Hego Euskal Herriko hiriburuak jendez bete dira Palestinaren alde

Goizean greba egin dute ikasleek. Arratsaldean, berriz, manifestazioak egin dituzte hainbat hiriburutan, Gazarako Mugimendu Globala kolektiboak eta Palestinarekin Elkartasuna taldeak deituta.

Flotillari babesa adierazteko eta Gazako genozidioa salatzeko Bilbon egindako elkarretaratzea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Flotillari babesa adierazteko eta Gazako genozidioa salatzeko Bilbon egindako elkarretaratzea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iratxe Muxika Karrion - Ion Orzaiz
Donostia
2025eko urriaren 2a
12:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelek Global Sumud elkartasun ontzidia atzeman eta bertan zihoazen ekintzaileak bahitu izanak haserrea piztu du Euskal Herrian. Goizean, ikasleek hartu dituzte kaleak, Ikasle Abertzaleek deituta. Iluntzean, berriz, manifestazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Gazarako Mugimendu Globala kolektiboak eta Palestinarekin Elkartasuna taldeak deituta.

Jendetza batu da Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko deialdietara, eta flotillaren aldeko aldarria zena genozidioaren aurkako eta palestinar erresistentziaren aldeko oihu bihurtu da. Iruñean, esate baterako, ordubete baino gehiago eman dute manifestariek Merindadeen plazan, Espainiako Gobernu ordezkaritzaren parean protestan. Eserialdia egin dute, eta trafikoa beste kale batzuetatik desbideratu behar izan du Iruñeko Udalak.

«Beste behin ere, Israelek eraso egin dio giza eskubideak babesten dituen nazioarteko mugimendu zibil bati», salatu du Gazarako Mugimendu Globalak, elkarretaratzeen bukaeran irakurri duten manifestuan. «Beste behin ere, gobernuak isilik dira, edo komunikatu hutsalak egiten dituzte, eta bitartean apartheid-ean eta okupazioan oinarritutako erregimen batekin armak salerosten dituzte, itunak negoziatzen dituzte eta harreman horiek normalizatzen dituzte». Mendebaldeko gobernuen «konplizitatea» txarretsi du mugimenduak.

Protesten deitzaileek nabarmendu dute Gaza «garbiketa etnikorako esparru erraldoi bat» dela gaur egun, eta herritarrak «itolarrira» kondenatu dituztela: «65.000 pertsona baino gehiago hil dituzte azken hilabeteetan, milioi bat eta erdi desplazatu daude, eta azpiegitura zibila —ospitaleak, unibertsitateak eta ur eta elektrizitate hornidura, besteak beste— suntsitu egin dute». Gazarako Mugimendu Globalaren esanetan, gainera, laguntza ematen saiatzen diren kolektiboak eta norbanakoak «etsai» bihurtu ditu Israelek, eta jazarri egiten die boza goratzen dutenei: «Horregatik esaten dugu isilik daudenak konplize direla, eta ontzidiaren aurkako erasoa nazioarteko elkartasunaren aurkako erasoa dela».

Azkenik, lau eskaera egin dituzte: bat, Gazako blokeoa bukatzea, giza laguntza sar dadin; bi, Global Sumud Flotillako kideak askatzea; hiru, Israeli armen enbargo bat ezartzea; eta lau, gobernu sionistarekin harreman oro etetea.

Ikasleen protestak goizean

«Ikasleok ez dugu genozidioa onartzen, ikasleok flotilla babesten dugu, ikasleok ez dugu Trumpen planean sinesten, eta, Palestina askatu nahi badugu, Israelen aurka borrokatu eta Israel suntsitu behar dugu». Ikasgaia argi dute ikasleek, baita horren inguruan hartuko duten jarrera ere: «Konplizeak seinalatu eta Palestinaren alde altxatu».

12:00etan Palestinaren aldeko pankartekin eta banderekin jantzi da Donostiako Bulebarra, hala agindua zuelako IA Ikasle Abertzaleak taldeak. Protesta abiatu eta berehala hasi dira ikasleak Palestinaren aldeko aldarriak oihukatzen: «Gora palestinar erresistentzia» eta «Palestina askatu», kasurako. Metro batzuk aitzinerago, ezkerretara sartu behar zutenean, oihuak ozenago hasi dira aditzen, eta horra zergatia: pintura gorria jaurti dute Mc Donald’s-en erakusleihora. 

Kalez kale iritsi dira Plaza Berriraino, eta suziriak botatzen hasi dira han: «Estatu sionista, estatu terrorista». Handik atera direnerako sorpresa bat topatu dute manifestariek parez pare: pankarta erraldoi bat Portaletako arkupetik zintzilik. Mendebaldeko agintarien aurpegi zuriketaren aurrean, Israel suntsitu!, jartzen zuen. 

(ID_17594078349515) (/EZEZAGUNA)
Ikasle Abertzaleen pankarta, Portaletan. BERRIA

Eta halako bertze hamaika aldarri oihukatzen ari zirela ailegatu dira Trinitate plazara, bukaerako ekitaldia egiteko hitzartua zuten lekura. Sirena, burdin eta kolpe hotsak aditzen ziren bozgorailuetatik, eta ikasleek banan-banan hartu dute bere lekua plazan. Are, frontoira ere sartu behar izan dute denak kabitu ahal izateko. Goiti begiratzen hasi dira denak; eta txaloka, jarraian. Ez zen gutxiagorako, lau bengala eta pankarta bati eusten ari baitziren lau kide: Israel suntsitu idatzia zuen kartelak, eta kide bakoitzak eskuan zuen bengalari kolore bateko kea zerion. 

Horren ondotik solastatu da IAko bozeramaileetako bat, eta «babesa eta elkartasuna» adierazi die flotillako kideei. Hain justu, Global Sumud Flotillari bart Israelgo armadak egindako erasoen harira antolatu baitute gaurko mobilizazioa. Alta, gaurko xedea bertze bat zen: konplizeak seinalatzea. «Bai, zuei buruz ari gara: CAF, EHU, Eusko Jaurlaritza, BBVA, Nafarroako Gobernua... zuek ere konplizeak zarete. Harremanak eten, orain!». 

Azpimarratu du 70.000 pertsonatik goiti hil dituela Israelek Palestinan eta «beste horrenbeste» ari direla gosez hiltzen. «Jada ari dira Trump eta Netanyahu Gaza konkistatu ondorengo planak egiten, baina Trumpen bakerako planak ez du ezer baketik, Gazaren okupazioa gauzatzeko plan kapitalista bat da, Palestinarrak kontzentrazio esparruetara bidali eta Gazan hotelak eraikiko dituzten enpresariak aberasteko». 

Zein da orain ikasleen zeregina? Bada, zerrenda bat egin du bozeramaileak jarraian, azaltzeko zein diren ikasleei dagozkien urratsak taldearen ustez. «Batetik, Israeli boikot egin behar diogu. Israelek, bizirauteko, ezinbestekoa du instituzioen eta enpresen babesa, eta hori galarazi egin behar dugu». Eta, bertzetik, Israelen aurka mobilizatzen jarraitzeko «beharra» azpimarratu du, Euskal Herritik ere Palestina defendatzen ari direnei «elkartasun osoa» bidaltzeko. Bide batez, larunbatean Iruñean eginen duten manifestazio nazionalera batzeko eskatu die manifestariei. 

«Esan genuen ontziari eraso eginez gero guk ere gure borroka gogortu egingo genuela, eta horregatik gaude hemen», erran du. «Ikasleok ezin dugu egoera hau onartzen jarraitu». Eskerrak eman dizkie Donostiako kaleetan pankartaren gibelean izan direnei, eta zin egin du «borrokatzen, exijitzen eta kalera ateratzen» jarraituko dutela ikasleek. «Gelditzea ez da aukera bat. Jarrai dezagun genozidioa salatzen eta konplize zikin guztien aurka kaleak hartzen; jarrai dezagun Israel suntsitu arte borrokatzen». 

EHU jopuntuan

Bart Israelgo armadak eraso egin zien Gazara zihoazen ontziei, eta erantzuna eman du gaur Euskal Herriak: herritarrak kalera atera dira egoera salatzera. Hain zuzen, Gazarako Mugimendu Globala kolektiboak ohar bidez egin du mobilizaziorako deia, erasoa salatzearekin batera: «Irmoki salatzen dugu Israelgo okupazio indarrek nazioarteko uretan Global Sumud Flotillaren aurka egindako atzematea eta erasoa, nazioarteko itsas zuzenbidea urratu baitu». «Inoizko hondamendi humanitariorik larriena» gertatzen ari dela erran dute, eta «erregimenaren inpunitatea» nabarmendu. Horren aitzinean, etena egin dute EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek, argudiatuta EHUk ere baduela zerikusia Israel Palestinan egiten ari den genozidioan. 

Donostiako Carlos Santamaria eraikinaren aitzinean bildu dira ikasleak, fin-finean, EHUk Israelekin duen harreman oro eten dezala exijitzeko. «Israel suntsitu, Palestina askatu», «Israel hiltzaile, CAF laguntzaile», «EHU, harremanak eten» eta «Gora palestinar erresistentzia» oihukatzen hasi dira 11:00ak jo bezain laster. Gazarako Mugimendu Globala kolektiboak deituta egin dute elkarretaratzea —Gasteizen eta Leioan ere (Bizkaia) egina zuten mobilizaziorako deia—. Donostiako mobilizazioan, EHUri eskatu diote ez dezala jarraitu Israel laguntzen, eta salatu dute goizean ikasle batzuk identifikatu dituztela mobilizazioen kartelak jartzen ari zirelarik. Gainera, esplikatu dute ekintzaileak ez direla «ausaz» identifikatzen, eta mekanismo hori Palestinaren aldeko mugimendu oro «bertan behera uzteko saiakera bat» dela. 

(ID_17594078692195) (/EZEZAGUNA)
EHUko ikasleak, gaur, Palestinaren aldeko elkarretaratzean, Donostian. BERRIA

Ikasle horiek ez dira identifikatu dituzten bakarrak izan. Aitzitik, antzeko zerbait gertatu da Gasteizen: Ongietorri Errefuxiatuak taldeak deituta, ehunka lagun joan dira gaur Gasteizko tranbiara, eta ordu erdiz eten dute haren zerbitzua, «CAFek Israelgo erregimen genozidarekin apartheidaren tren arina eraikitzen lagundu izana salatzeko». Parte hartzaile bat identifikatu dute denbora tarte horretan. 

Kolektiboak, goizeko elkarretaratzeak ez ezik, manifestazioak ere antolatu ditu arratsalderako, eta Palestinarekin duen konpromiso «hautsezina» berretsi du. Laguntza humanitarioa «berehala eta segurtasunez» irits dadila exijitu du, eta hilketak, lekualdatzeak eta «blokeo kriminalak» bukatzeko eskatu. «Beharrezkoa da Global Sumud Flotillako ekintzaile eta tripulazioko kide guztiak berehala askatzea». Hain zuzen, Euskal Herriko bortz hiritan eginen dituzte mobilizazioak, lelo komun batekin: Flotillari eraso diote; denok kalera! Iruñean, 18:30ean izanen da elkarretaratzea, Merindadeen plazan; Gasteizen, 19:00etan eginen dute manifestazioa, Bilbo plazatik hasita; Bilbon, giza katea egin dute 13:00etan, eta 19:00etan izanen da manifestazioa, Eusko Jaurlaritzatik udaletxeraino; Donostian, manifestazioa eginen dute 19:00etan, Bulebarretik abiatuta; eta Urruñan (Lapurdi), elkarretaratzea izanen da herriko etxean, 18:00etan. Biharko ere egin dute deia, Bilbon eginen duten prentsaurrekorako: 12:00etan, Ongietorri Errefuxiatuak elkartearen egoitzan. 

Mobilizazioak iragartzeaz gainera, horietara batu daitezela eskatu die kolektiboak herritarrei eta erakundeei, «nazioarteko elkartasun internazionalista, salaketa eta mobilizazioa indartzeko, Palestina aske aitortzea lortu arte». 

Palestinarekin Elkartasuna plataformak berehala egin du bat deialdiarekin: «Flotillaren aurkako erasoa salatzen dugu, eta gaurko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin». Elkartasuna adierazi die zerrendara ailegatzen saiatu direnei eta Israelek atxilotu dituenei, eta adierazi du Israelgo Estatua desegitea dela «Palestina askatzeko bide bakarra». Horrez gain, dozenaka herritan antolatu ditu kontzentrazioak, 19:00etarako, eta gogorarazi du «garrantzitsua» dela larunbateko manifestazio nazionalera joatea, Iruñera. 

Ikasleak, greban

IA Ikasle Abertzaleak taldeak, berriz, bat egin du Gazarako Mugimendu Globalak EHUn deitutako elkarretaratzeekin, eta, gainera, mobilizazio propioak egin dituzte goizean. «Ikasleok kaleak hartuko ditugu Israelen aurka, eta greba egingo dugu. Nahikoa da!», erran du taldeak. Babesa adierazi die flotillako kideei, eta «gogor» erantzunen dutela ohartarazi du. «Mendebaldeko agintariak seinalatu eta presionatu behar ditugu, haien zuriketa gogor salatzearekin batera».

Izan ere, salatu dute mendebaldea «genozidioaren konplize» dela, eta ikasleei ere badagokiela agintariak estu hartzea eta harreman oro eteteko «borroka» egitea. «Guk argi daukagu», erran dute kideek; «bi estaturen konponbidea iruzur hutsa da; Israelgo estatu sionista existitzen den bitartean, genozidioak eta Palestinaren okupazioak bere horretan jarraituko dute». 

Ikama taldea bihar aterako da kalera, Gazarako Mugimendu Globala kolektiboarekin bat eginda. «Urriaren 3an ikastetxeetan mobilizatzeko deia egiten diegu ikasle guztiei. Boikot Israeli, Palestina askatu!».

SALAKETA INSTITUZIOETATIK

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du ekintzaileak nazioarteko uretan atxilotzeak «nabarmen urratzen» duela nazioarteko itsas zuzenbidea. «Giza eskubideak eta nazioarteko zuzenbidea zorrotz errespetatzea eskatzen dugu. Eta behingoz amaitu dadila Gazako genozidioa», adierazi du.

 

Nafarroako Parlamentuan, berriz, osoko bilkura egin dute gaur, eta PSNko, EH Bilduko, Geroa Baiko eta Zurekin Nafarroako bozeramaileek salatu egin dute Israelgo armadaren erasoa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.