Pandemia garaian lanetik bazterturiko artatzaileak: antagonisten borroka

Lau urte pasatxo dira Frantziako presidente Emmanuel Macronek iragarri zuela COVID-19aren kontrako txertoa hartzen ez zuten osasun langileei lana kenduko zietela. Geroztik, auzitara jotzea erabaki dute batzuek, kalte ordaina galdegiteko.

'Egun batean txalotuak, biharamunean lanetik baztertuak' dion mezua, osasun langileei derrigorrezko txertaketa ezarri zieten lehen egunean egindako protestan, 2021eko irailaren 15ean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
'Egun batean txalotuak, biharamunean lanetik baztertuak' dion mezua, osasun langileei derrigorrezko txertaketa ezarri zieten lehen egunean egindako protestan, 2021eko irailaren 15ean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2025eko abuztuaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bost urte dira COVID-19 pandemia abiatu zela, eta lau urte Ipar Euskal Herrian eta Frantzian txertatu gabeko artatzaileak lanik gabe utzi zituztela, diru sartzerik gabe, langabeziarako eskubiderik gabe, erretretarako kotizatu ahal izan gabe, eta jakin gabe noiz itzultzen ahalko ote ziren lanera. Eta bi urte dira lanera itzultzen utzi zituztenetik, 2023ko maiatzaren 15etik goiti. Kasuen arabera, prekaritateak hor segitzen du, hala ekonomikoak nola sozialak; kexuek, minak eta injustizia sentimenduak ere bai. Horregatik, beren artean biltzen jarraitzen dute: Kanboko (Lapurdi) Nora Goaz kolektiboa txertoa ez hartzeagatik pairatutako bazterketari eta bakartasunari buru egiteko sortu zuten, lanez gabetutako artatzaileen eta sustenguz hurbildutako zenbait herritarren artean. Urteetan, elkartasun eta hausnarketa gune bilakatu da.

Elisabeth Charriau, kolektiboko bilkuren ostatzaile izateaz besterik, bozeramailea ere bada. Psikologoa zen lanbidez, eta denbora erdiz aritzen zen Baionako psikiatria ospitalean eta beste erdiz Hazparneko zahar etxean (Lapurdi). Artatzaileei txertatzeko obligazioa ezarri zietelarik, 2021eko irailaren 15etik goiti, Charriauk uko egin zion, eta lana kendu zioten. «Ez nuen pentsatzen gai izanen zirenik bururaino joateko; erabat oker nenbilen. Gero, intelektualki buru egin nion: militantzia aktiboan sartu nintzen, eta, nolazpait, ona atera diot egoerari». 2023ko maiatzaren 15ean lanera itzuli ahal izan zelarik, bi lanpostuak berreskuratu zituen, eta 2024ko urtarrilean erretretan sartu zen. Kolektiboan aktibo izaten segitzen du geroztik.

(ID_17521609297725) Elisabeth Charriau
Elisabeth Charriau, lanez gabetu zuten garaian. LES ESSENTIELS

Florie Poeymirou hamalau urtez erizain izan zen harik eta Emmanuel Macronek 2021eko uztailaren 12ko iragarpen hura egin zuen arte. «Uste genuen sekula ez zirela ausartuko. Artatzaile eskasian ginen, eta, COVID-19arekin, gainera, konplikatua izanen zen. Izatekotan, pentsatzen genuen azarora edo abendura arte baztertuko gintuztela lanetik, eta orduan itzuliko ginela. Jendeen biziak salbatu nahi ditugulako, halere». Poeymirouk ez uste bezala, legea promulgatu eta langabetzeak egiazko bilakatu ziren. «Aberekeria izan zen».

Charriauren gisan, baina Zuberoan, Poeymirou ere engaiatu zen: Les Colibris Blancs elkartea sortu (Kolibri Zuriak, euskaraz) eta aitzina eraman zuen, lanik gabe utziriko beste zenbaitekin batera. Poeymirouk, aldiz, ez zuen bere lanpostua berreskuratu. Lanetik baztertu zutelarik bazuen bost urte kabinete berean erizain liberal ibiltzen zela, baina haustura hain izan zen bortitza, sekula ezin izan baita itzuli: «Lau ginen, eta biziki ongi moldatzen ginen; batzuetan lanetik kanpo ere ikusten genuen elkar. Igurikatu dut, igurikatu gobernuak iritzia alda zezala. Agorril erditsuan, erran nien txertaketa derrigorra heldu zela eta kanporatua izanen nintzela». Eta hala gertatu zen. «Ene hautua azaldu nahi izan nien, baina ez zuten jakin nahi. Erran zidaten txertatzeko obligazioa kendurik ere ezinen genuela berriz elkarrekin lan egin, txertatu gabeko lankiderik ez zutelako nahi...». Gaur egun, okindegi bateko saltzailea da Biarnon, «jendeen zerbitzura desberdinki», berak dioen bezala.

(ID_17521609753865) Florie Poeymirou
Florie Poeymirou, lanik gabe utzi zuten garaian. LES ESSENTIELS

Justizia ordain?

Charriauren eta Poeymirouren senarrak, ez bata, ez bestea, ez ziren txertaketa derrigortu zitzaien langileen artean. Charriauk dionaz, dena alda zezakeen horrek, lansaririk gabe presioa izugarrizkoa zelako, bizirautea kasik. David Guyon abokatuaren arabera, halako presioak arrunt deuseztatzen du txertatzeko aukera librea zelako ustea. «Lansaria kentzen badizute, langabezia, oinarrizko eskubideak eta alternatiba oro, orduan ezin genezake aipatu onespen libre eta argitu baterako aukerarik. Labana zintzurrean, erraten dizute heriotza sozial eta ekonomikora kondenatua zarela ezezkoa ematen badiezu».

Zenbaitek errekurtsoak aurkeztu dituzte horien borrokari segida emateko: Charriau horietakoa da; Guyon du abokatu. Badaki, alta, xantza gutxi dituela auzia irabazteko. Prozedura bakoitzak 3.000 euro gosta ditu, eta, auzia galduz gero, 4.000 euro pagatu beharko dizkie bere garaiko bi enplegatzaileei, abokatu gastuen ordaintzeko. Charriauk ez du «esperantza handirik», baina Guyon abokatuak, berak, bai.

Bere kabinetean, lanetik baztertutako laurehun bat lagun defendatzen dituzte, zuzenbide administratiboko printzipio bati jarraikiz: errurik gabeko erantzukizuna. Printzipio horren helburua ez da onarraraztea Frantziako Estatuaren falta, baizik injustizia egoera bat gertatu izana. «Erabaki bat ororen onetan hartu daiteke, eta halere ondorio larriak ekarri, hainbesteraino non ordaintzekoak bilakatzen diren. Hogei hilabete lansaririk gabe... Hori ez bada bizitza sozialaren hertsapen normalez harago doan kaltea, orduan zer izanen da?», galdekatu du. Bestela erranik, artatzaileek kalte ordaina jasotzeko aukera aurreikusten du, juridikoki ezaugarritutako akatsik ez bada ere.

«Lansaria kentzen badizute, langabezia, oinarrizko eskubideak eta alternatiba oro, orduan ezin genezake aipatu onespen libre eta argitu baterako aukerarik»

DAVID GUYONLanetik baztertutako hainbaten abokatua

Kalkulua hilabeteko soldata garbiaren biderkatzean oinarritzen da, Frantziako Gizarte Segurantzak ezarritako 1,72ko koefizienteaz, gizarte eta enpresa kargak, eta erretretarako eskubideak ere barne hartzen dituen soldata gordina ukaiteko. Adibidez, hilabetean 1.850 euro garbi errezibitzen zituen eta hogei hilabetez lanik gabe utzi zuten pertsona batendako, kalte ordainaren zenbatekoa 64.8750 eurokoa litzateke. Lanik gabe utzitako artatzaileei kalte ordainak banatu beharraz galdeturik, ez Frantziako Osasun Ministerioak eta ez Akitania Berriko Eskualdeko Osasun Agentziak ere ez dute, oraingoz, erantzunik eman; biak dira langabetzeak erabaki eta bideratu zituzten instituzioak.

Lanik gabeko hogei hilabeteetan, lanik gabe utzirikoen aldeko elkarteak mobilizatu ziren diru sartzerik ezak uzten zituen eskasiak konpentsatzeko. Larunbatero, Baionan eta Pauen (Okzitania) antolatuak ziren manifestaldietara joaten ziren Nora Goaz kolektiboa eta Kolibri Zuriak elkartea, bakoitza elkartasun kutxa batekin, gero berriz banatzen zituzten dohaintzak biltzera. Frantziako Askatasuna Osasuna sindikatutik ere dirua jasotzen zuten. Poeymirouk azaldu duenez, Kolibri Zuriak elkarteak «5.000 eta 6.000 euro artean» banatzen zituen hilabetero. Hogei hilabetez bildu ziren, «arratsalde osoak», eskaerak aztertu eta dirua banatzeko, dosier bakoitzaren arabera. «861 euro, edo 536. Biziki zehatza zen».

Altruismoa vs egoismoa

Legediaren aldetik, beraz, errurik ez du Frantziako Estatuak: ororen onetan zenaren arabera jokatu du. Baina, agerikoa denez, ororen ona ezin izan zen bakoitzarena izan. Injustizia sentimendu sakona eragin zien txertatu gabeei, lanik gabe utziriko artatzaileez haraindi. Haien zintzotasuna eta herritartasuna zalantzan jarri zituen Macron presidenteak berak, 2022ko urtarrilaren 4an, Le Parisien Aujourd’hui en France egunkariak egin zion elkarrizketan: «Ene askatasunak besteena mehatxatzen baldin badu, orduan arduragabea bilakatzen naiz. Arduragabe bat ez da herritar bat». Elkarrizketa berean, adierazi zuen «gogo handia» zuela txertatu gabeak «izorratzeko», eta estrategia horren helburua bizitza sozialeko lekuetara sartzea murriztea zela —jatetxeak, zinemak, kafetegiak, liburutegiak—, txertoa hartzera bultzatzeko.

Mezua argia zen: derrigortze formalik ez, baina presio nahikoa azkenean amore eman zezaten. Presidente tonua erabat bazter utzirik eta txertatu gabeak «izorratzeko» gogoa asumiturik, Macronek atea zabal ireki zien diskurtso zatitzaileei. Hortik goiti, hainbat hedabidek kargu hartu zieten lanetik bazterturikoei, argumentuen aniztasunari edo kasu indibidualen konplexutasunari leku gutxi eskainirik. Haatik, txertatu gabeen bazterketa ondorioztatu zuen komunikazio kanpaina ez zen 2022ko urtarrilean hasi. Urte bat lehenago, jadanik, txertaketarako kanpaina abiatzearekin batean, iritziak emeki-emeki polarizatu ziren: herritar onen eta txarren edo «arduragabeen» arteko zuloa zabalduz joan zen. Kanpainetako leloek zatiketa hori indartu zuten, txertoaren hautua hautu altruista gisa definitzen baitzuten. Horrela zioten: «Enetako ez badut egiten, orduan ene senideendako»; «Denak txertatuak, denak babestuak».

Duda zabaldu zen: nolatan erabaki zuten osasun profesional horiek bat-batean zientziari uko egin eta herritarrak arriskuan jartzea, jakinez eta, berez, gaixoei babesa ekarri behar dietela? Denak al ziren konplotistak? Ondorio hori, sinplista eta karikaturazkoa izanik ere, anitz zabaldu zen, batzuetan arintasun kezkagarriarekin. Artatzaile bakoitzak bere arrazoiak zituen txertoa ez hartzeko, baina gutxi utzi zaie horien azaltzeko aukera. Jean Louis Blondeauk Les Essentiels webgunea horregatik sortu zuen: ibilbideak indibidualizatzeko. «Jendeak homogeneotzat jotzen baitzituen lanik gabe utzirikoak: txertoen kontrakoak ziren [COVID-19aren txertotik harago], hau eta hura». Bere webgunean, haatik, lanetik bazterturiko ehunka lagunen argazkiak agertzen dira, bakoitzak ez txertatzeko zituen arrazoiak kontatzen dituen lekukotasun batekin. Are, COVID-19aren kontrako txertoari espezifikoki lotuak ziren txertatu gabeen dudak, gehienetan: haren garapenaren abiaduragatik, mRNA txertoen teknologia berriaren inguruko dudengatik, bazter ondorioei zegozkien kezkengatik edo osasun gogoeta pertsonalengatik...

Charriauren kasua sinplea zen: «sekula» ez du sinetsi «hain fite» fabrikatutako txerto batean, «gaixotasun ezezagun baterako sortua», gainera. Poeymirouk berak ezin zuen txertaketa prozesua ulertu: «Egin zuten birusa zirkulatzen ari zela: arriskutsua da. Gripearen kontrako txertoa negua baino lehen ematen da; bestela, litekeena da pertsonak birusa ukaitea eta, orduan jartzen badiogu txertoa, gripe larria eragin diezaioke». Txertoari lotutako bazterreko ondorioez ere interesatu zen, gero.

«Arrazoi pertsonalak»

Baziren txertoa ez hartzeko «arrazoi pertsonalak» zituztenak ere. L. ikastetxe bateko psikologoaren kasua zen, hain zuzen —ez du izenik eman nahi izan—: «Gaixotasun autoimmuneak dituen ama bat dut, plaka esklerosia, zehazki, eta B hepatitisaren kontrako txertoarekin lotura ote duen susmoa dago. Ez dut erraten lotura horretan sinesten dudanik, baina amaren gaixotasuna zaila izan zaigu, eta, beraz, dudak nituen». Dena dela, ez du berez inportarik zehazki zergatik ez zuen txertoa hartu, «bizitza pribatuari» zegokiolako bere ustez. Halere, L.-ren erabakia eta beste anitzena jakitera eman zen, jendea lanetik baztertzen hasi ziren lehen egunetik goiti artatzaileen txertaketa egoera informazio publiko bilakatu baitzen. L.-k nagusien mezua jaso zuelarik galdegiteko igor zezala COVID-19aren kontrako txertoa egina zuela erakusten zuen agiria, beste sei pertsona mezuaren kopian sartuak ziren. «Sentsazioa ukan nuen larrera botatzen nindutela». 

Egoera horiek beste argudio bat ematen diote Guyon abokatuari. Txertatu gabeko artatzaileen langabetzea manatzen duen 2021eko agorrilaren 5eko legea ad hoc lege bat da: egoera jakin baterako bereziki idatzitako akta bat da, eta haren estatutuak lege jakin horren barnean besterik ez daitezke aplikatu. Zenbait abokatuk galdegin izan dute lege horrek nola bat egin zezakeen ordena publikoko arauekin, zeinak saihestu ezin diren derrigorrezko arauak diren. «Epaileek erran digute ez direla legeen legezkotasunaren epaile, eta, beraz, ez dagokiela ebaztea lege bat beste lege batekin bateragarria denetz». Bestela erranik, arauen hierarkian maila berekoak dira. Guyonen iritziz, halere, 2021eko abuztuaren 5eko legeak «oinarrizko eskubideak aplikaezinak izatea eragiten du; sekretu medikoaren eskubidea, erraterako».

«Ene bizitza pribatua zen; sentsazioa ukan nuen larrera botatzen nindutela»

L. Psikologo langabetu ohia

Izan ere, txertorik ez hartzeko erabakia plazaratu bezain laster, hots, sekretu medikoa hautsi bezain laster, artatzaile horiek zientziaren eta moralaren etsaitzat hartu zituzten anitzek. Azpimarratzekoa da, halere, COVID-19aren kontrako txertoak ez zirela ez sortuak eta ez frogatuak izan birusaren transmisioa ezeztatu edo mugatzeko. 2021eko urtarrilean, txertaketa hasi zenean, Sendagaien Europako Agentziak (EMA) adierazi zuen birusaren transmisioari buruzko datuak «ahulegiak» zirela; berantago ere, zehaztu zuen «pandemiaren hasieran autoritateek gaixotasunaren kontrako txertoen eraginkortasunari buruzko ikerketak lehenestea» galdegin zietela. 2022ko urrian, Janine Small Pfizer enpresako zuzendariak berak Europako Parlamentuan baieztatu zuen bere enpresaren txertoak ez zituztela birusaren transmisioari begira frogatu merkaturatu aitzin. Ez zen ezkutuko informazioa, baina diskurtso nagusietatik kanpo egona zen.

Hain zuzen, lanik gabe utziek behin baino gehiagotan salatu izan dute gertatu zaienaren bidegabekeria, jakinez eta  ez zutela frogatu txertoak transmisioaren kontra zuen rola: txertoaren helburu lehena gaixotasunaren forma larrietatik babestea baitzen, kontsideratzen zuten norbanakoari zegokiola norberetako erabakitzea.

Garai hartatik, lanetik baztertuek oraino bizirik dute injustizia sentimendua. Gertakarien gainetik pasatzen lortu dutela erraten dutenen artean ere, aitorpenerako esperantza dute anitzek. Eta, aitortza bat igurikatzeaz gain, beste aldarri kolektibo nagusiarekin egiten dute aitzina:  2021eko agorrilaren 5eko legea osoki indargabetu dezatela, orainokoan aldi baterako besterik ez baita kendua izan; dekretuz berraktibatu dezakete, dela txertatu gabeen langabetzeko edo etorkizuneko bestelako testuinguru baterako. 2021eko agorrilaren 5eko legea indargabetzeko lege proiektua Frantziako Asanblea Nazionalak onartu zuen lehen irakurraldian, baina Gizarte Gaietarako Batzordea testua oraino aztertzen ari da.

Kalte ordainei dagokienez, ez da jakina noiz iraganen diren auziak; justizia bere bidea egiten ari da, emeki-emeki. Orduan, borrokak aitzina segitzen du oraingoz: epaitegietako aretoetan ez ezik elkarte bizian ere bai, batzuen eta besteen zauriak sendatzeko bidean.

Kronologia

  • 2021eko uztailaren 12a. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak telebistan iragarri zuen COVID-19aren kontrako txertoa hartzen ez zuten osasun langileak lanik gabe utziko zituztela aldi baterako. 
  • 2021eko agorrilaren 5a. Artatzaile haiek lanik gabe uztea arautu zuen legea promulgatu zuten. 
  • 2021eko irailaren 15a. Data horretatik goiti sartu zen indarrean 2021eko agorrilaren 5eko legea, eta txertatu gabeko artatzaileak ezin izan ziren gehiago lanera joan.
  • 2023ko maiatzaren 15a. Egun hartatik goiti berriz onartu zaie artatzaile txertatugabeei lanera itzultzea, langabetzeak hasi eta hogei hilabetera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.