Palestinako Lurraren Eguna olibondo baten bueltan gogoratuko dute Iruñean

Olibondoak landatzeko deia egin zuen iaz Yala Nafarroa plataformak; eta Iruñeaz gain, Nafarroako beste «30 udalerri baino gehiago» batu zitzaizkion egitasmoari. Aurten batuko diren herrietan ere Lurraren Eguna gogoratuko dute.

Yala Nafarroako kideak aurtengo Lurraren Eguneko jarduerak aurkezten. YALA NAFARROA
Yala Nafarroako kideak aurtengo Lurraren Eguneko jarduerak aurkezten. YALA NAFARROA
14789412 kepa
Iruñea
2026ko martxoaren 25a
11:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Palestinako Lurraren Eguna gogoratzeko, Yala Nafarroa plataformak hainbat jarduera egingo ditu igandean, iaz Iruñeko Alde Zaharreko Piparrika baratze komunitarioan landatutako olibondoaren inguruan. Besteak beste, egile palestinarren poemen irakurketa, musika, aurreskua, Palestinako dantza tradizionalak eta mokadua izango dira, 12:00etan hasita. Bi egun lehenago, ostiralean, «Palestinaren aldeko lorategi bat» inauguratuko du Iruñeko Udalak Mendillorri auzoan, Yala Nafarroaren ekimenez. Ekitaldian, auzo horretako institutuko ikasleek eta irakasleek ere parte hartuko dute, egun hauetan memoriaren inguruko jardunaldiak egiten ari baitira.

Martxoaren 30ean, Palestinako Lurraren Egunean, 1976an palestinarren aurka egindako sarraskiaren eta eraso basatiaren urteurrena izaten da. Hain zuzen, aurten 50 urte beteko dira «Israelgo armadak sei palestinar hil zituenetik, indarrez lapurtu zizkieten lurrak berreskuratzeko protestan ari zirela», Yala Nafarroak gogoratu duenez.

«Okupazioa, apartheida eta genozidioa urteetan sufritu dituen herri baten biziraupena sinbolizatzen du olibondoak»

Yala Nafarroa

Iaz, olibondoak landatzea sustatu zuen Palestinarekiko elkartasun taldeak, eta, zehaztu duenez, Nafarroako «30 herrik baino gehiagok» bat egin zuten ekinaldiarekin. «Aurten beste herri asko batuko dira, Sartagudatik Pirinioetaraino», jakinarazi dute. Horiek horrela, Iruñean ez ezik, beste herrietan ere landatutako olibondoen inguruan gogoratuko dute Lurraren Eguna aurten.

Iraupenaren ikur

Yala Nafarroak gogorarazi du «familia askoren ekonomiaren sostengua izateaz gain, sustraitzearen eta leku eta komunitate bateko kide izatearen sentimenduaren oinarria» ere badela lurra Palestinan.

«Olibondoa bakearen eta bizikidetzaren sinbolo izan da beti. Baldintza zailetan errotzeko eta bizirauteko gaitasuna dauka. Okupazioa, apartheida eta genozidioa urteetan sufritu dituen herri baten biziraupena sinbolizatzen du olibondoak».

Gainera, gaitzetsi dutenez, azken hilabeteetan «areagotu egin dira Israelgo armadak, baina batez ere kolonoek, nekazari palestinarrei egindako erasoak». «Uztak suntsitu eta lapurtzen dizkiete, edo beren lurretara sartzea eragozten diete. Familia osoak kanporatzen dituzte zigorgabetasun osoz, eta, Israelgo Gobernuaren eta armadaren babesarekin, jipoitu edo zuzenean hiltzen dituzte».

Horregatik guztiagatik, Nafarroako gizarte osoa deitu dute Lurraren Eguneko ekitaldietan parte hartzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!