Palestinarekin Elkartasunak su etenaren «faltsutasuna» eta nazioarteko erakundeen «konplizitatea» salatu ditu

Plataformak elkarretaratzea egin du Iruñean. Bihar, berriz, kontzentrazioak eginen dituzte Baionan eta Bilbon, eta manifestazioak, Gasteizen eta Donostian.

Palestinarekin Elkartasunak deitutako elkarretaratzea gaur, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Palestinarekin Elkartasunak deitutako elkarretaratzea gaur, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko azaroaren 28a
19:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Su eten faltsu honek ezkutatu egin nahi du herri palestinarrak jasan behar duen kondena: sarraskiaren ala pixkanakako genozidioaren artean aukeratu behar izatea». Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideak kritiko mintzatu dira Palestinako su etenaz: erran dute hilabete eta erdi pasatu dela palestinar erresistentziak su eten akordioa sinatu zuenetik eta, hasiera-hasieratik, Israelek ez duela bere hitza bete. «Bonbak botatzen, jendea erailtzen eta blokeoak egiten segitu ditu, eta ia 500 palestinar erail eta milaka zauritu eragin». 

Plataformak kontzentrazioa egin du gaur iluntzean, Iruñean. Bertan azaldu dutenez, plan horrek «garbiketa etnikoari eustea» du helburu: «Israeldarren erasoak baimentzen eta estaltzen ditu, eta palestinar erresistentzia ez entzutera derrigortu, adostutakoa bete ez dutela leporatzeko mehatxupean». Are, taldearen irudiko, su eten «faltsu» horrek herri palestinarraren kondena ezkutatu nahi du: «Sarraskiaren ala pixkanakako genozidioaren artean aukeratu behar izatea».

Plataformako kideek erran dutenez, «sionistek inolako konplexurik gabe adierazi dute haien asmoa garbiketa etnikoa gauzatzea» dela. «Sionistentzat bi estaturen konponbidea ez da aukera bat, ez da inoiz izan, eta gaur egun argi eta garbi adierazten dute». 

Partizio plana

NBE Nazio Batuen Erakundeak partizio plana sinatu zuenetik 78 urte beteko dira bihar, hilaren 29an. Bada, taldearen irudiko, bi estaturena «irtenbide faltsua» da: «Bi estaturen konponbidea Israel legitimatzeko eta palestinar herria zokoratzeko trikimailua baino ez da izan. Soluzioa baino gehiago, arazoaren iturria da». 

Gogoratu dute partizio plana sinatu zutenean «sionistei palestinarren lurren %56 oparitu» zizkietela eta, gaur egun, lurraldearen %80 kontrolatzen dutela. «Zisjordanian anexio plan berriak onartu berri dituzte, Gazako lurrak bitan zatitu dituzte, Siriako eta Libanoko lurrak okupatzen dituzte eta Israel handiaren proiektua zabaltzen dute lau haizeetara», gehitu dute. Halaber, salatu dute NBEk zera onartu berri duela, estatubatuarrek Gaza okupatzea: «Honek berresten digu nazioarteko erakundeak mendebaldeko potentzia inperialisten mesedetara daudela: palestinar erresistentzia deuseztatu nahi dute Trumpen planaren bidez, eta NBE darabilte zilegitasuna lortzeko».

Hori guztia ikusita, bihar ere mobilizatzera dei egin dute, Palestina zatitu zutenetik 78 urte igaro diren honetan kalera ateratzeko arrazoiek «pisu handiagoa» dutelako.

MOBILIZAZIOAK

  • Baiona, Herriko Etxearen aitzinean. Elkarretaratzea, 16:00etan.
  • Bilbo, Arriagan. Elkarretaratzea, 12:30ean.
  • Donostia, Bulebarretik abiatuta. Manifestazioa, 12:00etan.
  • Gasteiz, Andra Mari Zuriaren plazatik abiatuta. Manifestazioa, 12:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.