolatzen duen aurreneko egitasmoa. Are, plataformak berak gogorarazi du bi urte baino gehiago daramatzatela Euskal Herritik Palestinaren alde egiten. «Badakigu zer den gerra eta zer den suntsipena; Gernikak bizi izan zuen, eta horregatik ezin gara isilik geratu». Hain justu, Gernikako bonbardaketaren 89. urteurrenaren bezperan irtengo dira kalera, gerrari eta genozidioari «ez» esateko: «Ozen, tinko».

Etenik gabeko bortizkeria

Israelek 2023ko urriaren 7an ekin zion Gazaren aurkako sarraskiari, eta behin-behineko tregoa bat dago abian iazko urriaren 10etik. Bonba hotsak zertxobait apaldu diren arren, Israelek aldian-aldian eraso egiten jarraitzen du, eta azken hilabeteotan palestinarren aurkako zenbait neurri hartu ditu; kasurako, Israelgo Parlamentuak lege bat onartu zuen martxoaren 30ean, zeinak baimentzen duen delitu jakin batzuengatik espetxeratutako palestinarrei heriotza zigorra ezartzea. Horrez gain, «eraso ilegalek eta laguntza humanitarioaren ukazioak» bere horretan dihardute, Gernika-Palestinak esan duenez. 

Gainera, Palestinan abiatutako bortizkeria «beste lurralde batzuetara zabaldu da». Plataformaren arabera, egun munduan gertatzen ari den «basakeriak» Palestinako gatazka du oinarri, eta ohartarazi du «gerrak, indarkeria, blokeoak, goseteak, desplazamenduak eta mehatxuak» ez direla etengo Palestinaren aurkako «genozidioa» behin betiko gelditu arte. Hala, euskal herritarrei eskatu die ez daitezela besoak gurutzaturik geratu.

Israel palestinarrei eraso egiten aritu da eta ari da, eta AEBen sostengua du, bere aliaturik handienarena. Hain justu, Gernika-Palestinak bi herrialde horiek jo ditu Palestinako egoeraren erantzuletzat, eta salatu du «inpunitate osoz» jarduten dutela. Plataformako kideek esan dutenez, «herriek dagoeneko epaitu dituzte», baina nazioarteko justiziak «bidea du egiteko oraindik», eta Israelekin eta AEBekin «harreman ekonomiko, komertzial eta politiko oro» haustearen garrantzia azpimarratu du. «Ezin dute inpunitaterik izan, ezta beren interes geoestrategiko eta ekonomikoengatik Iranen, Libanon, Kuban, Venezuelan edo Sudanen nahi duten erara jarduteko ere».

Manifestazioa eta kantaldia

Manifestazioa 17:30ean irtengo da Bulebarretik, eta ibilbidearen amaierara iritsitakoan, «genozidioaren eraginez hildako haurren omenezko eszenifikazio bat eta ekitaldi bat» egingo dute. Ondoren, Astigarragako Aiztondo, Donostiako Kantakidetza, Hernaniko Kantuz eta Orioko Salatxo abesbatzetako hainbat kidek Palestinako Sol Band Gaza taldearekin abestuko dute, Kursaaleko terrazan.

Palestinako haurren omenezko eszenifikaziora batzeko gonbita ere egin die herritarrei. Parte hartu nahi duen orok izena eman dezake Gernika-Palestinaren webgunean ala plataformaren posta elektronikoaren bidez. Ekintza horretan parte hartu nahi duenak beltzez jantzita joan beharko du; halere, Gernika-Palestinak manifestaziora joatekoak diren herritar guztiei eskatu die beltzez janzteko, «dolua» adierazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA