Palestinako gatazka

Palestinaren aldeko elkartasuna eskatu dute LGTBI mugimenduko hainbat aktibistak

Ehun lagunek sinatutako manifestu bat aurkeztu dute, eta leporatu diote Israeli LGTBI harrotasuna «estrategia sionista» gisara baliatzea. Israeli «boikota» egiteko deia ere egin diote kolektiboari.

LGTBI aktibistek agerraldia egin dute gaur Bilbon. BERRIA
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko azaroaren 08a
18:06
Entzun

Ugariak izan dira azken asteotan Palestinari elkartasuna adierazteko Euskal Herrian antolatu dituzten protestak eta adierazpenak. Gaur, LGTBI zenbait aktibistak agerraldi bat egin dute, eta ehun lagunek sinatu duten manifestua aurkeztu dute. Bertan, mezu bat helarazi diote «LGTBI transmarikabibollo komunitate» osoari: «Egin boikot Israeli, antolatu estatu horren aurka Euskal Herrian dagoen mugimenduarekin, kendu mozorroa pinkwashing-ari, eta joan Palestinako herriari elkartasuna adierazteko mobilizazioetara». Ezinbestekotzat jo dute «jarrera aktiboa» izatea, baita «konfrontazio jarrera» ere: «Ez kontsumitu estatu genozidaren produkturik, eta ez egin turismorik kolonoen lurretan».

Sinatzaileek salatu dutenez, Israelek LGTBI harrotasuna «estrategia sionista» gisara baliatu du. Eta erantsi dute Israel egiten ari den genozidioa salatzen duten bakoitzean eta Palestinari babesa erakusten diotenean, iruzkin berak entzun behar dituztela: besteak beste, «zuek bezalako jendea aske bizi da Israelen», «palestinarrek ez dute LGTBI jendea onartzen» eta antzekoak. Ohartarazi dute hori «fikzio hutsa» dela: «Israelek herrialde zibilizatu eta irekia balitz bezala agertu nahi du, eta herri palestinarra barbarotzat eta LGTBI jendearen aurkakotzat aurkeztu nahi du».

Kontakizun hori Israelek palestinarren aurka egiten dituen «krimen kolonialak mozorrotzeko» diseinatutako estrategia da, LGTBI kideen iritziz. «Gure borroka, duintasuna eta historia erabiliz, makillatzen dute aspalditik egiten ari diren suntsitze etnikoa». Estrategia horrek izena ere badu: «Pinkwashing du izena, eta biolentzia koloniala da». Hortaz, euren jarrera argi utzi dute: «Guretzat ez dago harrotasunik, baldin eta genozidioa makillatzeko erabiltzen badute; ez gure izenean!»

Aktibistek salatu dute «Mendebaldeko arrazakeria eta islamofobia» ezkutatzeko modu bat dela Palestinako herria «LGTBIfobikotzat» jotzea, eta Israelgoa, berriz, «LGTBIfriendly-tzat». Are, adierazi dute kontakizun hori babestea ezjakintasunaren adierazle dela: «Palestinako LGTBI sareari eta borrokari buruz ezer gutxi jakitea da». Agerraldia erabili dute Palestinako «ahizpa transmarikabibollo palestinarrei» babesa eta «maitasun guztia» adierazteko: «Ez zaituztegu bakarrik utziko, inoiz ez».

Mendebaldea «konplize»

«Mendebaldeko» jarrera ere kritikatu dute aktibistek: «Israelgo indar politikoek Gazako herritarrak erabat desagerrarazteko mehatxua egiten duten bitartean, Mendebaldeko potentzia gehienek epelkeriaz jokatzen dute». Besteak beste, «israeldar buruzagi genozidekin» agertzen dira argazkietan, edo «tarteko bideak proposatzen dituzte». Horregatik, «Mendebaldea konplizea» dela nabarmendu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.