Palestinari elkartasuna adierazi diote Baionan, eta genozidioaren konplizeak seinalatu

Seiehun bat lagunek parte hartu dute Iparraldea Palestinarekin taldeak deitutako mobilizazioan. Israelekin lotura duten enpresak eta erakundeak boikotatzera deitu dute.

Iparraldea Palestinarekin kolektiboaren manifestazioa, Baionan. NAHIA GARAT
Iparraldea Palestinarekin kolektiboaren manifestazioa, Baionan. NAHIA GARAT
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko abenduaren 20a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Palestinako banderak airean eta kufijak soinean zeramatzatela egin dute protesta ehunka pertsonak Baionan. Elkartasuna adierazi diote Palestinako erresistentziari, eta proiektu sionista borrokatzen segitzeko borondatea agertu. Baionako geltokitik abiatu den manifestazioak geldialdi bat baino gehiago egin ditu, eta manifestariek Israel babesten duten enpresak seinalatu dituzte. «Palestinar erresistentziari elkartasuna adierazten segitzeko, garrantzitsua da Israelgo apartheida eta genozidioa babesten duten enpresen boikota indartzea», adierazi dute antolatzaileek.

83 kolektibo batu dira Iparraldea Palestinarekin taldeak egin zuen deialdira, eta seiehun bat herritar elkartu dira mobilizazioan. Ozen entzun dira Israel boikotatzearen eta Palestina askatzearen aldeko oihuak. Gogoan izan dituzte Gazako haurrak, eta genozidioa laguntzea egotzi diete oraindik ere Israel sostengatzen duten Mendebaldeko estatuei. Eguberri garaian, jende andana zebilen Baionako karriketan, eta interes berezia piztu du larunbat eguerdian antolatutako protestak. Manifestazioa aitzina joan ahala, martxara batu dira bat baino gehiago. 

Victor Hugo karrikan dagoen Carrefour saltegian egin dute lehen geldialdia. Pegatinaz josi dute erakusleihoa, dendako nagusiaren protestak goiti-beheiti. Burger King jatetxea eta Axa aseguru etxea ere seinalatu dituzte geroago. Aldi bakoitzean, enpresa horiek Israelekin dituzten loturak gaitzetsi dituzte: inbertsio ekonomikoak, armadari emandako laguntzak... Mobilizazioa aitzina joan ahala, gero eta handiagoa bilakatu da Frantziako Poliziaren presentzia, baina ez dute istilurik eragin.

Pegatinaz josi dute Baionako Victor Hugo karrikan dagoen Carrefour saltegia. NAHIA GARAT
Pegatinaz josi dute Baionako Victor Hugo karrikan dagoen Carrefour saltegia. NAHIA GARAT

Israelen kontrako boikota, desinbertsioa eta zigorrak eskatzen dituen BDS mugimenduak dei egiten die norbanakoei, enpresei eta
erakundeei Israeldik heldu diren produktuak ez erosteko, baina baita Israelgo Estatuak diruztatzen dituen edo harekin lotura duten erakunde akademiko, kultural, eta kirol arlokoekin, sindikatuekin eta elkarteekin dauden loturak hausteko ere. Dei horri babesa adierazi diete Baionan bildu diren herritarrek. Kanpainaren jomuga diren enpresen zerrenda ere eman dute, tartean izanik Carrefour, Teva, Zara, Reebok, Ahava, Axa, Keter, Soda Stream, Siemens, Coca Cola, Macdonald's, BNP, HP eta Microsoft. Eta horiek boikotatzea «garrantzitsua» dela erran dute. «Antolatzeko gaitasuna daukagu, genozidioan parte hartzen duten enpresei boikota eginez eta Israelekin lotura guztiak mozteko presioa eginez».

Horrez gain, antolatzaileek oroitarazi dute Ipar Euskal Herrian diren hainbat enpresak ere parte hartzen dutela Palestinaren kontrako genozidioan, Israelekin elkarlanean. «Hemen ere, armagintzako ekonomia genozida bat bada, enpresek baliatzen dutena, besteak beste hauek: Lauak, Safran eta Dassault. Armamentua sostengatzea genozidioaren konplize izatea da, baita arlo lokalean ere». 

Elkartasunari errepresioa

Nazioartean antolatu den elkartasun mugimenduan parte hartzera deitu dute Iparraldea Palestinarekin taldeko kideek, eta salatu dute hainbat ekintzaile errepresioa pairatzen ari direla. Aipamen berezia egin diete presondegian «egoera kritikoan» diren Erresuma Batuko zortzi ekintzaileri. «Epaiketarik gabe atxikiak dira preso, eta 46 egunetik gorako gose greba luzean sartuak dira», deitoratu dute. Halaber, gaitzetsi dute Erresuma Batuko Gobernuak Palestine Action taldea legez kanpo ezartzea erabaki izana parlamentuak hala eskatuta.

Baina oroitarazi dute Euskal Herrian ere errepresioa badela, eta adibide gisa aipatu dute Espainiako Vuelta blokeatzen aritu zirenen kontra egin izana. «Palestina askatzearen aldeko militante guztiei adierazi nahi diegu elkartasuna. Horregatik da inportantea Palestinako herriaren eta politika sionistak pairatzen dituzten guztien askatasunaren alde mobilizatzen segitzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.