Palestinaren aldeko konpromisoak egonkortu eta gizarte zibilean zabaldu nahi ditu Gernika-Palestina plataformak, eta asmo horri bide emateko gogoeta kolektibo bat jarriko du martxan: azaroaren 8an abiatuko dute, Donostiako Miramar jauregian egingo duten ekitaldian. «Azken bi urteetan Euskal Herria solidarioa dela adierazi dugu, Palestinaren ondoan egon gara eta presio soziala sustatu dugu modu askotan. Baina herri gisa hausnarketa kolektibo bat egin behar dugu, bermatzeko konpromiso hori kristalizatuko dela eta etorkizunean ere gure zutoina izango dela», adierazi du Ibon Meñika plataformako kideak, gaur Bilbon egindako agerraldi batean. «Salto kualitatiboa» egin nahi dute, eta konpromisoak sektorez sektore hartu. Hedabideei aurrez aurre jarri die adibidea: «260 kazetari hil ditu Israelek azken bi urteetan. Zer egin dezakegu Euskal Herriko hedabideetatik? Badugu harremanik Israelgo enpresekin?».
Mobilizatzen jarraitzeko beharra ere nabarmendu dute, eta, ildo horretan, hurrengo protesten berri eman dute. Batetik, gehiengo sindikalak urriaren 15erako deitutako lanuzte orokorrarekin bat egin du Gernika-Palestinak, eta, horren harira, hilaren 17rako aurreikusitako Burrunba lapiko jotzeak 15era aurreratuko dituzte, «mobilizazio egun integralago bat» osatzeko. Hala, arratsaldeko mobilizazio nagusia izango dira udaletxeen aurrean deitutako protesta zaratatsuak, 19:30ean.
«Presio soziala eraginkorra da; modua ematen ari da Israelekiko harremanak apurtzeko, eta gehiengo soziala horretara bideratu behar dugu»
IBON MEÑIKA Gernika-Palestinako bozeramailea
Bestetik, euskal eta palestinar selekzioek azaroaren 15ean jokatuko duten futbol partidarekin «oso pozik» agertu da Meñika, Palestinaren aldeko elkartasunaren «argazki esanguratsuenetako bat» utziko duelakoan: «Mundu mailako eragina izango du partidak». Bada, partidaren aurretik kalejira bat egingo dute, Arriagatik San Mamesera. «Errespetuz baina festa giroan izatea nahiko genuke, bi herrien arteko samurtasuna ikus dadin».
Palestinarrek eskatua
«Palestinatik eskatzen dutena» eraman nahi du kalera Gernika-Palestina plataformak. Meñikak gogora ekarri du harremanetan daudela hango eragile politiko, sozial eta sindikalekin, eta haien bozeramaile izan nahi dutela: «Palestinarrei bakarrik dagokie haien herriaren etorkizunaz erabakitzea. Oinarrizkoa da hori, baina azken asteetan elementu hori alboratu egin da».
Ildo horretan, nabarmendu du Palestinako eragileek lehentasuna ematen dietela eskakizun batzuei: su eten berehalakoa eta mugagabea lortzea, Palestinaren aldeko neurriak indartzea —batik bat laguntza humanitarioa lehenbailehen helaraztea— eta Israel bakartzea. «Presio soziala eraginkorra da; modua ematen ari da Israelekiko harremanak apurtzeko, eta gehiengo soziala horretara bideratu behar dugu», adierazi du Meñikak. Elkarrizketa eta negoziazio politikoa ere defendatu ditu, «Bidea baitira berdintasun, askatasun eta duintasun printzipioen gainean eraikitako akordio bat lortzeko Palestinarentzat, eta apartheida amaitzea eta palestinarren eskubideak egikaritzea ekarriko baitute».
Laguntza humanitarioa lortzea, zaila
Palestinako eragileek ere kontatzen diete zein zaila den eguneroko bizimodua han. Eneko Gerrikabeitia Mundubateko presidente eta plataformako kideak azaldu duenez, jarduera humanitarioak egin ahal izateko giro egokirik ez da, eta erakunde gehienek nabarmen murriztu behar izan dituzte beren laguntza programak. Horren adibide da Gurutze Gorriak Gazako hirian dituen bulegoak aldi baterako itxi izana. Janaria ere oso gutxi heltzen da, eta erakunde humanitarioek kozinatutako jana ere urritzen ari da: «Irailaren 30ean zortzi sukalde zeuden martxan, eta egunero 45.000 otordu prestatzen zituzten. Abuztuan 29 sukalde ziren, eta 155.000 otordu prestatzeko moduan zeuden. Ogia egiteko gaitasuna ere oso mugatuta dago».
Euskal Herritik zuzeneko laguntza jasotzen du, besteak beste, Gazako Emakumeen Batasunak: «Israelek erakunde terrorista izendatu du, eta horrek asko zaildu du haiekin lan egitea, bankuetako kontuak blokeatuta dituztelako, bulegoak itxita, jazarpena jasaten dutelako...». Eta halere, lanean diraute, elikagaiak banatzen eta harreraguneak egiteko lursail bila: «Tapakiak, koltxoiak, kanpin dendak eta kozinatzeko gailuak behar dituzte».
«Mugikortasunarekin, baimenekin eta garraioarekin lotutako trabek eta oztopo finantzarioek atzerapenak eragiten dituzte, eta horrek, aldi berean, prozesu osoa garestitzen du»
ENEKO GERRIKABEITIA Gernika-Palestinako bozeramailea
Gazako Nekazarien Batzarrak antzeko zailtasunen berri eman die: «Laguntza humanitarioa banatzeko moduen militarizazioak eta azpiegitura garrantzitsuen aurkako erasoek asko mugatu die herritarrengana iristeko ahalmena. Mugikortasunarekin, baimenekin eta garraioarekin lotutako trabek eta oztopo finantzarioek atzerapenak eragiten dituzte, eta horrek, aldi berean, prozesu osoa garestitzen du». Gerrikabeitiak erantsi du erakunde horietako kideak ere bonbardaketen biktima direla eta, beraz, haien segurtasuna bermatzea dela oraingo lehentasunetako bat.
Izan ere, sarraskiak datu latzak uzten ditu egunero. Gernika-Palestinaren arabera, Gazako hamar biztanletik bat hil egin da edo zaurituta dago Israelen erasoen ondorioz; ehun haurretatik lauk gutxienez gurasoetako bat galdu dute; hamar eraikinetik zortzi kaltetuta edo eraitsia daude egun. Gerrikabeitiak oroitu du gose direla Gazan: «Ehunka palestinar pilatzen dira herritarrei jaten emateko sukaldeetan. Haurtxoek jaiotzean baino gutxiago pisatzen dute, desnutrizioaren ondorioz».