Gazteek pantailekiko eta sare sozialekiko duten menpekotasunaz eta horrek buru osasunean duen eraginaz arituko dira gaur Maitane Ormazabal psikologoa, Iñigo Martinez Peña filosofo eta irakaslea eta Mirene Beriain Osakidetzako lehen mailako arretako pediatra, BERRIAk Donostiako San Telmo museoan 18:30ean egingo duen mahai inguruan: Pantailetara lotuak. Zenbateraino eragiten diote pantailek gazteen buru osasunari?; Jakes Goikoetxea kazetariak gidatuko du saioa, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da BERRIAn. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Laboral Kutxak eta San Telmo museoak babestuta egingo dute.
Beste gorputz atal bat bihurtu da smartphonea: deiak egiteko eta jasotzeko ez ezik, kontsultarik arruntena egiteko, hitzorduak gordetzeko eta nonahi gertatzen denaren berri izateko ere erabiltzen da gaur egun; eta bertan deskargatutako aplikazioen eta sare sozialen bidez, gizartea inoiz baino konektatuago dago. BERRIAk mahai inguruaren harira 30 urtetik beherako BERRIAlagunen artean egindako inkestaren emaitzek hala berretsi dute; hots, %57k aitortu dute haientzat garrantzi handia edo oso handia dutela sare sozialek, eta %98k erabiltzen dituzte.
Sare sozialek eragiten duten menpekotasunaren inguruan eta horrek izan ditzakeen ondorioez arituko dira, hain justu, Ormazabal, Martinez eta Beriain, baita afera horri aurre egiteko hartu beharreko neurriez eta politikez ere. Mahai inguruaren aurretik BERRIAri egindako adierazpenetan, Ormazabalek azpimarratu du gazteek garatzeko ezinbestekoa dela besteekin aurrez aurreko harremanak izatea. Halaber, Martinez kezkatuta dago smartphoneen gehiegizko erabilera dela eta, eta arautzearen aldekoa da. Haren aburuz, «oso arin sartu da digitalizazioa, berrikuntza ororen gurtza gisa, eta aurreikusi gabe epe luzera zer ondorio izan ditzakeen». Beriain ere antzera mintzatu da. Azaldu duenez, dagoeneko badago ebidentzia zientifiko nahikoa esateko gailu horiek, ezagutzen ditugun moduan eta erabiltzen diren moduan, eragina dutela hainbat garapen prozesutan, buru osasunean eta alor fisikoan; are, osasun publikoko arazotzat jo du, hartu duen tamaina ikusita.