Koronabirusa

Txertatu gabeak «izorratzea», Macronen «estrategia» polemikoa

Txertaketa ziurtagiria ezartzeko lege proiektuaren eztabaida atzeratu dute Frantziako Asanblean

Emmanuel Macron, Frantziako lehendakaria. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
«Txertatu gabeak izorratzeko gogoa dut». Hara zer erran duen Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak Le Parisien kazetan egindako elkarrizketa batean.Izan ere, Jean Castex Frantziako lehen ministroak iragarri zuen osasun ziurtagiria txertaketa ziurtagiri bilakatuko zela birusaren oldarraldiari aurre egiteko. Txertatu gabeak, hala, ezin izanen dira sartu hainbat leku publikotara, proba negatiboek ez baitute balioko. Bada, Macronek neurri horri egin dio erreferentzia txertatu gabe dauden herritarrak «izorratzeko» asmoa duela erratean; «hori da estrategia», berretsi du.

Erreakzio soka luzea eragin du Frantziako lehendakariaren esaldiak, eta eragina izan du exekutiboak finkatutako egutegian ere. Frantziako Asanbleako diputatuak txertaketa ziurtagiriaren lege proiektua eztabaidatzen ari zirela, saioa eten behar izan zuten herenegun, «sanoki eztabaidatzeko baldintzak» betetzen ez zirela argudiatuta.

Zehaztekoa da, gainera, iragan astelehenean diputatuek lege eztabaida hasi zutenetik saioa moztu zuten bigarren aldia izan zela. Eztabaidaren lehen egunean, erraterako, diputatuek ez zuten onartu saioa gauerditik goiti luzatzea. Mozketa horien eraginez, baliteke txertaketa agiriaren legea atzeratzea, urtarrilaren 15etik goiti indarrean sartzekoa baitzen. Atzo arratsaldean ekin zioten berriz eztabaidari. Trenkatu ondoan, Frantziako Senatuak onartu beharko du, eta zehaztekoa da noiz den indarrean sartuko.

Oposizioko alderdiek, oro har, Frantziako lehendakariaren «mespretxua» salatu dute, batik bat. Erran behar da Frantziako lehendakaritzarako bozak datorren apirilean izanen direla, eta, kanpainaurrearen testuinguruan, erreakzio anitz sortu dituela Macronen erranaldiak.

Koloniak osasun larrialdian

Frantziako Gobernuak, bestalde, atzo erabaki zuen osasun larrialdia berriz ere ezartzea Frantziaren kolonietan: Guadalupen, Guyana Frantsesean, Mayotten, San Bartolomen, eta Saint-Martinen. Iragan abenduaren 27tik, gainera, Reunionen eta Martinikan ezarrita dago. Hala, Frantziako Gobernuak eskumena izanen du etxeratze agindua eta konfinamenduak ezartzeko lurralde horietan. Zehaztekoa da txertatuen ehunekoak apalak direla herrialde horietan: %65ekoa, gehienez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.