Palestinan hildako umeen izenak irakurriko dituzte ekitaldi batean, Bilbon

20.000 izen baino gehiago irakurriko dituzte, hamahiru orduko ekitaldi batean. Kultura, kirol eta gizarte arloetako lagun ezagun ugarik parte hartuko dute.

Ekitaldiaren antolatzaileak, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ekitaldiaren antolatzaileak, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko azaroaren 27a
18:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Palestinaren Aldeko Elkartasunaren Nazioarteko Eguna izango da etzi, eta horren karietara antolatuko diren mobilizazio guztien artean, oso berezia izango da Bilboko Plaza Biribilean egingo dutena: hamahiru orduko irakurraldi bat, Israelek Palestinan hildako haurrak gogora ekartzeko. Haur horien izenak irakurriko dituzte ahots goraz: 20.000 baino gehiago, guztira.

Antolatzaileen esanetan, «oroimen eta salaketa ekitaldi bat» izango da larunbatekoa, eta «indarkeria ikusaraztea, memoria kolektiboari eustea eta genozidioa berehala amai dadila exijitzea» izango du xede.

Bilboko Plaza Biribilean egingo dute, 09:00etan hasita, eta irakurraldiak 22:00ak arte iraungo du; hamahiru ordu, orotara. Tarte horretan, eta etenaldirik gabe, Israelek hildako haur palestinarren izenak irakurriko dituzte eragile, elkarte eta gizarte mugimenduetako ordezkariek. Azken datu ofizialen arabera, 69.799 dira azken bi urteotan Israelek hildako palestinarrak, eta horietatik 20.000 baino gehiago haur eta nerabeak dira. Bereziki, horiek izango dituzte gogoan Bilboko irakurraldian.

Kultura, kirol eta gizarte arloetako lagun ezagun ugarik ere parte hartuko dute ekitaldian. Horietako zenbaiten izenak eman dituzte Bilbon egindako aurkezpenean. Besteak beste, han izango dira Itziar Lazkano, Ramon Barea eta Olatz Ganboa aktoreak, Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorea, Pedro Ibarra EHUko Zientzia Politikoetako katedraduna, Gorka Urrutia Deustuko Unibertsitateko irakaslea, Imanol Zubero EHUko irakaslea, Carmen Oriol ikerlari eta idazlea, Emilia Arias eta Xabier Madariaga kazetariak eta abar.

Memoria eta ahotsa

«Ekitaldi honen bidez, memoria eta ahotsa jarri nahi dizkiegu indarkeriak erauzi dituen umeen bizitzei», azaldu dute antolatzaileek. Israelen «zigorgabetasuna» salatzeaz gain, antolatzaileek nabarmendu dute «premiazkoa» dela laguntza humanitarioa Palestinan sartu ahal izatea. Halaber, Palestinarentzat «askatasuna» eskatu dute berriro.

Antolatzaileen iritziz, beharrezkoa da nazioarteko zuzenbidea errespetatzea, eta, horretarako, ezinbestekoa da «sarraskiaren erantzuleak auzipetzea eta Israelen erabateko zigorgabetasuna amaitzea». Eskaera horiek ere aldarrikatuko dituzte larunbateko irakurraldian.

Bertan parte hartzeko deia egin diete herritar guztiei: «Ekitaldi kolektibo, ireki eta jarraitua izango da». Azaldu dutenez, denbora banatuta daukate irakurraldian parte hartuko dutenen artean, baina bertaratzen diren herritarrek ere aukera izango dute, nahi izanez gero, hildako umeen zerrendako izenak zenbait minutuz ahots goraz irakurtzeko.

Palestinaren aldeko Herritarren Kolektiboak antolatu du irakurraldia. Hainbat talde eta erakunde elkartu dira plataforma horretan: Begirune, CEAR, Lagun Artean Harrera Zentroa, CVX-Arrupe elkartea, Gernika-Palestina herri deialdia, Gerrarik Ez, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Pertsonalde eta Zehar-Errefuxiatuekin elkartea dira antolatzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.